2020ko otsailaren 27an hil zen Pilar Ansoategi Iribekanpos. Militante feminista nekaezina eta alor askotan nabarmendu zen pertsona izan zen; 1970eko hamarkadan hasi zen askotariko mobilizazioetan parte hartzen; Arrasateko langile mugimenduetan, bereziki. Besteak beste, Liga Komunista Iraultzailearen (LKI) barruan emakumeen taldea bultzatu zuen eta Makatzena auzoan ekimen ugari antolatu zituen, auzolana oinarri.
"Esker on zabalago baten" bila
1947an jaioa, 2020ko otsailaren 27an hil zen Ansoategi. "Gaixorik zegoela bagenekien, baina, hala ere, lehen aldiz pairatu zuen minbizia indarberrituta gainditu zuenez, bigarren hartan ere hala izango zela pentsatu genuen. Eta ia ezustean joan zitzaigun, 2020an, pandemia deituriko horren hasierarekin batera. San Kristobalgo kanposantuan ahalik eta agur goxoena ematen saiatu ginen arren, hutsune handia geratu zitzaigun, utzi zigun gabeziagatik, batez ere, baina baita emakume handi hark esker-on zabalagoa merezi zuela pentsatu genuelako ere", adierazi dute, erakusketaren irekiera-ekitaldian.
Hil zela bost urte beteko dira
Ansoategik bere bizitzan zehar "hainbat alor" jorratu zituela azpimarratu dute, haren gertuko lagun hauek sinatutako testu hunkigarrian: Marifran Arana, Ana Rosa Etxebarria, Nekane San Miguel, Edurne Arregi, Amaia Iturriaga, Marije Zabarte, Klara Elkorobarrutia eta Idoia Salaberri. Ansoategiri omenaldia egiteko "modu asko" daudela esan dute: "Pilarrek margotu egin zuen; akuarelak. Hori haren bizitza aberatsaren alor bat besterik ez zen izan, baina guretzat aitzakia ederra da umiltasunean pasatu zen emakumea, gure lagun handi hura, ahaztua izan ez dadin. Erakusketari bukaera emateko jarritako egunean bost urte beteko dira joan zitzaigula; data borobila dela pentsatu dugu urteurrena oroitu eta gure esker ona erakusteko, biografia xume bat ere eskainiz".
HILAREN 27AN ITXIKO DUTE ERAKUSKETA, ANSOATEGI HIL ZELA BOST URTE BETEKO DIREN EGUN BEREAN
Belaunaldi baten "isla"
Ansoategiren bizitza bere belaunaldiko Arrasateko emakume askoren bizitza izan dela ere adierazi dute: "Pilarren bizitzaren pasarte esanguratsuenak bildu eta idazteko orduan, iruditzen zaigu Arrasateko haren belaunaldiko hamaika emakumek ikusiko dutela euren burua islatuta. Ez, agian, Pilarrek landu zituen eremu guztietan, baina ziur arlo baten baino gehiagotan; eta hori nahikoa litzateke nondik gatozen jakiteko eta gure atzetik datozenek ezagutu dezaten nolako giro eta egoeratik egin zuen aurrera Pilarrek, ailegatu zen leku eta mailatara ailegatzeko. Ez zuen kemena haren mesedetan erabili; jendarte hobea, solidarioagoa, berdinagoa eta justuagoa lortzeko erabili zuen. Haren margo alaiez disfrutatzeaz gain, gure oroimenean luzaroan iraun dezala".
Hilaren 27ra arte
Erakusketa otsailaren 27ra arte egongo da zabalik, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era. Horrez gain, Pilar, zutabe izenburudun liburuxka ere argitaratu dute, haren biografia, argazkiak eta akuarelak jasotzen dituena. Gaur bertaratu direnei banatu egin diete, doan; asmoa da gainontzeko aleak saltzea, bost eurotan, agortu arte.
Omenaldia Aretxabaletan 2016an
Arrasaten ez ezik, Aretxabaletan ere oso maitatua zen Ansoategi. Horren adibide da 2016an Aretxabaletan jaso zuen aitortza. Karmele Unzuetarekin batera omendu zuten, besteak beste, Ansoategi, parekidetasunerako bidean egindako ekarpena aitortzeko. Puntu more eta "hegan egiteko" erratz bana eman zieten esker on modura, euren eguneroko lana aitortu eta eskertzeko.