Udaleku irekiak ere prest ditu Txatxilipurdik

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 18a, 17:01

Txatxilipurdiko hezitzaileak, gaur, udaleku irekiak aurkezteko egin duten ekitaldian.

Joan den astean aurkeztu zituzten udaleku itxiak eta gaur, aldiz, irekien berri eman dute. Ekainaren 30etik uztailaren 18ra egingo dituzte eta dagoeneko eman daiteke izena, apirilaren 13ra arte. "Ez da izen-emate mugarik egongo, betiere, hauek epe barruan egiten badira", azaldu dute Txatxilipurditik.

Udaleku irekietarako izen-ematea zabaldu du Txatxilipurdi Elkarteak. "Aurten ere, azken 37 urtetan zehar antolatu izan ditugun bezala, Arrasateko haur eta aurre-nerabeei udaldi magiko eta ahaztezin bat eskaini nahi diegu", adierazi dute elkarteko kideek.

Txatxilipurdik aisialdi hezitzaile euskalduna lantzen du eta "bizitzarako beharrezko diren balio eta gaitasunak" garatzen lagundu, "hala nola euskaltzaletasuna, parte-hartzea, autonomia, naturarekin harremana, aniztasuna eta feminismoa". Aurkeztu berri dituzten udaleku irekiek ere balio horietatik edaten dute, "egunerokotasunetik irtenda, uda garaian esperientzia berriak bizitzeko eta harreman berriak sortzeko aukera eskainiz".

2 eta 12 urte arteko haur eta aurre-nerabeentzako hiru asteko eskaintza da aurkeztu dutena. "Lagun berriak ezagutuz, oporraldiari hasiera bikaina emango diogu", diote. "Arrasateko kale eta naturguneetan barrena, besteak beste egun-pasak, mendi bueltak eta ur-jolasak izango dituen eskaintza dibertigarri eta dinamikoa sortuko dugu".

Hiru talde osatuko dituzte

Ohi moduan, ekintzetan taldeak nahastuko dituzte "adinartekotasunak eskaintzen duen aberastasunari balioa emateko asmoz, baita harreman berriak sortzeko ere". Hala, hiru talde osatuko dituzte. Bilin Bolonka taldea 2019 eta 2022 urte artean jaiotakoentzat izango da, Haur Hezkuntzakoentzat, eta 10:00etatik 13:00etara elkartuko dira. Izen-ematea 123 euro izango da.

Bihurrikeixetan taldeari dagokionez, 2016 eta 2018 urte artean jaiotakoentzat izango da, LHko 1, 2 eta 3. mailetakoentzat. Hor, goizez edo egun osoz eman ahalko da izena. Lehenari dagokionez, 10:00etatik 13:00etara izango da eta izen-ematea, 146 euro. Bigarrenean, berriz, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egingo dituzte ekintzak eta izen-emate 169 euro izango da. Edozelan ere, egun osoko taldea sortzeko gutxienez hamar haur beharko dituzte.

Azkenik, Erokeixetan taldea, 2013 eta 2015 urte artean jaiotakoentzat izango da, LHko 4, 5 eta 6.mailetakoentzat. Astean bi egunez 10:00etatik 17:00etara elkartuko dira eta beste hiru egunetan, 10:00etatik 13:00etara. Izen-ematea 169 euro izango da.

Izena emateko, hainbat bide

Urtero moduan, Arrasateko hiru gunetan parte hartu ahal izango dute haurrek: Musakolan, erdigunean eta San Andresen. Horretarako, izena eman beharko dute, apirilaren 13a baino lehen.

Nabarmentzekoa da, goian aipaturiko prezioek hainbat deskontu izango dituztela baldintza jakin batzuk betez gero. Hala, AEDko bazkide izateagatik eta familia ugaria izateagatik, %5eko deskontua aplikatuko da eta biak betez gero, %10ekoa. Horrez gain, zaintza nahi izanez gero, 60 euro gehiago ordaindu beharko da –deskontu barik–.

Izena emateko, hainbat bide daude: Txatxilipurdiren webgunean; QR kode baten bidez; Txatxilipurdiren bulegoan, astelehenetik eguenera, 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara (Nafarroa etorbidea 23, lehen solairua) edo telefonoz (943 79 54 46).

Informazio puntuak ere jarriko dituzte, zalantzak argitzeko asmoz, honako egun hauetan:

  • Otsailak 20, Biteri plazan. 17:00etatik 18:30era.
  • Otsailak 21, Arimazubi plazan. 17:00etatik 18:30era.
  • Otsailak 27, Kurtzetxiki plazan. 17:00etatik 18:30era.
  • Otsailak 28, Institutu aurrean. 17:00etatik 18:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak