Puntua aldizkariaren 439. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Hamar urte beteko ditu aurten Dantzertik, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak. Duela zortzi hasi zen han irakasle Vene Herrero, eta Arte Dramatikoko ikasketaburu ere bada. Beste koska bat askotariko jarduerez osatutako bidean.
Zer eragin zizun La casa de Bernarda Alba-k aktore izan nahi zenuela erabakitzeko?
Institutuan Lorca ezagutzea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Irakasle batek La casa de Bernarda Alba-ren irakurketa dramatizatua egitea proposatu zigun, eta nik, orduan, Adela pertsonaia egin nuen. Horrek gehiago hurbildu ninduen antzerkira eta gizakiak ulertzen laguntzeko daukan indarrera. Gero, duela zortzi urte-edo, Bernarda pertsonaia egin nuen Pabellon 6-en, Bilbon bertan. Hura oso hunkigarria izan zen niretzat, zirkulua itxiko balitz bezala izan zelako.
Zelan hartu zuten gurasoek aktore izateko zure nahia?
Garai hartan, gainera, Madrilera joan behar nuen ikastera. Aitari ez zitzaion batere gustatu, ez zelako lan serioa. Gainera, hark aktoreei buruz zeukan ideia ez zen oso ona. Amari, berriz, ondo iruditu zitzaion; ondo hartu zuen eta lagundu egin zidan. Gero, aitak ere onartu zuen, baina kostatu egin zitzaion. Nire ahizpek lagundu zidaten aitak uler eta onar zezan.
Aitak ze iritzi zuen, bada, aktoreen inguruan?
Libertinajearekin lotzen zuen. Gurasoak Segovian jaio ziren, eta, Arrasatera etorri aurretik, ezkondu baino lehen, Madrilen bizi izan ziren; han ikusitakoengatik ez zeukan oso irudi ona. Hortaz, beste zerbait ikasi nezan nahi zuen. Antzerki ikasketak bukatu eta Madrilgo areto batean aktore moduan lanean ikusi ninduenean, ikuspuntua aldatu eta lasaitu egin zen.
80ko hamarkadan joan zinen Madrilera, RESADen ikastera (Espainiako Arte Dramatikoaren Errege Goi Eskola); zelako giroa zen hangoa?
Madrilera joan aurretik, Gasteizera joan nintzen, han bazegoelako Denok Kooperatibak eramaten zuen antzerki eskola bat. Baina kontua da Gasteizera joateko dena prest nuela, Donostiara eraman zutela eskola. Dena den, hango Farandula afizionatuen antzerki-taldean ere ibili nintzen. Gero, Kazetaritza ikasi nuen, urtebetez, eta, ondoren, Madrilera joan nintzen, benetan han ikasi eta bizi nahi nuelako. Hara joateak gauza askori buruz nuen ikuspuntua aldatu zidan.
"80ko HAMARKADAKO MADRILEN, BIZITZEKO ETA GAUZA BERRIAK PROBATZEKO GOGO HANDIA ZEGOEN"
RESADek oso bide sortzaileak ireki zizkidan eta garai hartan oso garrantzitsuak ziren irakasleengana hurbildu ninduen. Garai hartan, Alonso de Santos, Miguel Narros, Lourdes Ortiz, Paco Nieva, Pepe Monleon eta Marta Schinca izan ziren nire irakasleak. Gero, Arnold Taraborreliarekin aritu nintzen, denbora luzez, RESADetik kanpo. Beste alde batetik, Madrilgo movida deiturikoa hirian zegoen oraindik. Sormen handiko garaia zen eta kultura kalean zegoen, tabernetan... leku guztietan. Bizitzeko eta gauza berriak probatzeko gogo handia zegoen: musika, antzerkia, pintura... denetarik. Munduko alde guztietatik etorritako antzezlanak ikusteko aukera izan nuen: muntaia ikusgarrienak, baita txikienak eta intimoenak ikustekoa ere. Hori oso aberasgarria da, asko ikasten da horrela.
Ia 30 urte egon zinen Madrilen askotariko lanak egiten; egindako zerekin zaude gusturen?
Lan guztietatik ikasi dudala uste dut. Beti uztartu ditut irakaskuntza eta aktore lana, eta, aldi berean, inoiz ez diot utzi prestakuntza jasotzeari. Antzeztu ditudan pertsonaia guztiek erakutsi didate zerbait neure buruaz, eta, alde horretatik, maitasunez gogoratzen ditut guztiak ere. Irakaskuntzari dagokionez, asko ikasi nuen gizakiari buruz, adimen desgaitasuna zuten pertsonekin lan eginez. Denbora horren guztiaren balantzea egiten badut, oso positiboa da, eta esan dezaket, gainera, ondo pasatu dudala.
Antzerkia lantzeak zein onura ekar diezaieke adimen desgaitasuna dutenei?
Madrilgo Udalak abiatutako proiektua zen, antzerki munduarekin lotura zuen enpresa batek gidatutakoa. Hamar urte inguru eman nituen eta eginbehar hura aktore moduan nituen beste lanekin uztartu nuen; nire lana zen, batez ere, zuzenean desgaitasuna zutenekin lan egiten zutenak formatzea. Ezagutzen ez nuen mundu bat zabaldu zidan horrek, eta konturatu nintzen egiten zutena benetakotasunetik egiten zutela, "hemen eta orain" egiten zutela egiten zutena. Gaitasun sozialak garatzeko eta autoestimua lantzeko balio du antzerkiak. Desgaitasunaren arabera egoerak oso ezberdinak ziren, eta azken txanpan 70 talderekin egiten genuen lan.
"LEHEN BAINO LAN GEHIAGO DAGO, BAINA AKTORE KOPURUA ERE ASKO IGO DA"
Aktoreen mundua irudikatu den bezain mundu lehiakorra da?
Aktore asko daude, eta, agian, ez dago lanik guztiarentzat; alde horretatik, gerta daiteke mundu lehiakorra izatea. Baina aktore-lanak kolaboratiboa izan behar du, bestela oso zaila da-eta antzezlan bat edo pelikula bat aurrera ateratzea, ezinezkoa ez esatearren. Izan ere, zure pertsonaia sortzeko besteak behar dituzu, besteekin sortzen duzu. Lehiakortasunak baino gehiago, eskuzabaltasunak laguntzen du.
Lan bolumenari eta lan egiteko moduari dagokionez, zein bilakaera izan du lanbideak?
Lan egiteko modua asko aldatu da. Nik lan dezente egin nuen antzerki independentean, eta, gaur egun berriz ere egoera aldatzen hasi den arren, garai batean ez zegoen aukerarik bira luzerik egiteko: ni hasi nintzenean, adibidez, ia bi hilabete egon gintezkeen, esaterako, Sevillan. Aldiz, gaur egun, Madrilen eta Bartzelonan bakarrik egiten dira astean zeharreko emanaldiak; bestela, astean zehar oso gauza txikiak programatzen dira. Beste gauza kurioso bat ere ari da gertatzen: Javier Camara bezalako aktore batzuek, adibidez, familiarekin kontziliatu ahal izateko nahiago dute bira astean zehar egin. Lan bolumenari dagokionez, lehen baino lan gehiago dago, baina aktore kopurua ere asko igo da eta ez da erraza aktore izatetik bakarrik bizitzea. Espainiako Estatuan egindako ikerketa baten arabera, %5-10 bizi da horrela.
Azken urteetan asko hitz egin da #Metoo mugimenduaz, botere harremanez… Horrelakorik ikusi ala sufritu duzu?
Badakigu beti egon den zerbait dela; gizarte osoan egon da beti. Egoera batzuk normaltzat jotzen ziren eta orain ikuskatu egiten dira; hori oso garrantzitsua eta positiboa da. Nik egoera deserosoren bat bizi izan dut, baina ez da urrunago joan; esan dezagun oso lasai moztu direla.
Zure ustez, zer da arrakasta?
Egiten denarekin zoriontsu izatea. Eta lana une bakoitzean ahal den ondoen egitea.
Antzerkia egin bakarrik ez, ikasi eta ikertu ere egin duzu: Antzerkiaren Historian eta Teorian doktorea zara.
Ikerketa asko interesatzen zait. Denbora asko neraman praktika eszenikoan eta irakaskuntzan lanean, eta teoriara itzuli nahi izan nuen, oinarri sendoagoak finkatu. Doktoregoa egiteak ekarpen handia egin zidan. Jose Estruch antzerki- zuzendari erbesteratuari buruzko doktore-tesia egin nuen. Horrek are gehiago hurbildu ninduen interesatzen zaidan beste gai batera, memoria historikora. Eta Gernikako eta Bilboko bonbardaketen ondoren ebakuatutako euskal haurrak ezagutzera eraman ninduen.
"ESKOLA PUBLIKO BATEAN AKTORE-PRESTAKUNTZA EUSKARAZ JASOTZEKO AUKERA EMATEN DU DANTZERTIK"
Zergatik erabaki zenuen Euskal Herrira itzultzea?
Batetik, han egin nuen azken boladan ez zitzaizkidalako gustatzen lan arloan zeuden hainbat aspektu; esaterako, prekarizazioaren normalizazioa. Eta, bestetik, banekielako Euskadiko Arte Dramatikoko eta Dantzako Goi Mailako Eskola, Dantzerti, sortu zela, eta bertan lan egitera etorri nintzen.
Aurten hamar urte beteko dituen Dantzerti eskolako irakaslea zara; zein eginbehar duzu bertan?
Gaur egun, Arte Dramatikoko ikasketaburua naiz eta ebakera eta ahozko adierazpeneko eskolak ematen ditut. Nire helburua da, batez ere, egiten dugunarekiko amodioa, pasioa, transmititzea. Uste dut lortzen dudala; ikasleek, behintzat, horixe esaten didate. Orain, baina, ez ditut hainbeste eskola ematen, ikasketaburu izatearekin zentratuta bainago: zentro hori edukitzea asko kostatu da, eta nire nahia da hura zaintzea, handitzea eta finkatzea. Baliabide gehiago behar ditugu, eta horretan ari gara buru-belarri.
Zelako balioa du Dantzertin egiten den lanak?
Aktore-prestakuntza ezinbestekoa da, bai teknikoki, bai intelektualki. Duela hamar urtera arte existitzen ez zen eskola publiko batean prestakuntza hori jasotzeko aukera ematen du Dantzertik, eta euskaraz. Ezaugarri horiek dituen bakarra da. Lehen, goi-mailako ikasketa arautuak egin nahi izan ditugunok Euskal Herritik kanpora atera behar izan dugu. Gaur egun, ez da horrela.
Identifikatuta sentitzen zara bertako ikasleekin?
Gogoz beteta iristen direnean, bai, ni gogorarazten naute. Ilusioa ez da inoiz galtzen; gogoa ere ez. Baina bai, asko gustatzen zait ikustea ikasleak nola iristen diren, nola hazten diren... Orain topera dabilen Yune Nogueiras bergararra, adibidez, Dantzertitik pasatu zen; oso langilea zela gogoratzen dut! Hasten direnean jabetzen dira zer den benetan aktore izatea; eta, gainera, beste bide batzuk ere badaude: irakasle, ikertzaile...
Dokerekin ere harreman estua duzu; ze balio ematen diezu horrelako antzerki taldeei?
Antzerkia maitasunetik egiten duten taldeak oinarria dira, zaletasuna sortzen dute. Horri esker, bakoitzak bere sormena garatzen du. Doke duela 22 urte baino gehiago sortu zen eta aurrera jarraitzen du. Duela urte batzuetatik hona, taldeko harrobia diren gazteei eskolak ematen dizkie, eta horrela jarraituko du.
Gaur egun, baduzu bestelako proiekturik?
Egun, oso zentratuta nago Dantzertin eta eskolaren beharretan. Lan zorrotza da. Baina horrek ez du esan gura aktore lanetara itzuliko ez naizenik. Egia da, esan ohi den moduan, paperik onena hurrengo egingo dena dela. Lan bakoitzarekin ikasten duzu zeure buruaz zerbait gehiago.