Ekinaren ekinez, 30 (edo 40) urte

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 17a, 10:37

Ekin Emakumeak Elkartearen ibilbidean gordetako hainbat momentu.

Ekin Emakumeak taldea 1985. urtean sortu zuten, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen baitan, eta, hamarkada bat geroago, 1995ean, elkarte gisa eratu zuten. Aurten, beraz, urteurren bikoitza dutela esan daiteke eta egitarau berezia prestatu dute hori ospatzeko.

30. urtemuga du aurten Ekin Emakumeak Elkarteak. 40 urte dira, ordea, Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearen baitan Ekin Emakumeak taldea sortu zutenetik, emakumeentzako gune euskaldunak sortzeko helburu nagusiarekin. Hasierako urteetan, Ana Unzaluk, Marilu Ajuriak, Lourdes Azkaratek, Lourdes Uraldek, Marije Salterainek, Arantxa Sanchezek eta Bittori Etxeberriak osatu zuten talde eragilea. "Intentsitate handiko lana egin genuen urte haietan, ordu asko dedikatu genizkion emakume taldeari, astean hiruzpalau egunetan. Esfortzu handia zen hura, etxea eta umeak aurrera eraman behar genituelako, baina gustura genbiltzan denok", dio Ana Unzaluk.

Lehen lauzpabost urteetan, sekulako arrakasta izaten zuten taldeak antolatutako ekintzek. "Jende asko etortzen zen gure aktibitate guztietara. Ez ginen ausartzen ezetz esatera etortzen zirenei, eta estu-estu egoten ginen, elkarren ondoan, lekurik gabe; jende gehiegi, batzuetan. Edozelan ere, erabat sinistuta geunden egiten genuenak zuen garrantziaz, eta poz handia ematen zigun horrek".

Marije Salterain, Marilu Ajuria eta Lourdes Uralde, kartelari eusten, taldekideekin, 15. urteurreneko omenaldian.

Lehen urteetan, talde zabala

Talde eragileaz gain, ekarpen eta laguntza handia ematen zuten herritarrak zeudela aitortu du Unzaluk, eta askotariko ekintzak egiten zituzten, hala nola bidaiak Europan zehar, talo-postua santamasetan, mintzapraktika saioak, sukaldaritza ikastaroak eta emakumeek zituzten kezkei eta ardurei buruzko hitzaldiak. Azken horiei dagokienez, zera nabarmendu du Unzaluk: "Harrera itzela izan zuen menopausiari buruz Fernando Kristobalek egindako hitzaldiak, baita jatorriz aretxabaletarra den Alberto Altube mediku naturistak egindakoak ere. Menopausiari buruz beste ikuspegi bat duen Mari Luz Esteban medikua ere ekarri genuen, eta harrera oso ona izan zuen beste bat Amaia Vazquez izan zen; sexologiari buruz hitz egin zigun hark".

Udal bileretan ere bai

Emakume taldean egiten zituzten aktibitateez gain, Udalak antolatutako emakume arloko bileretara ere joaten ziren, Unzaluk adierazi duenez: "Han ibiltzen ginen, hitzaldiak eta gainerako aktibitateak euskaraz ere egin behar zirela eskatzen".

Ekin Emakumeak Elkarteak antolatutako joskintza tailerretako bat.

Talde izatetik elkarte izatera

Lehenengo urteetako arrakasta hura moteltzen joan zen, eta geldiunea izan zuten 90eko hamarkada erdira iristear zirela. "Ideiak gastatu egin zitzaizkigun eta uztekotan egon ginen. Izan ere, hasierako urteetako ilusio hura jaitsi egin zen, arrazoi askorengatik: geroz eta konpromiso handiagoak hartu behar genituen; gutako batzuen gurasoak zahartu egin ziren eta haiei lagundu behar genien; diru asko behar genuen gauzak egiteko eta ezin izaten genuen lortu; eta abar. Hala ere, Marilu animatu egin zen, baita Bittori ere. AEDko eragile zen Xabier Ozaetak lagundu zigun egoera hartan".

Horren harira, AEDk proposatu zien elkarte propio bat osatzeko. "Guk barruan jarraitu nahi genuen, elkarte bat izanda baino babestuago sentitzen ginelako eta ez geniolako onurarik ikusten, lan gehiago baizik", dio Unzaluk. "Izugarrizko zulo ekonomikoa egiteko beldurra genuen eta aurre egiteko kapaz ez ginela izango pentsatzen genuen. Izan ere, militantziagatik jarduten genuen guk, baita beste askok ere, baina orduko 2.000 pezeta edo gehiago eskatzen zuten beste batzuek, eta horri aurre egin beharra zegoen".

Azkenik, baina, Ekin Emakumeak Elkartea sortu zuten 1995ean; AEDrekin koordinatuta eta elkarlanean, betiere. "Elkarte egiteak zituen eginkizunak gauzatzeko, Esther Apaolaza jarri zuen eragile gisa AEDk, eta orduan erlaxatu egin ginen; harengan utzi genituen ordura arte guk eramaten genituen ardura asko, nahiz eta beti lagundu. Estherrek ekarpen handia egin zion elkarteari. Ondoren etorri zen eragilea Onintza Lopez de Munain izan zen, eta Leire Unamuno gero", dio Unzaluk.

Elkarte izaera eskuratutakoan, lehendik zuen jardueraren jarraipenaz gain, hedapena eta finkotasuna lortzea izan zen helburu nagusia. Ahalegin horretan, azken hogei urteetan askotariko proiektuak eraman izan dituzte aurrera; tartean, hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak edota antzerkiak.

Elkarteko hainbat kide, baserritar jantzita.

Elkarteko hainbat kide, taloak egiten, santamasetan.

Osasuntsu eta lanerako gogoz

Hiru hamarkada geroago, osasuntsu eta lanerako gogoz jarraitzen du Ekin Emakumeak Elkarteak. Izan ere, emakume eta euskaldun izateak oraindik ere zapalkuntza eta eskubide urraketa dakarrela uste dute, eta, horregatik, emakumeengandik eta emakumeentzako, euskarazko espazio eta egitasmoak martxan jartzen dihardute.

Emakumearen auziaz gain, azken urteetan garrantzitsutzat jo dute "geroz eta anitzagoa den gizartean sortzen joan diren behar berriei erantzuteko" lan egitea. "Neurri horretan, jatorri askotariko pertsonei zuzendutako harrera zerbitzua eta euskara inklusioaren erdigunean jartzen duten askotariko egitasmoak abiatu ditugu", diote Oihane Pildainek eta Laura Buenok, elkarteko egungo kideek.

Hiru ardatz nagusiren bueltan

Aniztasuna, euskara eta parekidetasuna uztartzeko lanean dihardu elkarteak; betiere, euskara elkarte izatearen identitateari eutsiz. Hala, hiru ardatz jorratzen ditu: euskara, emakumeak eta aniztasuna. "Gure misioen artean daude euskararen normalizaziorako lan egitea, emakumeon aukera eta eskubide berdintasunaren alde jardutea eta kultura-aniztasunaren aitortzan oinarritutako bizikidetzarantz urratsak egitea. Gure erronka nagusia hiru ardatz horiek modu eraginkor eta koherentean uztartzea litzateke".

Hainbat proiektu esku artean

Gaur egun martxan dituzten proiektu garrantzitsuenak honako hauek dira: Arrasateko Harrera Sarea, Auzoko, Jabetze Eskolak, Mundutik Arrasatera eta Arrasatetik mundura ipuin kontaketak, Bizikidetza Eskolaren proiektua, 2024an gauzatutako Arrasateko nerabe eta gazte trans* eta ez-bitarren errealitatearen analisia, Emetruke, Euskaraldia, Geike, Aniztasun Mahaian parte hartzea, herrigintza eta saretzea, eta errolda sozialaren lanketa.

Jabetze Eskolak, ezinbestekoak

Elkartearen oinarrietako bat Jabetze Eskolak dira, hiru hilabete iraun ohi duten saioekin. "Urtetik urtera, gai desberdinak lantzen dituzten ikastaroak eskaintzen saiatzen gara, eta parte-hartzaileek eskatuta edo guk identifikatutako beharren arabera antolatzen ditugu. Gainera, oso harrera ona izan ohi dute", azaldu dute.

Hiruhileko honetan kakorratz eta puntu ikastaroa, joskintza ikastaroa eta yin tao ikastaroa egingo dituzte eta otsailetik martxora bitartean beste ikastaro bat eskainiko dutela ere aurreratu dute. "Joskintza ikastaroan oraindik pare bat leku gelditzen dira, eta yin taon talde handia sortu da; halere, izena emateko aukera dago oraindik. Beraz, animatu zaitezte", diote.

Zortzi kide daude elkartean

Horri guztiorri aurre egiteko, gaur-gaurkoz, bi langile eta sei pertsonaz osatutako zuzendaritza batzorde bat dira elkartean. "Talde-lanari esker lortzen dugu elkarteak urteko zein egunerokotasuneko eskakizunei aurre egitea", nabarmendu dute. Era berean, urteurreneko antolaketa lanetarako Ainara Alkorta batu da taldera, eta, horrez gain, antolaketa talde bat ere sortu dute. "Talde horretan, hainbat pertsona eta eragile daude, hala nola AED, Txatxilipurdi eta Ekinen zuzendaritza batzordeko hainbat kide".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak