Puntua aldizkariaren 437. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Lanez bereziki lepo dabil azkenaldian Ainhoa Vitoria Mondragon (Arrasate, 1987). Atzo, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan izan zen, Gaztearen Maketa Lehiaketako finala aurkezten; eta urtarrilaren 17an Bergarako Seminarixoan jokatuko den Danbaka Musika Lehiaketako hiru finalistak (Malko, Del Val eta Rebel Noise) aukeratzeko orduan zuzenean eragin du, Danbakako epaimahaikide ere badelako. Kulturazalea da, nahiz eta ez duen behar besteko denborarik irakurtzeko eta kontzertuetara joateko. Lan gutxiago egitea eskatu dio 2025ari.
Amaitzear da 2024a; nolakoa izan da zuretzat?
Profesionalki eta pertsonalki ona izan da. Hori bai, askotan, sentitu dut lan gehiegi ari naizela egiten, badudala lanarekiko menpekotasuna. Eta hori ez zait gustatzen; horregatik, 2025ari eskatuko diodan aldaketa lan egiteko moduetan enfokatuko dut. Bestela, ezin naiz kexatu.
Yoko Ona podcastarekin ikusi eta entzun zaitugu, bosgarren denboraldian; nolako bidea ari da izaten?
Bosgarren denboraldi hau oso berezia eta ezberdina ari da izaten. Aretoetan, zuzenean eta publikoarekin ari gara, eta emanaldi akustikoekin borobiltzen ditugu saioak. Bidea oso polita ari da izaten, baina dena ez da polita. Aldapa ere topatu dut bidean, oihalaren atzean ikusten ez den lan asko dago eta; hala ere, izugarri ikasi dut.
Zertarako sortu zen Yoko Ona? Bete ditu helburuak?
Yoko Ona sortu zen euskal musikari emakumeei ahotsa eta plaza emateko, euren bizipenak, kezkak eta zalantzak azalarazi eta euren arteko komunikazioa sustatzeko. Uste dut bazegoela halako saio bat egiteko beharra, bazegoela emakume musikariek lasai eta garden berba egin ahalko zuten plaza baten beharra. Podcastetik pasatu diren tertuliakide eta gonbidatuek antzeko arazoak izan dituzte, emakumeok sistematikoki pairatzen ditugun erasoak diren seinale, eta horiek salatzeko ere balio du. Helburua, beraz, betetzen ari gara.
"BAZEGOEN 'YOKO ONA' EGITEKO BEHARRA, EMAKUME MUSIKARIEK LASAI ETA GARDEN BERBA EGITEKO"
Kontatzen ez dena existitzen ez delako...
Halaxe da. Kapituluz kapitulu errepikatzen dira euskal musikaren industrian emakumeek jasaten dituzten arazoak. Erreferente falta, adibidez, askotan aipatu izan da; neskak behar dira oholtzan, baina ez frontwoman-ak bakarrik. Neskak behar dira baxu-jole, teknikari edota manager lanetan. Eta erreferenteak behar dira podcastetan ere; Yoko Ona eta beste saio batzuk badira froga emakumeok halakoak egin ditzakegula, eta etor daitezela belaunaldi berriak lekukoa hartzera. Beharra bazegoen kontatzeko.
Segituko duzue kontatzen? Beste denboraldi bat bai?
Jarraitzekotan, beste era batera egingo dugu, hori ikasi dut. Ez dut Yoko Ona galdu nahi, bosgarren denboraldi hau orain arteko bereziena izaten ari delako eta publikoak zuzeneko saioetan oso ondo erantzun duelako. Gaztean ohituta nago erritmo frenetikoan elkarrizketak egitera eta abestiak aurkeztera, eta Yoko Ona-k eman dit aukera aurkezten eta miresten ditudan artista horiekin gertuko harreman lasaia egiteko. Hori ederra da, baina lasaiago lan egiten ikastea ezinbestekoa zait; goazen, orain, praktikan jartzera!
Podcastak egiten hasi zinen gaur egun bizi duten loraldiaren aurretik; zer gertatu da azken urteetan formatu horrek halako arrakasta izan dezan?
Hasteko, teknologiak demokratizatu duen beste formatu bat da; hots, ia edonork egin dezake podcast bat. Mikrofono bat eta grabagailu bat nahikoa da podcast bat egiteko. Lehen, podcastak lagun arteko solasaldiak ziren gehienak, eta horietan, telebista saio batean inondik inora aurkituko ez litzatekeen naturaltasuna zen nagusi. Diskurtsoa komunikatzeko modua aldatu egin dute, eta esango nuke telebista saioetan ere hasi garela nabaritzen podcasten arrasto hori. Kaleko komunikatzeko modu natural hori behar genuen. Bestetik, nik, behintzat, ezagutu nituen lehen podcastetan emakumeak izan ziren nabarmendu zirenak; horretarako beharra zegoen seinale. Espainiako Estatuan Deforme Semanal eta Estirando el chicle datozkit, sekulako arrakasta izan duten bi podcast. Hortik sortu zen, hain zuzen ere, Yoko Ona; ikusten genuelako oso formatu interesgarria izan zitekeela Euskal Herrirako. Baina ezin da ahaztu Deforme Semanal bi lagunen arteko solasaldi batetik hasi zela.
2010a ezkero irrati esatari; nolakoa zen orduko Ainhoa Vitoria profesionalki, eta nolakoa da gaur egungoa?
EITBn oso ume sartu nintzela gogoratzen dut, eta sekulako ilusioa nuela. Inozentzia eta beldurra gogoratzen ditut; ausardia falta ilusioak orekatu zuen; ilusio hark ahalbidetu zidan hazten jarraitzea.
"DANBAKAK ERAKUTSI DU UZTA ONA DAGOELA, BAINA EMAKUME GEHIAGO EGOTEA NAHIKO NUKE"
Eta Gaztea? Zertan aldatu da hamalau urte hauetan?
Hasteko, musikariekin dugun harremana hobetu egin dela esango nuke. Horrez gain, sentsazioa daukat 2024an musika genero gehiago jorratzen direla Euskal Herrian 2010ean jorratzen zirenak baino; estilo berrien loraldia heldu da Euskal Herrira ere, eta hori pozgarria da.
Sare sozialen erabiltzailea zara? Nolako bilakaera izan dute azken urteetan? Kezkagarria da egoera?
Erabiltzailea naiz, bai. Instagram, bereziki. Sare sozialekin kontraesan asko ditut. Instagramek bereziki aukera eman dit, batetik, erreferente feminista askoren ahotsak entzuteko, eta hortik asko ikasi dut, informazio asko atera dut. Ahots feministentzat espazioa dago sare sozialetan, eta hori asko eskertzen dut. Baina, bestetik, izugarri eskertzen dut nerabe nintzenean sare sozialik ez egon izana. 15-16 urterekin sare sozialek sekulako arazoak eragin ditzaketela frogatuta dago, eta oso zaila da hori kudeatzen. Nerabezaroan nagusi izan ohi diren beldurrak, segurtasunik ezak eta bestelakoak garatzeko sekulako arriskua dago orain mundu digitalean. Gaztetxoen artean datuak oso kezkagarriak dira... Norberaren algoritmoa entrenatzen jakitea oso garrantzitsua da gaur egun, baina nola jakin hori egiten 15-16 urte dituzunean? Nik 37 urterekin badakit zer sinistu, zein influencer jarraitu eta zein ez... Oso konplikatua da sare sozialen mundua, aukera bezain mehatxua dira gaur egun.
Lehen Twitter eta gaur egun X den sare sozialetik irtetea erabaki dute hedabide batzuek; tartean, Goienak. Erabakiarekin bat zatoz? Ze iritzi duzu?
Ulertzekoa da Goiena, adibidez, X-tik irten izana, eta oso interesgarria dela deritzot. Baina hor beste kontraesan bat ere badaukat: ados, Elon Musk-ek galbidera darama X, propagandarako bideratutako plataforma bihurtu da. Alde egitea erabaki bat izan daiteke, baina geratzea eta gurea defendatzea ere izan daiteke beste aukera bat. BlueSky deskargatu nuen, baina X-n ere jarraitzen dut. Leku guztietan nago eta... inon ere ez. Kontraesan handiak ditut gai horrekin, egia esan.
Zer moduz Danbakako epaimahaikide?
Esperientzia ederra ari da izaten, oso polita. Gainera, aitzakia bat da Arrasaterekin eta Debagoienarekin lotura mantentzeko. Debagoiena beti izan da bailara oso musika- Galea, beti egon da grina hori. Gaztea irratiarekin bezala, genero aniztasun aldetik bilakaera aipagarria ikusi dut Danbakari esker; gazteek joera berriak probatzeko gogoa dute, eta hori asko gustatzen zait. Danbakak aukera eman dit proposamen berriak ezagutzeko, gazteak zer entzuten ari diren jakiteko. Uzta ederra dago, baina aitortu behar dut emakumeen presentzia handiagoa izan beharko litzatekeela Danbakan ere. Genero disidenteek plaza hartu behar dute behingoz, eta natural.
"AIERT-EN MUSIKAK ERABAT HARRAPATU NAU; ASKO HUNKITZEN NAU HAREN ABESTEKO ERAK"
Lehiaketa berbarekin askok talka egiten dute; zuk?
Bai, badakit askori ez zaiela lehiaketaren kontzeptua gustatzen. Nik uste dut lehiaketarena aitzakia bat dela artistak ezagutzeko; esango nuke Danbakan parte hartu dutenek ez dutela lehiatik bizi izan... Aukera polita da ezagutzera emateko; eta baldintza oso egokietan, gainera.
Ze musika proiektuk zoratu zaitu azkenaldian?
Bi aipatuko dizkizut, oso zaila da-eta bakarra aukeratzea: batetik, Pablo-Pablo, Ana Laan-en eta Jorge Drexler-en semea dena; ez dakit ziur noiz, baina laster aterako du disko berria. Uda honetan musika entzuten egin ditudan negarraldi handienak haren abestiak entzuten egin ditut. Senak diost etorkizunean askotan entzungo dugun izena dela Pablo-Pablo artistarena. Bestetik, Aiert aipatuko nuke, Aiert Alberdi oñatiarra. Badakit 2022ko Danbakan arrasto handia utzi zuela; izugarri gustatzen zait Aierten sentsibilitatea, asko hunkitzen nau haren sentiberatasunak eta abesteko erak. Aierten musikak harrapatu egin nau, erabat.
Pasatu da Durangoko Azokaren 59. edizioa ere; egon zinen? Obligazio bihurtu da Durangon egotea?
Egon nintzen, bai. Ezinbesteko plaza da Durango euskal kulturarentzat, eta azoka urteroko hitzordu bihurtu da euskaldun askorentzat. Egia esan, eskerrak ohitura nahiko errotua eta hedatua dela gaur egun; sortzaile eta kontsumitzaileentzat topagune oso garrantzitsua da. Baina uste dut espiritu hori ireki egin behar dela urte osora; beste plaza batzuk sortu eta plaza berri horietara joan. Eta ez horrenbeste jendea doalako joan.
Donostian erroldatuta egoteak ez du esan nahi donostiarra zarenik, ala?
Donostian bizi den arrasatearra naiz. Ia dena dut Arrasaten: familia, lagunak... Nahi baino gutxiago joaten banaiz, ez da Donostian bizi naizelako, lan gehiegi egiten dudalako baizik. Lotura mantendu nahi dut Arrasaterekin, ahal dudan heinean.
Santamasetara etorriko zara? Txerri-dantza bai?
Etorriko naiz, baina parranda gutxi; oporrak nituen, baina, azkenean, lan egin behar... Abenduaren 22a oso egun berezia da lagunentzat eta familiarentzat, eta egun-pasa egingo dut haiekin bai edo bai. Txerri-dantza ez dut ikasi oraindik, baina ikasiko dut. Oraingoz, ikusi egingo dut, asko hunkitzen nauen dantza da eta. Gora santamasak!