Udalekuetan edo kirol campusetan haurren parte-hartzea sustatzeko 30.000 euroko dirulaguntza partida bideratuko du Udalak, iaz baino 10.000 euro gehiago.
Familiek bi baldintza bete beharko dituzte dirulaguntza eskuratzeko. Batetik, Arrasaten bizitzea eta, bestetik, urtean gehieneko diru-sarrera gordinak honako hauek izatea: 21.200 euro bi laguneko bizikidetza unitateetan; 27.560 euro hiru laguneko bizikidetza unitateetan; 31.800 euro lau lagun edo gehiagoko bizikidetza unitateetan.
Modu horretan, dirulaguntzaren onuradunak izango diren familiek %90eko deskontua izango dute matrikularen ordainketan, gehienez ere 212 eurora arte.
Ekonomia muga izan ez dadin
Dirulaguntza horrekin, "muga ekonomikoak gainditu" gura ditu Udal Gobernuak eta "bazterketa ekonomikoa" ekidin. "Familia askok arazoak dituzte haurren udalekuak ordaintzeko, eta hori ezin da muga izan haurren parte-hartzerako. Muga ekonomiko horiek gainditzeko, 10.000 euro gehiago bideratu ditugu, haur bat bera ere ez dadin baztertua geratu", adierazi du Gladys Fernandezek, Belaunaldiarteko zinegotziak.
Dirulaguntzen oinarriak hemen daude. Eskaerak, berriz, arrasate.eus webgunean egin daitezke, edota Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ).