Altxa Burua Arrasatek bilera informatiboa egingo du etzi Etxaluzen

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 9a, 09:39

Ekainean Monterronen aurkeztu zuten Altxa Burua Arrasate taldea.

Urri hasieran, galdetegi bat bidali zieten Arrasateko LH-1 eta DBH-2 arteko ikasle guztien gurasoei eta eskerrak eman nahi dizkiete erantzuteko tartea hartu izanagatik. Besteak beste, galdetegiko emaitzak aurkeztuko dituzte etziko saioan.

Altxa Burua Arrasatek bilera informatiboa egingo du etzi, eguaztena, Etxaluzen, 18:00etan hasita. "Dagoeneko egiten ari garen edo egin ditugun ekintzen berri emateaz gain, prest ditugun hurrengo ekintzen berri emango dugu", azaldu dute.

Bileran parte hartzeko, izena ematea ez da derrigorrezkoa, baina bai komenigarria, zenbat partaide izango diren jakiteko. Horretarako, hemen eman daiteke izena.

Galdetegiaren emaitzen berri emango dute

Taldetik adierazi dutenez, gurasoen %42k erantzun du galdetegia eta modu orekatuan egin da maila guztietan, "DBH-1eko eta DBH-2ko datuak baxuagoak izan diren arren".

Erantzun dutenen %92k bere haurrak duen egungo egoeratik hurrengo gailua izateko momentua atzeratu nahi du. "Hau da, gailurik ez duenak oraindik ez du nahi eta gailuren bat duenak oraindik ez du smartphone-ik nahi. Herriko guraso guztien erantzunak izan ez arren, Arrasateko hamar gurasotik ia lauk atzeratu nahi dute smartphone-a emateko momentua. Beste seiek ez dakigu zer nahi duten, ez dugu informaziorik", azaldu dute.

Ikasleek gailuekin duten harremana oso desberdina da mailaren arabera. "Argi ikusten da orain arte batez ere bosgarren mailakoek erabiltzen dutela smartwatch-a portzentaje altuan eta DBH-2an orokortzen hasten direla smartphone-ak. Hala ere, %92k atzeratzeko nahia adierazi duenez, hurrengo urteetako joera zein den ikusteko dago".

'Geurie erabili zeike' ekimena

Datuak ikusita, azpimarratu dute Arrasaten dagoeneko martxan dagoela Geurie erabili zeike ekimena. "Komertzioaren zati handi bat inplikatu da gure haurrek telefonoa behar izanez gero, beraiena erabiltzeko aukera eskaintzeko".

Horrekin batera, bosgarren mailatik aurrera, "konpromiso galdetegi bat" bidaltzen dute, smartphone-a ez erosteko hautua egiten duten gurasoek elkarrekin indarrak batu ditzaten. "Urtez urte erabakitzen da konpromisoa mantendu edo ez, zaila baita gure haurrak 10 urte dituenean epe luzera gertatuko dena aurreikustea. Laster jasoko duzue konpromiso galdetegi hau bosgarren eta seigarren mailako gurasoek", zehaztu dute taldeko kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak