2025a, lau proiektu nagusiren oinarriak finkatu eta martxan jartzeko urtea

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 10a, 11:18

Udala auzoa, Grupo San Juan, Amaia antzokia eta Iturripe dira martxan jarriko dituzten proiektuak.

48.303.380 milioi euroko aurrekontua onartu du Arrasateko udalbatzak 2025erako. Bederatzi milioi euro ditu inbertsioetarako, eta hamahiru milioi euroko gerakina ere ezinbestekoa izango da lau proiektu nagusi martxan jartzeko.

Abenduko ezohiko bilkuran onartu zuen udalbatzak 2025erako udal aurrekontua, 48,3 milioi eurokoa –2024koa baino %5,6 handiagoa 2,5 milioi euro gehiago–. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek ez ezik, PSE-EEk ere babestu zuen proposamena, agintaldi honetan lehen aldiz. EAJk, aldiz, aurka bozkatu zuen.

Behin onartuta, Udal Gobernuak aste honetan egin du hori gauzatzeko lehen bilera, urteko plangintza ezarrita. Hala, 2025eko udal aurrekontuak 9.066.929,25 euroko inbertsioak aurreikusten ditu. Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak berriz urbanizatzeko proiektura bideratzeko egingo du Gobernuak inbertsio handiena, 2.872.167 euro, hain zuzen –3.371.372 eurokoa da proiektu horren aurrekontua–. Iazko irailean hasi zituzten lanak eta 2025eko udazkenerako amaitzea aurreikustean dute, "urrirako edo azarorako".

Santa Teresako urbanizazio lanak udazkenean amaitzea aurreikusten dute.

Halaber, beste bi inbertsio esanguratsu, 500.000 eurokoak biak, egingo dituzte, argiteria LED sistemara aldatzeko eta BAZeko bulegoak berritzeko. Azken horri dagokionez, proiektua idazketa fasean dago eta lanak urteko bigarren seihilekoan hastea espero du Gobernuak. Horrez gainera, Arrasate Herri Eskolako Erguin guneko teilatua konpontzeko 350.000 euroko inbertsioa ere jasota dago aurrekontuan.

Aurten egingo duten beste proiektu bat Jose Luis Iñarra pasealekuaren urbanizazioaren lehen fasea izango da, nahiz eta ez dagoen 2025eko udal aurrekontuan jasota –2024koan onartu zuten–. Ondo bidean, abenduan bukatuko dituzte lan horiek.

Era berean, auzoetako proiektu txikiagoek ere presentzia izango dute aurrekontuan, eta urtean zehar egingo dituzte, Auzoak, Obrak, Zerbitzua eta Mantentzea Sailetik. Proiektu horien artean, besteak beste, Santa Marinako liburutegi berria egitea, Portaloiko atea berritzea, Ferixalekuko bi igogailuak berritzea, Gorostizako eta Makatzenako estalpeen mantentzea hobetzeko lanak eta San Andresko Gazte Txokoa berritzea daude, baita Gorostizako igogailuaren proiektua ere. Azken hori lehiaketara aterako dute lehen seihilekoan, urte amaieran idatzita egon dadin.

Lau proiektu nagusiak, gerakinetik

Era berean, lau proiektu nagusik euro bateko "partida sinbolikoa" dute aurrekontuan, eta hamahiru milioi euro inguruko gerakinaren bitartez finantzatuko dira, urtean zehar diruz hornituta. "Proiektuak idazten ari dira orain, eta behin horiek definitutakoan jakingo dugu obra horietara bideratu beharreko diru kopuru zehatza". Udala auzoko goiko eremua urbanizatzea, Grupo San Juan urbanizatzea, Amaia antzokia guztiz eraberritzea eta Iturripen kiroldegi berria egitea dira lau proiektu horiek.

Udala auzoko proiektuari erreparatuta, aparkaleku berriak eta urbanizazio lanak egiteko aurretiazko lanak egingo dituzte lehen lauhilekoan, ondoren proiektua idazteko eta, urte amaieran, obrak lizitatzeko. Lanak, ordea, 2026ko urtarrilean hasteko aukera egon daitekeela aurreikusi du Udal Gobernuak.

Udala auzoko goiko eremua urbanizatzeko proiektuari helduko dio Udal Gobernuak.

Grupo San Juango urbanizazioari dagokionez, berriz, hilabete honetan bertan proiektua idazten hasiko dira eta lanak udazkenean hastea da Gobernuaren asmoa.

Urtarril honetan hasiko dira Grupo San Juan berritzeko proiektua idazten.

Amaia antzokiaren berritze proiektuaren idazketa esleipen prozesuan dago oraindik. "Neguan esleituko dute eta udazkenerako proiektua idatzita izatea espero dugu, urte amaierarako obrak esleitzeko", diote Gobernukoek. Horren baitan, bada kontuan hartzeko beste gai bat ere. "Antzokia itxita egongo den bitartean, alternatiba bat behar dugu. Ekimen kultural ugari jasotzen ditu Amaia antzokiak, eta, beraz, horiei alternatibak bilatzeko bide-orri bat markatu dugu. Besteak beste, Udalaren baliabide diren Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturate erabiltzeko aukera egongo da, baina baita Udalarenak ez diren beste eraikin batzuk aztertzeko aukera ere, hitzarmen berezien bitartez", adierazi dute.

Amaia antzokian hainbat berrikuntza egingo dituzte.

Azkenik, Iturripeko kiroldegi berriaren proiektua udazkenerako egongo da idatzita. Ondoren, jendaurrean aurkeztuko dute eta obrak urte amaieran edo 2026ko lehen hilabeteetan hastea aurreikusi dute.

Udazkenerako idatzita egongo da Iturripe berritzeko proiektua.

Politika sozial eta komunitarioen urtea

Bestalde, Udal Gobernuak nabarmendu du "politika sozial eta komunitarioen urtea" ere izango dela eta aurrez lantzen hasitako proiektu batzuen emaitzak ikusten hasiko direla. Hala, esaterako, osasun mentalaren diagnosian sakontzeko galdetegia herriratuko dute urtarrilean, eta otsailean, lanketa berezia egingo dute mugikorren erabileraren inguruan, Altxa Burua taldearekin batera.

Halaber, udaberrian, Arrasate Bizitegi Merkatuko Tentsio Handiko Eremu bezala izendatzeko eskaera eta dokumentazioa bideratuko dizkio Udal Gobernuak Eusko Jaurlaritzari. Horrekin batera, II. Bizikidetza eta Aniztasun planak "abiadura handia" hartuko du aurten, "hizkuntza inklusiboan berebiziko arreta jarrita".

Gainera, LGTBI+ pertsonen bizi-baldintza duinak bermatzeko diagnosiaren eta ekintza planaren emaitzaren berri emango dute ekainean.

Azkenik, tren geltoki zaharrean egingo duten Etxe Feminista berriaren proiektua urte bukaerarako idatzita izatea aurreikusten du Gobernuak. Horretarako, 30.000 euro jasota daude aurtengo udal aurrekontuan.

Terrazen ordenantza, lehen aldiz

Arrasaten, lehen aldiz, taberna eta jatetxeetako terrazen ordenantza idatziko dute aurten. "Prozesua hasita bazegoen ere, lehen zirriborroa 2025eko lehen hilabeteetan aurkeztuko diegu ostalariei eta herritarrei, haien ekarpenak jaso eta behin betiko ordenantza onartzeko", dio Gobernuak. "Ordenantza lehen seihilekoan onartzea da asmoa", gaineratu du.

TAOren berrikuspena

TAO sistema berrikusteko, halaber, auzoz auzoko parte-hartzea egingo dute, "bizilagunen eskaerak entzuteko eta sistema sinpleagoa bilatzeko". Hala, erabiltzaileek ekarpenak egin ahal izango dituzte eta horretarako prozesua udaberrian zehar martxan jartzea espero du Udal Gobernuak.

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berridazten ari dira

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berridazteko prozesuaren baitan, Mugikortasun Plana berritu ondoren, irisgarritasun unibertsalerako plana, azpiegitura berdeen plana, eraikigarritasun azterketa, genero ikuspegiaren plana eta zarataren mapa landuko dituzte 2025ean. "Azken hori urtarrilean aterako da jendaurrera eta besteak progresiboki aterako ditugu urtean zehar".

Komertzio txikiari bultzada

Azkenik, tokiko komertzioa suspertzeko parte-hartze dinamika abiatuko duela ere jakinarazi du Udal Gobernuak, herriko komertzioen artean lehendabizi eta herritarrekin ondoren. Lehen aurkezpen saioa abenduan egin zuten, eta 2025eko lehen hilabeteetan emango diote hasiera parte-hartze prozesuari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak