Altxa Burua Arrasatek eta Arrasateko Udalak elkarlanean, Zeos programaren Komunitatea eredu: pantailen erabilera osasuntsu eta arduratsu baterantz jardunaldiak antolatu dituzte, "gaur egun pantailek duten eragina aztertu eta erabilera horrek eragindako albo-kalteei nola erantzun jakiteko asmoz" eta gaur goizean egin dute aurkezpena Kulturaten udaleko, Arrasateko Altxa Buruako nahiz Zeos programako ordezkariek.
Iaz sortu zen Altxa buruaren taldea Arrasaten eta Ane Lur Garin Altxa Buruako kideak adierazi du iazko ikasturtean ikusi zutela bazela gurasoen kezka teknologiak seme-alaben osasun mental eta emozionalean zuen eragina. Hori ikusita, erabaki zuten aukera bat zela, prebentzio modura, ikastaroak antolatzea. "Programa bat antolatzea izan zen gure helburua, prebentzio moduan gurasoendako, batik bat, uste dugulako etxetik hasi behar garela. Baina baita irakasleendako nahiz hezitzaileendako, gure seme-alabekin egongo direlako kontaktuak eta eragin zuzena izango dutelako", azaldu du.
Hala, hainbat programa arakatu ostean, Zeos programa aukeratu zuten eta itxaron zerrendan egon ostean, Arrasate izango du hurrengo geltokia programak: "Pozik eta irrikaz gaude hurrengoak garelako".
Altxa Burua Arrasateko Udalarekin jarri zen harremanetan eta Arrasateko Udaleko Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotzi Jasone Giraldok adierazi du une hartan Udalak abian zuela herriko haur eta nerabeen osasun mentalaren bueltako diagnosia.: "Gaiari heldu behar zaiola bagenekien, modu komunitario baten egin behar zaio aurre gaiari. Helduok eskuartean daukagunaz ere kontzientzia hartu behar dugu eta haur eta nerabe horiendako eredugarri izan behar dugula helduok. Horretara bideratuta dago programa".
Zeos programa
Telmo Lazkano eta Maitane Ormazabal izango dira jardunaldiak emango dituzten bi adituak. Lazkanok adierazi du azken bi hamarkadetan bi errealitaterekin egin dutela topo. Batetik, mugikorrarekin dugun harremanarekin, "menpekotasun hitzarekin definitu daitekeena", eta bestetik, adingabeen artean buru gaixotasunek izan duten hazkunde nabaria: "Zeos programa guzti horri argia jartzera dator, baina zer? galderari erantzutera ere bai. Ez du nahi diagnostiko horretan geratu soilik. Abiapuntuak eta tresnak eskaini nahi ditugu norbanakoek eta familiek herri bezala erantzun dezaten".
Lau saio
Otsailaren 18an, 20an, 25ean eta 27an egingo dituzte saioak, gaian adituak diren Maitane Ormazabalen eta Telmo Lazkanoren eskutik, Kulturateko Areto Nagusian, 18:00etan. Hilaren 18an Adingabeen buru gaixotasunak: prebentzio eta kontentzioa landuko dute; hilaren 20an, Nerabezaroa ulertzen: beldurrak, balioak, autoestimu eta identitate garrantzia; hilaren 25ean, Mugikorraren auzia: zer dugu benetan esku artean?, eta hilaren 27an, Balantza orekatzen: nola eraiki harreman osasuntsu bat mugikorrarekin?
Ormazabalek osasun mentalean jarri du azpimarra eta gaineratu du "kolektibotasuna" landuko dutela bere saioetan, osasun mentala beti izan delako banaka edo etxe bakoitzean landu beharrekoa: "Kolektibizatu nahi dugu, atera eta ikusi nola erantzun behar diogun egoerari emozionalki eta mentalki era orokor batean". Ardura ere izango dute gai, izan ere Ormazabalen esanetan "teknologiaren ardura guztia gazteengan jarri da eta beraiek ezin dute ardura hori hartu, eta helduak behar dituzte horretarako".
Lazkanoren saioetan, berriz, "teknologia produktuen tripak" mahaigaineratuko dituzte; baita, ezagutza praktikara eraman: "Ikusiko dugu ze baliabide, tresna eta abiapuntu ditugun horri guztiari erantzuteko eta harreman osasuntsua izateko teknologiarekin".
Izen-ematea domekara arte
Antolatzaileek aurreratu dute modu onean doala izen-ematea. Dagoeneko 140 lagunek eman dute izena, eta gehiago izango direla ere aurreikusten dute, otsailaren 9ra arte eman baitaiteke izena. "Sekulako arrakasta ari da izaten. Printzipioz, Kulturateko Areto Nagusia hartu dugu, baina zalantzan gaude ea beste bideren bat hartuko ote dugun. Agian, Streaming aukera jarri beharko dugun ez garelako denok sartzen. Ez dugu nahi inor kanpoan utzi".
Gurasoez gain, zabalik utzi dute izen-ematea herriko irakasle, hezitzaile, kirol monitore edo entrenatzaileendako, besteak beste, baina ikusi dute izena emandakoen %95a gurasoak direla. Horregatik, irakasle, hezitzaile eta entrenatzaileak ere izena ematera animatu dituzte Altxa Buruako kideek uste baitute haiek ere garrantzia dutela euren seme-alaben hezkuntzan.