Asteburu honetan bertan hasiko dira jai giroa zabaltzen herriko kaleetan. Horretarako ekitaldi sorta antolatu dute, urtea bukatu bitarterako, eta hainbat nabarmendu dituzte.
Dantzak eta artzain txakurren erakustaldia
Aurten borobileko dantza parte-hartzaileak berreskuratu nahi izan dituzte, "haurrak dantzatzera animatzeko". Zapatuan, abenduaren 14an egingo dute, Herriko Plazan, 13:00etan. Horretarako, Txikitxu-Arrostaitz eta Lore Gazteak dantza taldeetako kideen laguntza izango dute eta Udalaxpe txistulari taldeari eta Arrasateko trikiti eskolari esker, musika zuzenean izango da.
Hurrengo zapatuan, hilaren 21ean, ostera, artzain txakurren erakustaldia egingo dute Kondekuan, 12:30ean, GIATE Gipuzkoako Artzain Txakur Elkartearekin lankidetzan eta Jose Ramon Garcia artzainak gidatuta. Artzain txakurrak trebatzeko prozesuaren berri emango dute ekitaldian: txakurkume gaztetxoen sena nola indartzen den, oinarrizko aginduak nola erakusten zaizkien, txakurrak artzaintzan duen funtzioa zein den, bertako arrazaren ezaugarriak eta arrazok zaintzearen garrantzia…
Santamas egunaren bezperan, halaber, bertso jaialdia egingo dute, AEDk antolatuta. Aurtengo berrikuntza da Amaia antzokian egin beharrean, Juan Arzamendi Musika Etxean egingo dutela, 19:30ean hasita.
Santamas eguneko postuak
Abenduaren 22ko protagonista, ohi legez, txerria izango da. Aurtengoak Gurutze du izena, 228,6 kilo inguru ditu, euskal txerriaren eta iberiar jatorrikoaren arteko nahastea da, eta Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña aurrekoa baserrian hazi dute Luis Mari eta Ibai Alberdi aita-semeek.
Herriko kaleetan, ostera, postu mordoak egingo dute bat. Ganadu feriari dagokionez, Arizmendiarrieta plazan kokatuko da eta aurten hegaztiak berriro ikusi ahal izango dira, aurreko urteetako gaitzak gaindituta. Horiekin batera izango dira behiak, pottokak, moxalak, behorrak, idiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txakurrak eta beste hainbat.
Erakustaldiak ere izango dira, azken urteetan legez. Mikel Velasco artzain arrasatearrak artilea zelan moztu erakutsiko du bi txandatan, 11:00etan eta 13:00etan. Eta Juan Ignacio Regorigok zaldiak nola ferratzen diren erakustaldia egingo du 12:00etan.
Artisauak ere elkartuko dira, eta horiek nola lan egiten duten ikusteko eta euren lanak erosteko aukera egongo da. Aurten Jokin Zaitegi plaza "indartu" egin nahi izan dute eta postu gehiago egongo direla iragarri du Komisiñuak. Ekintza berezien artean, forja erakustaldia egongo da. Horrez gain, Eskuartean elkartearen eskutik artisauen azoka egongo da Seber Altube plazan hilaren 14an, 15ean eta 23an; eta hiru ikastaro egingo dituzte han: Zentzuak piztuz; Zianotipia; eta zeramika saioa.
Herri kirolen norgehiagoka
Herri kirolek ez dute hutsik egingo Santamas egunean eta Zaldibar frontoian elkartuko dira kirolariak, 12:30ean. Bi bikote mistoren arteko norgehiagokak ikusiko dira han: Karmele Gisasolak eta Oier Kañamaresek Uxue Ansorregi eta Julen Kañamares izango dituzte aurrez aurre. Eta egingo dituzten probak: harri-jasotzea, bost metroko altueran aizkorarekin ebaki bertikala; txingak eroatea; aizkorarekin ebaki horizontala; eta korrika. Behin horiek guztiak bukatuta aitzurrarekin egurra ebakiko dute, trontza erakustaldia egin, motozerrarekin egurrezko taila eta trontza herrikoian jardungo dute.