Gabezia bat betetzeko sortutako taldeak

Mireia Bikuña 2024ko abe. 28a, 15:06

Gizartearen esparru askotan askotariko inklusioak bultzatzeko eta gauzatzeko ekimenak egiten dira. Baita kirolean ere. Kirol klub indartsuek talde inklusiboak dituzte. Baina, gora begiratu barik, bailaran 'kozinatutako' taldeak ere badaude: Arrasate Rugby Taldeko eta Ointxe!-ko talde inklusiboak, adibidez.

Puntua aldizkariaren 437. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Arrasate Rugby Taldeak (ART) errugbi inklusibo topaketa egin zuen 2022ko otsailean. Bultza Ligan ziharduten Hernani eta Gaztedi taldeak egon ziren Mojategin. Helburua garbia zen: etorkizun hurbilean, ARTk bere talde inklusiboa izatea. Helburu berarekin ipini zuen martxan Ointxe!-k saskibaloi talde inklusiboa, 2024ko maiatzean: inklusioaren aldeko apustua egin eta guztiendako kirol aukera berdintasuna bermatzeko. Horiek dira taldeko kirola egiten duten eta talde inklusiboa duten Debagoieneko bi klub bakarrak.

Bestalde, Gipuzkoako Futbol Federazioak futbol inklusibo topaketak egiten ditu, lurraldeko klubekin elkarlanean. Dagoeneko 35 egin ditu, eta horietako batzuk Arrasaten eta Bergaran izan dira. Horietan parte har dezakete desgaitasuna duten eta ez duten haurrek eta gazteek. Gabezia bat betetzeko abiarazi zuen proiektua Federazioak. "Futbol eskola amaitu arte badute espazio bat, baina, lehiaketa hasten denean, erabiltzaile horiek gizartetik kanpo geratzen dira. Horregatik ipini genuen martxan proiektu hori. Inklusiboa denez, betiko lagunekin jokatzeko aukera dute", esan du Gipuzkoako Futbol Federazioko kide Josu Zubia arrasatearrak.

Topaketez harago, futbolean lehiatzen diren taldeak ere badaude. Klub handi gehienek dituzte izen bereko ligan jokatzen duten Genuine taldeak. Bost euskal taldeek, adibidez: Realak, Alavesek, Atheticek, Osasunak eta Eibarrek; azken horretan jokatzen dute bailarako hainbat kidek.

Errugbia eta saskibaloia

Modu batera edo bestera, lehiatzen edo topaketetan parte hartzen, baloi batekin edo beste batekin, bidea luzea den arren, saskibaloiak, errugbiak eta futbolak erakutsi dute talde-kirolak inklusiorako, integraziorako eta gizarteratzeko tresna izan daitezkeela. "ARTko zuzendaritza aldatu zenean, beste begirada batekin eta pentsaera batekin hasi ginen lanean. Errugbia guztien eskura ipini gura genuen, eta erakutsi edonork praktikatu ahal duela diziplina hori, duen desgaitasuna traba izan barik", azpimarratu du ARTko kide Belen Aranbarrik.

JOSU ZUBIA: "FUTBOL ESKOLA AMAITU ARTE BADUTE EUREN ESPAZIOA; GERO, EZ"

Norabide berean ipini du martxan Ointxe!-k Ointxapeldunak taldea. "Inklusioaren aldeko apustua egin genuen, guztiontzako kirol aukera berdintasuna bermatzeko. Gure ustez, kirola ezinbesteko tresna da gizartean balioak sustatzeko. Are gehiago, inklusioa, elkartasuna, errespetua eta halako balioak klubaren DNAren parte dira", esan du Ointxapeldunak taldeko arduradun Iñaki Ogarak.

Topaketak

Modalitate guztietako kirolak ateak zabalik ditu UDAn. Lelo horri jarraiki, 2022ko maiatzaren 8an, Adeitasun Torneoa egin zuen lehen aldiz Aretxabaleta Kirol Elkarteak. Genuine txapelketan parte hartzen duten bost euskal taldeetako jokalariak egon ziren: Eibar, Alaves, Osasuna, Athletic eta Reala. Eta "beste futbol mota bat posible dela" erakutsi zuten. Guk ulertzen dugu kirola, gure kasuan futbola, osasuna dela. Era berean, kirola guztiendako zabalik dagoela uste dugu. Topaketa hori gurera ekartzeko erabakia ildo horretatik dator. Kirola osasuna da, eta guztion eskubide izan behar du", kontatu du UDAko presidente Agurtzane Elkorok.

Aretxabaletan egindako hiru topaketetan ez du hutsik egin Alavesek. Neri Martin da entrenatzailea. Alavesko futbol jokalari ohia. "Talde honen entrenatzailea izatea oso garrantzitsua da; kirolaren eta emaitzen gainetik, laguntasuna, maitasuna eta disfrutatzea dagoela erakutsi didate. Bizitza bizi behar dela, momentu txikiez disfrutatu behar dugula. Haiekin oso maitatua eta baloratua sentitzen naiz. Bizitzako gauza garrantzitsuez disfrutatzen eta horiek baloratzen erakutsi didate. Gaur egun, ez nuke talde hau ezerekin aldatuko", azpimarratu du.

Irakasgai inportantea

Izan partiduetan edo topaketetan, aldebiko irakasgai da kirol inklusiboa. Emozioak, esfortzua, laguntasuna, aniztasuna, erronka, talde-lana, errespetua, berdintasuna... dira kirol inklusiboetan lanean dihardutenek behin eta berriz erabiltzen dituzten berbak. Horiek guztiak eman eta jasotzen dituzte. "Lan handia eskatzen du halako proiektu bat martxan ipintzeak, baina, parte-hartzaileen irribarreak ikusita, merezi izan du", dio Ogarak. "Horrelako talde baten planifikazioa egiteak formakuntza, esperientzia eta bihotza eskatzen ditu. Oso ondo jakin behar duzu zer, nola eta zertarako egiten diren ariketak, jokalari guztien beharrak eta indarguneak erdigunean jartzeko. Baina, era berean, jokalarien gogoak, ilusioak eta esfortzuak bidea errazten dute", gaineratu du Martinek.

NERI MARTIN: "BIZITZAKO GAUZA GARRANTZITSUAK BALORATZEN ERAKUTSI DIDATE"

Gipuzkoako Futbol Federazioak topaketak martxan ipini zituenetik 1.500 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, feedback positiboarekin. "Erabiltzaileengandik maitasun handia jasotzen dugu. Oso esker onekoak dira. Parte hartzen duten teknikariak ez daude ohituta topaketa horietara, eta, emaitzak alde batera utziz, asko disfrutatzen dute saioekin. Halakoetan parte hartzen dugun kide guztiendako oso aberasgarria da", dio Zubiak.

Familien egitekoa

Geroz eta klub gehiagok egiten dute inklusiboaren alde. Mundu guztiak aho zabalez hitz egiten du kirol inklusiboaz, baina bidea oso luzea da oraindik. Eta familiek sufritzen dute gehien oztopoz betetako bide horretan. "Egunerokotasunean inklusioa ez da betetzen. Gizartean, bakoitzak bere bidea egiten du, eta gazte horiek, askotan, ikusezin bihurtzen dira. Kalean, sarritan, inklusioa eta integrazioa defendatzen ditugu hitzez, baina praktikan ez da betetzen. Gu geu joaten gara klubetara, bakarrik gera ez daitezen. Uste dut gizarteak ez dutela behar besteko ahaleginik egiten gazte horiek benetan integratzeko. Irati irrikaz egoten da entrenatzera joateko. Izugarri disfrutatzen du, eta horrek alaitasuna eta ilusioa ematen dizkio. Izan ere, halako taldeak beharrezkoak dira", aldarrikatu du Irati Bolinagaren ama Idoia Castelosek.

Gorka Beitia: "Beste era bateko futbola posible dela erakusten ari gara, ilusio handiarekin"

Eibarko Genuine taldeko jokalari oñatiarra

Gozamena da Eibarko Geunine taldeko jokalari izatea. Txikitan hasi nintzen futbolean, lagunekin, eta gaur egun jokatzen jarraitzea oso pozgarria da. Astean behin entrenatzen gara, eta, batzuetan, partiduak jokatzen ditugu. Adibidez, Aretxabaletako topaketan bost euskal taldeak elkartzen gara, eta, besteak beste, lagunak ikusteko aprobetxatzen dugu. Izan ere, lagun talde bat gara. Era berean, uste dut inklusioaren aldeko apustua egin beharko luketela klub guztiek. Gure kasuan moduan, beste era bateko futbola posible dela ikusarazteko. Horretan lan handia egiten dute gurekin diharduten pertsonek".

Marta Velez de Mendizabal: "Nork bere zailtasunak eta gabeziak ditu, baina elkarri laguntzen diogu"

Saskibaloi jokalari arrasatearra

"Ni oso pozik nago Ointxapeldunak taldeko kide izateagatik. Familia bat gara. Taldekide bakoitzak bere zailtasunak eta gabeziak ditu, baina elkarri laguntzen diogu. Inor ez da atzean geratzen.Talde bat gara, beste edozein bezala, eta hala erakusten dugu. Domeka arratsaldeetan egiten ditugun entrenamendu-saioetan asko gozatzen dut; bereziki, entrenatzaileek maitasun handiarekin tratatzen nautelako. Jokatzen ditugun partiduak eta beste talde batzuekin egiten ditugun topaketak oso aberasgarriak dira; adibidez, Baskoniarena. Beste kirol batzuk probatu ditut, baina oso pozik nabil saskibaloian".

Iker Gomez Gimbert: "Topaketek aukera ematen didate ni bezalako jokalari gehiagorekin egoteko"

Futbol jokalari bergararra

"2017an hasi nintzen parte hartzen Gipuzkoako Futbol Federazioak antolatutako futbol inklusibo topaketetan. Garrantzitsua da gustatzen zaidan kirola egitea, noizean behin bada ere. Topaketa horiek aukera ematen didate ni bezalako haur gehiagorekin egoteko, eta, kamiseta ematen didatenean, sari bat da niretzat. Gainera, gure entrenamenduetan, Federazioarekin topaketa antolatzen duen klubeko harrobiko jokalariek parte hartzen dute. Elkarrekin partidatxoak jokatzen ditugu, eta hori asko gustatzen zait. Adibidez, Bergaran egindako topaketan asko gozatu nuen".

 

Markel Barrocal: "Guk jokatzen dugun txapelketan balioak dira inportanteak; eguneroko hitza da"

Eibarko Genuine taldeko jokalari bergararra

"Genuine taldea oso proiektu polita da, eta oso harro esan dezaket Bigarren Mailan dagoen talde baten koloreak defendatzen ditudala. Oso pozgarria da halako klub bateko kide izatea. Gure txapelketan balioak dira inportanteenak. Eguneroko hitza da guretzat. Laguntasunak ere garrantzi handia dauka. Lagun asko egiteko balio izan dit. Hamabi jardunaldi jokatzen ditugu, lau irteeratan banatuta, bakoitzean hiru partidu jokatu. Zazpigarren denboraldia hasi dut Eibarren, eta ametsarekin jarraitu gura dut. Astean entrenamendu bat edo, asko jota, bi egiten ditugu; baina nik ia egunero egiten dut kirola".

Irati Bolinaga Castelo: "Talde horiek inklusioa eta laguntasuna bultzatzen dute, eta hori ezinbestekoa da"

Eibarko jokalari elgetarra

"Nik ez dut parte hartzen Genuine Ligako partiduetan, liga hori adimen urritasuna dutenentzat da eta. Garun-paralisia dutenen Eibarko taldean nago. Beste talde batzuen aurka jokatu izan dut torneoetan, hala nola Real Sociedad, Athletic eta Alaves taldeen aurka, eta asko disfrutatu dut. Talde horiek egotea oso positiboa dela iruditzen zait. Pertsona askorentzat aukera bikaina da kirola egiteko eta talde-giroan disfrutatzeko. Talde horiek inklusioa eta laguntasuna bultzatzen dituzte, eta hori ezinbestekoa da guretzat. Eibar futbol taldeko kide izatea oso pozgarria da, eta motibazio handia ematen dit".

Aimar Andres: "Duela hiru urte hasi nintzen errugbian, eta oso ondo pasatzen dut entrenamenduetan"

Errugbi eta saskibaloi jokalari arrasatearra

"Arrasateko bi talde inklusiboetako kidea naiz: saskibaloian eta errugbian jokatzen dut. Duela hiru bat urte hasi nintzen errugbian, eta asko gustatzen zait entrenatzea, domeketan. Kirola egiten dut, eta, gainera, lagunekin egoten naiz. Izan ere, asko laguntzen diogu elkarri. Nire arreba ere etortzen da nirekin entrenatzera; entrenamendu batean zapaldu egin nuen eta min hartu zuen. Negar apur bat egin zuen, baina, beste batzuetan, ni zapaltzen naute. Dena den, entrenamenduetan asko gozatzen dut; edozelan ere, niri askoz gehiago gustatzen zait partiduak jokatzea".

 

June Elkoro Gereka: "Barruan daukadan dena ematera eta errugbiaren arauak ikastera etortzen naiz"

Errugbi jokalari aretxabaletarra

"Ondo pasatzera, lagunekin egotera eta kirola egitera etortzen naiz Mojategira. Baina, bereziki, barruan daukadan dena ematera eta errugbiaren arauak ikastera. Partiduetan, batzuek korrika asko egiten dute eta kolpeak ematen dituzte. Entrenamenduak lasaiagoak izaten dira. Manel, Maialen, Anttoni, Paula, Martin, Beñat... betirako lagunak dira. Arrasateko errugbi taldearekin egiten ditudan entrenamenduez gain, multikirola ere egiten du. Gainera, gitarra eta pianoa jotzen ikasteko eskolak hartzen ditut, eta horietan ere lagun mordoa daukat. Mandalak margotzea ere asko gustatzen zait"

Iker Arejolaleiba: "Egunerokotasunetik urruntzeko eta lagunartean egoteko balio dit taldeak"

Saskibaloi jokalari aretxabaletarra

"Domeka arratsaldeetan entrenatzen gara, Iturripen, eta, askotan, UDAren partiduarekin batera izaten da. Ibarrara futbol partidua ikustera joaterik ez dudan arren, oso pozik nator saskibaloian jokatzera. Egunerokotasunetik urruntzeko eta lagunartean egoteko balio dit Ointxapeldunak taldeko kide izateak. Halako taldeek bizia ematen digute, kirola egiteaz gain beste arlo batzuk lantzen ditugulako. Adibidez, nik urte mordoa daramat lanean, eta gustura joaten naiz. Han baditut lagunak. Bada, kirola egiten ere gustura nabil, eta lagunak ere egin ditut. Familia bat gara eta oso babestuta sentitzen naiz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak