Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Sare Antifaxistak elkarlanean antolatuko saioan hainbat herritar batu dira, eta adi-adi entzun dituzte Renobalesek kontatutakoak. Zierbenako idazleak duen zerrendaren arabera 80 bat arrasatear izan ziren Eusko Abertzale Ekintzako batailoietan aritutakoak. "Olabarri eta Eusko Indarra batailoietan hainbat arrasatear egon ziren. Aipagarriena Gabriel Goitia izan zen. EAEko militantea eta Frankismoaren kolpe militarraren erresistentzian Olabarri batailoiko komandantea izan zen", aipatu du Renobalesek.
Hala, Kulturaten batutako herritar asko Goitia familiako kideak izan dira. Elkarren artean agurtu eta besarkatu ostean, gustura entzun dituzte beraien etxekoen gainean Renobalesek kontatu dituenak. "Gerran egon ziren pertsona guztiei egiten zaien errekonozimendua da. Asko gozatzen ari da gure ama. Aita Frantziara noiz iritsi zen eta elkar nola ezagutu zuten oraindik gogoratzen du. Aspaldian ez ginen Arrasatera etortzen, eta, egia esan, gustatu zaigu batailoi haietan egondako pertsonez oroitu izana", esan dio GOIENAri Gabriel Goitiaren alaba Loretxuk.
Alderdiaren garrantzia
Batailoietan egondako arrasatearrak gogora ekartzeaz harago, Olabarri, Eusko Indarra eta Zapadores 8 liburuekin beste helburu bat bete gura du Renobalesek: EAEren garrantzia erdigunean ipini. "Eusko Abertzale Ekintzari dagokion guztia oso ezezaguna da. Mundu nazionalistaren barruan garrantzi ideologiko handia izan zuen arre, % 90ean ezezaguna da. Horregatik, alderdi politikoa zer zen, euskal nazionalismoaren barruan zer garrantzi ideologiko zuen eta batailoien jokabideari buruzko hitz egiten dut liburuetan".