"Enpresetara adimen artifizialeko soluzio berritzaileak eraman eta haien eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetzen laguntzeko" sortu dute Innkia Ikerlanek eta Laboral Kutxak, Mondragonen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Ion Etxeberria Ikerlaneko zuzendari nagusiak enpresa berria berezia egiten dituen hiru ezaugarri aipatu ditu: "Alde batetik, enpresa honek jardungo duen esparrua da: adimen artifiziala. Iraultza teknologiko batean murgilduta gaude, eta oso bizkor garatzen ari da. Bestetik, nola sortzen den. Izan ere, ez da ohikoa finantza-erakunde batek eta zentro teknologiko batek indarrak batzea enpresa berri bat sortzeko; eta hori gertatu da Innkian. Historia, filosofia eta balio amankomunak ditugu, eta erronka teknologikoetan gure indarrak batu nahi izan ditugu. Azkenik, Innkiaren helburua ere bada enplegua sortzea, gure lurraldean errotua egotea eta, hori guztia, ikuspegi sozial batetik egitea".
Gorka Artolak, Innkia-ko zuzendari nagusiak adierazi du proiektua sortu dela "adimen artifizialaren iraultzaren olatura igo eta bertan ondo surfeatzeko asmoarekin, gure tokitik; Estatu Batuetara edo Txinara joan behar izan gabe, gure izateko modua kontutan hartuta". Gehitu du enpresetan, eta oro har gizartean, lagunduko duela "sortzen ari diren tresna eta egiteko modu berriak ondo eta segurtasunez erabiltzen".
Laboral Kutxarekin elkarlana
Ikerlanekin batera, Laboral Kutxa ere arduratu da Innkia enpresa sortzeaz; izan ere, proiektua finantzarioki babesteaz gain, "Innkiaren esku jartzen ditu bere irtenbide teknologikoak inplementatzeko hainbat erabilera-kasu". Laboral Kutxako zuzendari nagusi Xabier Egibarrek azaldu du adimen artifizialak finantza-sektorean izango duen eraginaren garrantzia: "Laboral Kutxak asmo handiko agenda eraldatzailea du teknologiaren, datuen eta zibersegurtasunaren arloetan, eta adimen artifizialak funtsezko zeregina izango du". "Laboral Kutxak lehen urratsetan, bezero gisa, finantza-euskarria eta bideragarritasuna emango dizkio, ezagutza partekatzeko eta beste enpresa batzuei zerbitzua emateko. Azken helburua adimen artifizialaren eremuan proiektu kooperatibo indartsu bat hedatzea da, gure lurraldeko profesionalak garatu ahal izateko", gaineratu du.
Mondragon eta Eusko Jaurlaritza bidelagun
Innkiako zuzendari nagusi Gorka Artolak adierazi du "plazerra" izan dela bidelagun izan dituzten babesleekin proiektua aurkeztea; izan ere, Ikerlanek eta Laboral Kutxak Mondragon Taldea eta Eusko Jaurlaritza izan dituzte bidelagun Innkia proiektua sortzeko orduan. Mondragoneko lehendakari Pello Rodriguezek adierazi du gaur egungo industria "eraldatu" egin behar dela; eta "negozio berriak" sortu behar dituztela "ez gauden sektoreetan eta teknologia berrietan; Estatu Batuekin eta Txinarekin lehiatu ahal izateko". Zentzu horretan, onartu du Innkiaren kasuan "lanketa" egiteko dagoela, baina "etorkizuna oparoa" dela. Rodriguezek ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarainek hartu du hitza, eta zera adierazi du: "Munduan azkar ibili behar da, eta gu azkar gabiltza. Hala ere, errealitateak erakusten du pazientzia ere izan behar dugula, eta erakundeetan kultura aldaketa bat ere beharrezkoa da. Pazientzia eta bizitasuna behar ditugu, eta beharrezko oreka lortuz gero, oso onak izango gara".