Puntua aldizkariaren 443. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Abenduan jakin zen 2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria jasoko zutela AMUGEk, Euskadiko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkarteak, eta Arrasaten sortutako IMMEk, Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteak.
Zer da 2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria jasotzea?
Hasteko, esan behar da benetan harritu gaituela. Ardura handia eta lan gehiago dakar, baita jarrita ditugun helburuak gauzatu ahal izango ditugula ere. Motibazioa ere bada, eta egindako lan guztiari aitortza ere bai, orain arte ikusezina zelako. Lan asko egiten dugu, baina Emakundek saria emango zigula esan ziguten arte pentsatzen genuen egindakoak ez zuela balio, ez zuelako aitortzarik. Guk ikusten genituen emaitzak, baina gizarteak aitortzea ere gura genuen. Ni beti izan izan naiz pertsona baikorra, eta sariak esaten digu gizarteak ere behar duela baikortasun hori.
Nolakoa izan da IMMEk urteekin izan duen ibilbidea?
Ibilbide luzea du oso. Ideia txiki batetik abiatu genuen: lauzpabost emakumeri laguntzea; parke batean elkartu eta berba egiten genuen, beste emakume batzuei gizartean nola jokatu, medikuarengana nola joan... horrelako gaietan laguntzeko. 2012an, proiektua gizarte laguntzaile bati aurkeztu genion; gustatu egin zitzaion, deitu egin zidan eta hamasei emakumerekin esperientzia pilotu bati ekin genion. Eta ikusi non gauden orain! Ibilbide horretan zehar gizartearen errespetua eta konfiantza irabazi ditugu. Eta gizartea esaten dudanean, ez naiz ari bertakoez bakarrik, gizartea bertakoek eta etorkinek osatzen dute eta.
"PROIEKTUAREN HASI NINTZENEAN, GIZONENTZAT ARDI BELTZA NINTZEN; USTE ZUTEN EMAKUMEEI IDEIAK ALDATU GURA NIZKIELA"
Sariko epaimahaiak zuen elkartearen intersekzionalitatea nabarmendu zuen; zertan gauzatzen da hori?
IMME kolektibo zehatz batekin hasi zen lanean: emakume etorkin, arabiar eta musulmanekin. Eta kolektibo horren errealitatea eta nortasuna ezagutu egin behar dira, emakume feminista moduan izan ditzakegun ideiak alde batera utzi eta haiekin nola lan egin jakiteko. Intersekzionalitatea lantzea da norekin ari garen jakin eta horren arabera lan metodologia konkretu bat erabiltzea. Izan ere, Euskal Herriko emakumeek etapa asko pasatu dituzte gaur egunera heldu arte, eta emakume musulmanek ere etapa horietatik pasatu behar dute. Era berean, guri, elkarte moduan, ez zaigu gustatzen inor ere baztertzea, eta, hori horrela, gugana gerturatzen diren kolektibo guztiekin lan egiten dugu.
Zenbat kide ditu IMMEk gaur egun?
Langileei dagokienez, zazpi gara denera: hiru, bulegoan; eta beste lau, beste toki batzuetan eskolak ematen. Bazkideei dagokienez, 200 gara ia, emakumezkoak eta gizonezkoak; ez dugu emakumezkoekin bakarrik lan egiten. Alde horretatik, proiektuarekin hasi ginenean, gizonezkoentzat ardi beltza nintzen: uste zuten emakumeei ideiak aldatu gura nizkiela, beloa kendu nahi niela, europar bihurtzea nahi nuela! Eta ni ez naiz inoiz ere horrelakoa izan; kontrara, gure nortasuna mantendu nahi duen baina, era berean, bestearengandik ikasi nahi duen pertsona bat baizik. Nik beloa daraman emakume bat defendatu dezaket, baina baita ez daramana ere. Gakoa ez da beloa, mantentzen duguna eta ikasten duguna baizik.
Zeintzuk dira elkartearen lan-ildoak?
Lan-lerro asko ditugu. Elikagai Bankuan boluntarioak ditugu eta aholkularitza juridikoa eta psikologikoa ere eskaintzen ditugu. Indarkeria matxista ere lantzen dugu. Jakin behar dugu etortzen denarendako konfiantza emango dion erreferentzia izaten. Hemengo hizkuntza hitz egiten ez duen emakume bat hona heltzea eta lehen haren egoeran zegoen beste emakume batek gizartean aurrera egin duela ikusteak motibazioa eta konfiantza ematen du. Horretan lan egitera behartuta gaude, proiektu batek beste bat dakar eta. Miguel Altuna Lanbide Heziketarekin, adibidez, industria arloko proiektu bat egin genuen, emakumeekin eta gizonekin. Arizmendi Ikastolan familia zaurgarrietatik datozen umeekin eskola errefortzuan ere lan egiten dugu, eta uste dugu modu arrakastatsuan egin dugula, gainera. Digitalizazioarekin ere bagabiltza lanean elkartean, Internetik ez dutenez emakume musulman askok ez dutelako euren burua arlo horretan ikusten eta, modu horretan, informazio asko ez dutelako eskuragarri. Gainera, ikusarazi nahi dugu elkarteak bertakoak eta etorkinak kontratatzen dituela, gazteekin lan egiten dugunean etorkinen errealitatea zein den ikusi dezaten; integrazioaren eta inklusioaren lanketa modu sotilagoan ere egiten dugu, programa konkretu batzuekin beharrean egunerokoan geure burua ezagutaraziz. Elikagaien Bankuaren inguruko proiektuan, laguntzen dutenek talde plurala osatzen dute: euskaldunak daude, baina baita sahararrak, latinoak, Mauritaniakoak... ere. Modu horretan, etorkinak desestigmatizatu egin nahi ditugu, jendeak ikusi dezan kanpotik datorrena ez datorrela hartzera bakarrik, ematera ere badatorrela.
"BI NORABIDEKO LANA DA INKLUSIOA; BERTAN JAIOTAKOEK ETA KANPOTIK DATOZENEK EGIN BEHARREKOA"
Zertan igartzen da urteetako zuen lanaren fruitua?
Adibide bat jarriko dut: hasi ginenean, adibidez, emakumeak ez ziren joaten Helduen Hezkuntzara ikastera, eta begira gaur egun zenbat joaten diren! Zein zen lehen zegoen arazoa? Gizonezkoak ere bazeudenez, emakumeak ezin zirela gerturatu. Baina hor dago egin dugun iraultza; emakumeei kendu egin diegu beldur hori. Eta hemengoei ere bai, bazegoelako emakume musulmanek gauza asko egin ezin zituzten pentsamendua. Eta ez, edozein emakume modukoak dira. Ideia faltsuz osatutako burbuila horretatik irten behar dugu. Ezezagutza oso arriskutsua da, bai hemengoen partetik, baita kanpokoen partetik ere.
Lan-esparruari dagokionez, zertan aritu ohi dira IMMEri esker formakuntza jaso duten emakumeak?
Behin, beste elkarte bateko lagun batek deitu eta esan zidan: "Ez zaizu gertatzen emakumeak gerturatzen direla, eta gero, denborarekin, joan egiten direla?". Eta nik esan nion guk inklusioa lantzen dugula, ez doktrinamendua. Gure lorpena da emakumeak gerturatzea eta gero euren kabuz hegan egitea; horrek esan nahi du asko egin dugula. Elkartean izan ditugu orain medikuak eta informatikako ikasleak diren neskak. Beste batzuk Fagorren dabiltza, programazio ikasketak egin dituztelako; badira, etxean ez bada ere, negozio txikiak dituztenak. Elkarteak kontratatuta ingeleseko eta euskarazko eskolak ematen dituztenak ere badaude. Eta ni asko pozten naiz dauden lekuetan daudelako. Kasu asko dira eta egin behar den gauza bakarra da motibatu eta ikusarazi. Gazteei aukerak eman behar zaizkie, gure etorkizuna direlako.
Akaso, norbait harritu egingo da Berdintasunerako Saria IMME bezalako elkarte bati eman izanagatik, printzipioz erlijio musulmana jarraitzen duten pertsonekin lan egiten duen elkarte bati.
Horrelako komentarioak baldin badaude, arrazismoagatik edo ezezagutzagatik izan daiteke, ezezagutzak askotan ideia okerretara garamatza eta. Erlijio musulmanak berdintasunaz ere hitz egiten du; ez du emakumea zapaltzen, ezta baztertzen ere. Kontrara, asko estimatzen du emakumea, eta Koranaren suretako bat, ataletako bat, emakumeei buruz bakarrik da. Islamaren historia osoan zehar egon dira garrantzitsuak izan diren emakumeak. Nola estigmatizatu edo estereotipatu daitezke emakumeak historia jakin gabe? Gaur egun, ministroak edo politikariak diren emakume musulmanak daude, medikuak direnak ere bai...
Musulmanekiko aurreiritzi asko daude?
Bai, eta beloa izan daiteke horien adibideetako bat. Sarri, erlijioarekin lotzen da zuzenean, eta uste ohi da emakume batek beloa daramala bere senarrak edo anaiak horretara behartu duelako. Eta ez; badaude eurek nahi dutelako daramaten emakumeak ere, eta horrek ez du esan nahi euren ideiak, ezagutzak... estali nahi dituztenik. Gai diren emakumeak dira, langileak, industrian dabiltzanak, esaterako; kulturarekin lotuta daukan zerbait da, ez derrigorrez erlijioarekin lotutakoa. Ezin da kolektibo bat epaitu bere herrialdeko kultura ezagutu barik. Ni kultura beretik nator eta beti izan naiz horrelakoa.
"KANPOTIK DATORREN EMAKUME BATEKIN LAN EGITEKO, HAREN OSOTASUNA EZAGUTU BEHAR DUT"
Esan daiteke zuk emakume musulmanen inguruan izan ditzakegun estereotipoak hausten dituzula.
Nik ez du ezertxo ere apurtzen. Ni nire herrialdean ere horrelakoa nintzen, eta hemen ere horrelakoa naiz. Aljerian jaio nintzen, han ikasi nuen, fakultatera ere han joan nintzen, gizonezkoekin batera. Eta ez ni bakarrik; beste emakume asko ere bai. Era berean, badaude beloa daramatenak ere. Nik ez dut erabiltzen eta nire ahizpak bai, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik elkar maite.
Zure ustez, zer da integrazioa?
Integrazioa edo inklusioa ikastea da, baita mantentzea ere. Bi norabideko lana da inklusioa: bertan jaiotakoek eta kanpotik datozenek egin beharrekoa. Herrialde batera banator, orekatua izan behar dut: erlijioaz edo beloaz harago doan nire nortasuna mantendu behar dut, baina norbera izate horretan sartzen dira baita ere ikasten dudana eta nik besteari emango diodana.
Zeintzuk dira emakume musulman batek Euskal Herrian integratzeko dituen zailtasun handienak?
Kanpotik datorren emakume batekin lan egin gura badut, haren osotasuna ezagutu behar dut: nondik datorren, nolakoa den, nola pentsatzen duen... Ezin dut nire pentsamendutik lan egin, ezin da hori izan abiapuntua. Emakume horrekin enpatizatu behar dut, eta, integrazioa lantzeko, lehenengo, haren konfiantza izan behar dut. Integrazioa ez da edukiera bakarrik, barruan dagoena ere bada. Integraziorako Euskal Herrian beloa arazoa den? Esango nuke ikuspegia asko aldatzen ari dela, alde horretatik. Lehen, beldurra eman zezakeen: beloa daraman emakume bat adineko pertsona baten etxean lan egiten? Gaur egun, ez dut uste horrelakorik dagoenik: emakumeak beloarekin lantegietan ikusi ditut, administrazioan lan egiten ere bai. Estigmatizatzen gaituen jendea dagoen bezala, estigma hori kentzen duena ere badago. Aurreko batean, gurekin batera Berdintasunerako Emakunde Saria jasoko duen EAEko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkarteko (AMUGE) kide batekin kazetari baten galderei erantzuten ari ginela, bi kolektiboen artean puntu amankomun asko ikusten genituen. Hortaz, arazoa ez da beloa, ezaugarri ezberdinak izatea baizik. Lehen beloa arazoa izan bazen, gaur egun ez da horrela. Dena den, nik uste dut euskal gizarteak ondo hartzen dituela emakume musulmanak, ondo lantzen dela inklusioa.
Ze harremanin duzue Arrasateko beste elkarte eta eragile sozial batzuekin?
Arrasaten, esaterako, Aniztasun Mahaia osatzen dugunetako bat gara, eta hor, Ekinekin zein Txatxilipurdirekin egiten dugu lan, baita beste elkarte askorekin ere; esaterako, AMSrekin eta Amerika elkartearekin. Bakoitzak bere proiektuak ditu, baina aniztasuna elkarrekin lantzen dugu. Donostian, bestalde, Haurralde Fundazioarekin eta Malen Etxearekin ere egiten dugu lan, adibidez, jostailuak banatzeko proiektuan. Bilbon AMUGErekin, Munduko Medikuekin eta halako elkarteekin. Oñatin, bestalde, beste egoitza bat dugu, eta CEAR-Euskadirekin elkarlanean gabiltza. Sare hori beharrezkoa da; izan ere, guk ez ditugu Arrasateko kasuak bakarrik artatzen, eta pertsona bat etortzen zaigunean jakin behar dugu nora bideratu dezakegun eta zein laguntza izan ditzakeen.
Zeintzuk dira etorkizunera begira elkarte moduan dituzuen erronka edo helburu nagusiak?
Ni gehien arduratzen nauena da indarkeria matxista jasan duen emakume baten kasuarekin gaudenean erakundeek ulertu dezatela itxura batean garrantzi handirik ez duten detaileak benetan garrantzitsuak izan daitezkeela. Adibidez, konturatzea hizkuntza kontuengatik itzultzaile bat jartzen badiote eta itzultzaile hori gizonezkoa bada, gauza asko kontatzeak lotsa emango diola. Horrelakoak dira benetan emakumezkoek aurrera egitea oztopatzen dutenak: datozen lekutik datozen eta motxila bat daramaten emakumeak dira, eta inork ere ez ditu ez ulertzen ezta artatzen ere.