Mugikortasun Jasangarrirako Plana berritzeko prozesua ika-mika politikoa eragiten ari da EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatzen duten Udal Gobernuaren eta oposizioko talde nagusi EAJ-PNVren artean. Gobernuak datuekin erakutsi du parte-hartze prozesuak izan duen garrantzia. Jeltzaleek, berriz, uste dute herritarrei ez zaiela behar besteko aukera eman haien iritzia plazaratzeko.
Herritarrentzako abenduaren 19an amaitu zen ekarpenak egiteko aukera, eta alderdi politikoentzako epea, aldiz, atzo. "Lehen aldiz, esfortzu izugarria egin dugu Mugikortasun Planean herritarren parte-hartzea sustatzeko. Ekintza horien artean daude auzoz auzoko parte-hartze saioak, herri galdeketa edota idatzizko alegazio formalak egiteko aukera irekitzea. Pozik gaude eman dugun urratsarekin, eta bide horretan jarraituko dugu", adierazi du Garazi Etxeberriak, Hirigintza, Trantsizio Ekologiko eta Mugikortasun zinegotziak.
Jeltzaleek, ordea, prentsa agerraldia egin dute, salatzeko Gobernuak "uko" egin diola Hirigintzako Aholku Batzordean eztabaidatzeari. "Plana eztabaida publikorik gabe onartzea erabaki dute eta jarrera horrek benetako parte-hartze prozesu bat bermatzeko borondate falta erakusten du", dio Ander Garayk, EAJren udal bozeramaileak.
Udal Gobernuak erantzun du, hain zuzen, 29 herritar eta eragilez osatutako Hirigintza Aholku Batzordean landu dutela plana eta, orain, herritarrek egindako ekarpen eta alegazioak aztertzeko fasea hasten dela. "Horiek aztertuko dituzte teknikariek, bideragarritasuna aztertzeko, eta idatzizko alegazio formalei banan-banan erantzungo zaie idatziz", dio Etxeberriak.
Ekarpenei erantzuteko, bi bilera
Mugikortasun zinegotziak azaldu du 235 herritarrek hartu dutela parte auzoz auzoko saioetan eta idatzizko alegazio formalak ere aurkeztu dituztela beste 25 herritarrek. "Auzo bakoitzean hango berezitasunei lotutako ekarpenak egin dituzte nagusiki; orain da unea guztiak aztertzeko, eta bideragarri direnak planean jasotzeko. Halaber, idatzizko ekarpenak egiteko aukera ere eman diegu herritarrei eta 25 alegazio izan dira; kopuru duina iruditzen zaigu", baieztatu du Mugikortasun zinegotziak.
Bestelako ekarpenei erantzuna emateko bi bilera deituko ditu Gobernuak; bata Hirigintzako Aholku Batzordearena eta, bestea, herritar guztientzako batzar ireki bat. "Batzar irekiaren data aurrerago zehaztuko dugu, behin alegazio eta ekarpen guztiak aztertu ostean. Azken urratsa Hirigintza Batzordean plana diktaminatzea izango da, eta ondoren osoko bilkuran onartzea".
Udal Gobernuari, bi eskaera
Jeltzaleek gaineratu dutenez, atzoko Hirigintza Batzordean proposatu zuten alegazioak aurkeztu dituzten arrasatearrek zuzenean batzordean defendatu ahal izatea, eta praktika hori aurreko agintaldietan onartu zutela diote. "2015-2019an, EAJ-PNVren eta PSE-EEren gobernupean, Hirigintza Batzordean Garbiketa Ordenantzari buruzko alegazioak defendatzeko aukera eman zitzaien herritarrei; orain, zergatik ez? Ez al da eztabaida ireki eta demokratiko bat interesatzen?, adierazi du Ibon Arrupe zinegotzi jeltzaleak.
Horregatik, Udal Gobernuari "exijitu" diote jarrera zuzentzeko, bi eskaera zuzen eginez: "Batetik, alegazioak Hirigintzako Aholku Batzordean eztabaidatzea, eta ondorioak biltzen dituen txosten bat egitea; bestetik, alegazioak aurkeztu dituzten arrasatearrek Hirigintza Batzordean defendatu ahal izatea ordezkaritza duten alderdi politiko guztien eta langile teknikoen aurrean, Mugikortasun Plana behin betiko onartu aurretik".
Jeltzaleek, ekarpenik ez
Azkenik, Udal Gobernuak deitoratu du EAJ-PNVk ekarpenik egin ez izana. "PSE-EEk bere alegazioa aurkeztu duen bitartean, EAJk ez du inolako ekarpenik egin, nahiz eta epea ia bi hilabetez luzatu zaien", azaldu du Etxeberriak.
Arrupek zera erantzunez argudiatu du hori: "Guk ez dugu alegaziorik aurkeztu, uste dugulako herritarrei eman behar zaiela protagonismoa. Izan ere, planak haiei eragingo die egunerokotasunean".