'24 emakume' erakusketa Seber Altube plazara iritsi da

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 5a, 15:23

Bibliotekako zuzendari Asun Agiriano, erakusketan.

Arrasateko Udal Bibliotekak eta Jakiundek elkarlanean antolatuta, zientzia, arte eta letra munduko 24 emakume akademiko ardatz dituen erakusketa izango da ikusgai gaurtik martxoaren 27ra arte. Gainera, horietako batek, Nora Alonso zientzialariak, hitzaldia egingo du hilaren 13an Kulturaten.

Jakiunde akademiak sortutako erakusketaren helburua da gizarteari erakustea zientzia, arte eta letra munduan ari diren emakume horien errealitatea, modu horretan, etorkizuneko belaunaldiak inspiratuz. 

Hala, Bibliotekako zuzendari Asun Agirianori garai ezin hobea iruditu zitzaion martxoa erakusketa Arrasaten jartzeko. "Iazko udan, Donostiako San Telmo museoko plazan zegoela ikusi nuen eta Jakiunderekin harremanetan jarri nintzen. Klaustroan jartzea zen asmoa, Martxoaren 8aren testuinguruan, baina oso beteta egon ohi da, garaiz ibilita ere, eta ikusi genuen Txikitxu-Arrostaitzen erakusketa zegoela. Beraz, Seber Altube plazan jartzea erabaki genuen. Izan ere, leku askotan kanpoan jarri izan dute eta aire librean egoteko prestatuta dagoen erakusketa bat da", dio.

Bide batez, aitortu du bibliotekatik irteteko aukera ematen dietela halako ekintzek eta horretan ere saiatzen direla, biblioteka herrira zabalduz. "Modu horretan, gure zerbitzua osatzen dugula uste dugu, irakurle ez direnendako ere interesa eduki dezaketen gaiak landuz". 

150 kiloko hamabost panel

Erakusketak hamabost panel hirukoitz ditu eta horietako bakoitzak 150 kilo dituela nabarmendu du Agirianok. Jakiunderen erakusketa izanik, zientzia, arte eta letra munduko 24 emakume akademikori buruzko erakusketa da eta haiei buruzko informazioa hiru hizkuntzatan dago: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. "Kalitate handiko argazki batekin, emakume horien biografia jasotzen dute panelek". 

Hainbat herritar, erakusketa ikusten.

Martxoaren 13an, hitzaldia

Erakusketa osatzeko, hitzaldi bat ere egingo dute, martxoaren 13an, 18:00etan, Kulturaten, Nora Alonso zientzialariaren eskutik –gaztelaniaz–. "Esther Ferrer Arrasatera ekartzea nahi genuen, baina Parisen bizi da eta esan ziguten ezinezkoa izango zela. Beraz, 24 emakume horien bideoak ikusten aritu ginen, ea zein izan zitekeen aztertzeko. Nora Alonso asko gustatu zitzaigun eta baiezkoa eman zigun", dio Agirianok. "Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlaria eta irakaslea da eta Iruñetik dator".

Zientzietan doktorea da Alonso, baita nekazaritzako elikagaien sektoreko ekintzailea, enpresaria eta inbertitzailea ere. "Janariaz, nekazaritzako elikagaien sektoreaz, aurrean duen erronkaz, sektoreak bizi duen eraldaketaz eta ingurumenean, gizartean eta ekonomian duen inpaktuaz hitz egingo dugu".

Horrekin batera, elikadura eta nutrizioa ardatz dituen interesgunea ere jarri dute bibliotekan, gai horri buruzko hainbat libururekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak