Amaia antzokia berritzeko oinarriak finkatuta daude

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 18a, 18:06

Udal Gobernuak bihar, eguena, onartuko ditu antzokia berritzeko proiektua idazteko pleguak Tokiko Gobernu Batzordean. Hala, proiektua udazkenerako idatzita egotea aurreikusten dute eta obrak 2025 bukaeran edo 2026 hasieran hastea. Proiektua idazteko kontratuaren prezioa 247.000 eurokoa da (BEZ gabe).

Maider Morras alkateak eta Andoni Arratibel Kultura zinegotziak prentsa agerraldia egin dute gaur, eguaztena, Amaia antzokia berritzeko oinarriei buruzko azalpenak emateko. Alkateak adierazi du antzokiaren zahartze mailagatik eta "azken urteetako mantenu faltaren" ondorioz, 2023an hall-eko sabaia erori zela eta areto nagusiko hezetasunak handituz joan direla. "Gobernuak eskatutako txosten teknikoak antzokiaren erreforma integrala eskatzen zuela baieztatu zuen", gaineratu du.

Hori dela eta, antzokia berritzeko proiektua idaztea da hurrengo pausoa. "Kalitatezko antzoki erresistente, funtzional eta eguneratu bat izateaz gain, herritarrentzat topagune eta kulturaz eta arte eszenikoez gozatzeko balioko duen espazioa lortu nahi dugu", adierazi du Morrasek. Antzoki berrituak era guztietako ekintzak jasotzea aurreikusten dute: arte eszenikoak, kontzertuak, formatu handiko bilerak, kongresuak, aurkezpenak eta abar.

Txoko guztiak berrituko dituzte

Erreformaren oinarria txosten teknikoak badu ere, hainbat gehikuntza egin dizkiote, "proiektua integrala izateko", Andoni Arratibel Kultura zinegotziaren esanetan. Hala, sarrera edo hall-a formatu txikiko ekintza kulturaletarako gaitzea gura du Gobernuak. "Horretarako, intsonorizatu egin beharko dugu, eta espazioa maximizatzeko aukera aztertu.

Halaber, estalkiaren erreforma ere egin beharko dela dio Arratibelek. "Antzokiaren kokapena konplexua da, etxebizitza eraikin baten atzealdean eta mendiaren maldaren kontra baitago. Horrek ur filtrazio eta hezetasun arazoak eragin ditu azken urteetan eta horiek konpontzea ezinbestekoa da", dio. Hori dela eta, kanpoko teilatua birpentsatu eta egokitu egin beharko dutela aurreratu du.

Era berean, areto nagusia goitik behera itxuraldatuko dutela nabarmendu du. "Hezetasun arazoak konpondu; goiko eserlekuak erregularizatu, araudira egokituz; butaka guztiak berritu; maskor akustikoaren sistema berritu;  klimatizazio sistema berria ezarri; lurra eta argiteria aldatu; eta kontrol-teknikorako eremu berri bat sortu.

Bestalde, oholtzako makinaria eta mekanismoen motorizazioa txertatuko dute, argiztapen profesional berria jarriko dute eta zorua aztertu. "Azken horrek berritzeko eta konpontzeko beharra balu, hala egingo genuke".

Kamerinoei dagokienez, irisgarriak eta profesionalizatuak egingo dituzte eta komunei erreparatuta, emakumezkoenei neurriak ezarri eta genero-markarik gabekoak jartzea ere aurreikusten dute.

Azkenik, bestelako lanak ere egingo dituzte: biltegia handitu eta egokitu, karga-igogailua lekualdatu, langileen aldagelen instalazioak egokitu eta abar.

Energetikoki jasangarria

Azaldu dutenez, Kontsumo Ia Nuluko Eraikinen irizpidea jarraitu beharko du eraikin berrituak. "Energia-errendimendu oso altua bermatuko duen eraikina izan beharko da. Era berean, ahal den neurrian, tokiko materialak erabiltzea hobetsiko dugu, baita lehengai berriztagarriekin egindako materialak ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak