Santa Ageda abesbatzako ordezkari bezala Juan Bautista Agirre, Susana Roa, Luis Okina eta Agustin Aranburu izan dira udaletxeko agerraldian eta azpimarratu dutenez harro daude azken urteetan "bide berri bat" ireki izanarekin: "Entseguak urtearekin batera hasi genituen, eta gazte eta helduak batera aritu gara, aurreko urteetan moduan. Aurten, lan-eguna izanda, zazpi gazte aterako dira beteranoekin batera, baina aurten badira lehenengoz aterako diren heldu asko ere, gehienak emakumeak, eta pozgarria da hori guretzat".
Agirrek atzera begiratua egin du eta, besteak beste, aipatu du garai baten ondo abesteari ematen zitzaiola lehentasuna: "Gaur egun ezaugarri ez da horren zorrotz betetzen". Bestalde, gogora ekarri du iaz 4.200 euro inguru batu zirela eta dirua Caritasera bideratzen dela: "Gazteek besterik esaten ez duten bitartean dirua Caritasera bidaltzen jarraituko dugu. Hori bai, hasieratik baldintza bezala jarri dugu dirua Arrasaten beharra dutenei bideratzea eta horrela egin da ordutik. Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiegu urtero ateak parez pare zabalik hartzen gaituztenoi".
Iaz lehen aldiz emakumeek bakarrik abestu zuten
2024ko Santa Ageda bezpera bereziki izan zen jendetsua, gaztea eta parekidea. Gaurko agerraldian gogora ekarri dutenez, gainera, historian lehen aldiz abestu zuten emakumeek bakarrik eta zuzendari lanetan lehen aldiz aritu zen emakume bat, Maialen Gonzalez arrasatearra.
Martitzena izatera, jende gutxiago
Aurtengo Santa Ageda bezpera eguna martitzena tokatzen da, eta, ondorioz, arrasatear asko lanean edo ikasten egongo direla nabarmendu dute. "Asteguna izanda, lanean edo ikasten ari den jendearentzat zaila izango da egun osoz kalera irtetea. Aterako direnek eta lanean ari direnek jai hartu dute ohiturarekin jarraitzeko, baina badira asko jai-eguna hartu ezin dutenak. Dena den, martitzena izan arren, herritarrak gonbidatu nahi ditugu momenturen batean abesbatzekin bat egitera".
Bi taldetan banatuta egingo dute batzea
Taldeetako bat:
● Goizean: Joxe Ramon Otamendi, Mendizabal okindegia, Aranguren, Kataide industriagunea, Kataide baserria, Garratz, Bedialauneta, Zabaleta, Ikastetxeak Musakolan (Herri eskola, Santa Teresa), Altuna, Gureak, Euskal Herria plaza, Otalora, Txoko eta Udaletxea (14:00etan).
● Arratsaldez, 16:00etan hasita: Plazan Gazteluondoko ikasleekin, Olarte, Abaroako egoitza, San Andres kaletik, Arimazuri plaza, Paseo Arrasate, Portaloia (19:00etan), Kaleko tabernak eta Herriko Plazan amaiera (21:00etan).
Beste taldea:
● Goizez: Banco guipuzcoano, Rural Kutxa, Santander, BBVA, Kutxa, Caixa, Laboral kutxa, Erguin, herri eskola, Bedoñabe, Umezaintza, Bedoña, Udala (asteburuan), Udaletxea (14:00etan).
● Arratsaldez, 16:00etan hasita: Arimazubi, Olandixo (Mondragon, LKS, Ikerlan…), Arteaga, Santa Ageda, Ospitalea, Nafarroa etorbidea 1, Resusta kaleko tabernak eta Herriko Plazan amaiera (21:00etan).