Udaletxeko eskailerak goraino beteta zirela, urtero legez, Iñaki Maidaganek zuzendu ditu hasierako lauzpabost piezak eta amaierako piezan une historiko bat bizi izan da, lehen aldiz emakume batek –Goikobalu Gazteko zuzendari Maialen Gonzalezek– pieza bat zuzendu duelako. Pieza hori abesbatzako emakumeek abestu dute, eta amaieran bertaratutakoen txalo zaparrada bero bat jaso dute.
Izaskun Balanzategi: "Lehen urratsa da gaurkoa, atzera bueltarik ez duena"
Horrez gain, Santa Ageda eskean irteten esperientzia luzea duen Izaskun Balanzategik beste nobedade baten berri ere eman dio GOIENAri: "Esango nuke lehen aldiz 1991n irten ginela emakume batzuk Santa Ageda eskean eta hor egongo gara talde txiki bat. Hori bai, abestiak gizonezkoen ahotsetarako zeuden prestatuta eta emakumeok ahalegin bat egiten genuen gizonezkoen ahotsetara egokitzeko. Iaz, jende gaztea hasi zen sartzen eta ikusi genuen bultzada bat eman behar geniola emakumezkoon ikuspegitik ere; horregatik, aurten Santa Agedako betiko abesti bat lau ahotsetara prestatu dugu, emakumezkook ere gure erregistroan abesteko. Horrez gain, gizonezkoendako bakarrik diren beste abesti batzuk ere badaudela jakinda, abesti bat emakumezkook bakarrik prestatu dugu. Hau lehen urratsa izan da, atzera bueltarik ez duena".