Telelanaren araudiari behin betiko onarpena eman dio udalbatzak otsaileko ohiko osoko bilkuran. Abenduko osoko bilkuran onartu zuten, baina alegazio epea ireki zuten eta langile batek, hain zuzen, alegazioa jarri du, nahiz eta ez duen aurrera egin. Modu horretan, behin betiko onarpena eman dio udalbatzak araudiari, aho batez.
Hala, azken urteetan lantzen eta garatzen joan den prozesuaren emaitza dela esan daiteke. "Pandemiaren eraginez, modan jarri zen lan egiteko modua izan zen telelana, eta Arrasateko Udalean arautu gabe zegoen. Langile batzuek modu hori erabili zuten eta beste batzuek ez, baina arautu beharra zegoen", adierazi du Kepa Urteagak, EH Bilduren udal bozeramaileak.
Orduko hartan, EAJ zegoen Udal Gobernuan, eta Ander Garayk jeltzaleen udal bozeramaileak nabarmendu du pandemiaren eraginez hasi zirela gaia lantzen. "Araudi hau onartu izana oso positiboa dela uste dugu. 2020an, gu Gobernuan geundela, gaia lantzen hasi ginen. Izan ere, pandemiak prozesua azkartu zuen. Ordutik, hainbat pauso eman izan dira eta guztiontzako ona dela uste dugu. Adostasunez gauzatu da araudia, alderdi politiko eta sindikatuekin. Pertsonal Sailari eskerrak eman gurako nizkioke, egin duen lan guztiagatik".
Sindikatuekin eta alderdi guztien adostasunarekin egindako araudia da, beste herrietako eta instituzioetako ereduak kontuan hartuz eta Arrasateko errealitatera egokituz gauzatu dutena.
"Erreminta bizi bat" da
Urteagak azaldu du araudia "erreminta bizi bat" dela. "Hemendik urtebetera, ikusiko dugu zer bilakaera izan duen, zer abantaila eta zer gabezia dituen. Beti izango dugu aukera araudia aldatzeko eta ahalik eta kasu gehienetara egokitzeko. Denboraren poderioz, ikusiko dugu zer hobetu daitekeen eta zerk ez duen funtzionatzen. Uste dugu positiboa dela langileek aukera hori izatea eta haiek ere hala uste dute".
Gaineratu duenez, araudi horrek bermatuko du lanaren jarraipena egitea. "Ordutegi batzuk bete beharko dituzte eta baldintza zehatz batzuk bete beharko dituzte telelana egin ahal izateko. Brigadako langileek, adibidez, ezin dute telelana egin, baina teknikariek txostenak etxetik egin ditzakete. Horrekin batera, kanpoko bilerak daudenetan ere, haien etxetik zuzenean bileretara joan ahal izango dira eta bilera ostean etxetik bukatu haien jarduna".
Esan gabe doa, etxetik lan egin ahal izateko, gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituztela langileek. "Baliabide guztiak eduki beharko dituzte etxean eta Udalean erabiltzen diren programa informatiko guztien baimenak izan behar dituzte".
Adierazpen instituzionala, Sahararekin bat eginez
Halaber, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 49. urteurrenaren aldeko adierazpen instituzionala egin du udalbatzak. Besteak beste, Arrasateko Udalak berretsi du Fronte Polisarioa saharar herriaren ordezkari legitimoa eta bakarra dela, Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko komunitateak halakotzat aitortua. "Horrez gain, salatzen dugu marokoarrek Mendebaldeko Saharan duten presentzia legez kanpokoa dela eta nazioarteko arauak urratzen dituen okupazioa dela", dio adierazpenak.
Era berean, exijitu du Nazio Batuen Erakundeak Mendebaldeko Sahararen banaketa aurreikusten duen edozein proposamen baztertzea eta, horren ordez, saharar herriaren autodeterminaziorako "erreferendum aske, justu eta behin betikoa" bermatzeko bere agindua betetzea.
Pedro Maria Ruiz de Azua itzuli da
Pedro Maria Ruiz de Azua jeltzaleak zinegotzi kargua hartu du, iazko martxoan kargua utzi zuen Bizente Etxebarria ordezkatuz. Ia urtebeteren ostean dator aldaketa, zerrendan haren aurretik zeuden bost hautagaik uko egin baitiote karguari: Josefa Gorosabel, Jon Berezibar, Belvis Pardo, Jose Ramon Mendizabal eta Amaia Azpiazu. Hala, zerrendan hamazazpigarren zegoen Pedro Maria Ruiz de Azuak hartu du kargua.
Aurrez ere zinegotzi izandakoa da Ruiz de Azua, 1987-1991 agintaldian eta hurrengo agintaldiko bi urtetan ere bai, 1993ra arte. Horrekin batera, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan zen 1991-1995 agintaldian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasuneko zuzendari ere bai, 2007tik 2011ra. "Esperientzia eta konpromisoa ekarriko ditu udalerriaren zerbitzura", azaldu du Garayk.