1936ko gerran hildako biktimen zerrendatik frankistak kentzeko eskatu diote Gogorari

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ots. 14a, 19:30

Intxorta 1937 kultur elkarteak salatu du Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Euskadin gerra zibilean hildako biktimak zerrendan "kolpe militarraren garaipenaren alde borrokatu zirenak" ere jasotzen dituela. Horrekin "gure memoriari irain egiten" zaiola esan du, "akats historiko larria" dela, eta ikerketa zabaltzeko eskatu dio "bidegabekeria horri irtenbide bat emateko".

Eguerdian egin du agerraldia Intxorta 1937 kultur elkarteak, Arrasateko Kulturaten; Juan Ramon Garaik eta Nerea Villak hartu dute hitza. Eta bertan izan dira "elkartearen eskaerekin bat egiten duten eta frankistekin borrokatzera behartu zituztenen senideak" diren hainbat lagun ere.

"Biktimak al dira frankistei lagundu zieten falangistak, erreketeak, matxinatutako armadako soldaduak, guardia zibil kolpistak edo militar atzerritarrak ere, Gogorak bere webgunean agertzen duen bezala?", galdetu dute elkarteko kideek. Eta ez dagoela parekatzerik erantzun dute: "Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokan hil zirenak, hau da, kolpe militarrari aurre egin ziotenak, ezin dira parekatu askatasun horiek zapaltzeagatik borrokatzen erori zirenekin".

Gogora institutuak biktimen zerrendan jaso dituenen artean daude, adibidez: Ekkard Hefter, pilotu alemaniar nazia; Mussoliniren 40 bat soldatu; edota hainbat nafar, "zeintzuen  fitxetan ez den aipatzen kuneteroak izan zirela".

Legeak jasotzen duena

Kultura elkartetik salatu dute, horiei lekua emanda, Gogora institutuak ez dituela betetzen irailaren 28ko 9/2023 Legean jasotakoak: "Euskadiko Memoria Historikoaren eta Demokratikoaren Legearen lehen artikuluan aipatzen da '1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren aurrean eskubide eta balio horiek defendatu zituztenen ezaguera, aitortza eta duintze gisa'. Gogorak ez ditu beteko lege horren helburuak, baldin eta leku bat ematen badie kolpe militarraren garaipenaren alde borrokatu zirenei".

"Behartu egin zituzten"

Beste argudio bat ere mahai-gaineratu dute Gogora institutuaren webgunetik matxinatuen bandoan hildakoen zerrenda ezabatzeko eskatzeko: "Errekete edo boluntario gisa sartu dituzte pertsona batzuk, eta benetan ez ziren hori izan. Inoiz ez ziren izan erreketeak, ezta boluntarioak ere. Haietako batzuek aurre egin zioten kolpe militarrari; eta preso hartu eta gero, behartu zituzten matxinoen bandoan borrokatzera".

Intxorta 1937 kultur elkarteko kideek salatzen dituztenen hainbat izen eman dituzte: Francisco Gastañares Elorza, Gregorio Orobengoa Ceciaga, Sabino Ortiz de Guzman Gallastegui, Carmelo Balanzategui Zubizarreta, Angel Echevarria Berecibar, Juan Arrese Orbegozo, Esteban Elorza Olalde eta Ramon Ugalde Lizarralde; "derrigortuak, guztiak", azpimarratu du Juan Ramon Garaik.

Eta senideetako batek, Ramon Ugalde Lizarralderen iloba Ana Isabel Ugaldek, bere testigantza eman du zuzenean.

"Ez zuen hor egon behar"

Horrela kontatu du Ugaldek:

"Hemen nago aitari zor diodalako, zuen minarengatik bere anaia hil zutelako behar ez zuen tokian. Ramon Ugalde Lizarralde zen -Erramun, etxean-, gure aitaren anaia zaharragoa. Kontatzen zuen 1938ko urtarrilean egin zituela 21 urte eta etxera etorri zirela soldadu joan behar zuela esanez; berak ez zuela nahi eta beste lagun batekin batera ihes egin zuela. Azkenean, itzuli zela etxera eta ez zuela soldadu joatea beste erremediorik izan; eta eraman zutela. Euskaldun asko omen zeuden bere batailoian eta pilo bat hil omen zituzten. Urtarrilean kinto bihurtu eta maiatzean zerraldo ekarri herrira.

Gure mina izan zen Gogorak zerrenda hauek atera zituenenean ikusi genuenean gure osaba sublevado moduan. Gure osaba ez zen sublevado izan.

Gure etxean gai traumatikoa izan da, gogorra. Gure aitak kontatzen zuen, baina arrebek ez omen zuten askorik kontatzen".

"Ez dira gurekin egon"

Intxorta 1937 kultur elkartetik Gogora institutuari egotzi diote euren liburuetatik "datuak hartu bai", baina eurekin -urte askoan familia askoren testigantzak jasotzen ibili diren memoria elkarteekin- "egon ez" izana.

1936ko gerra edo Espainiako gerra ez zela gerra zibila izan ere gaineratu dute, euren esanetan ez dagoelako haren bilakaera ulertzetik Italiaren, Alemaniaren eta Sobietar Batasunaren parte hartzerik gabe.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak