Puntua aldizkariaren 435. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Urte amaieran Bahrainen (Asia) izango duen borrokaldia prestatzen dabil Yaman Mjahed Nogales (Arrasate, 2002), eta zazpi egunetik seitan entrenatzen dabil, egunean bizpahiru lan-saio ezberdin eginda: gimnasioko lana, teknika lantzekoa, lan aerobikoa… Hala, MMAko borrokalari profesional moduan egingo duen hirugarren borrokaldia izango da abenduko, eta hiru garaipenekin agurtu nahi du 2024a: "Lan-karga txikitzea tokatzen da orain, eta, bereziki, abiadura lantzen nabil. Borrokaldi ona egin nahi dut; erdi arabiarra ere banaiz, eta ea hango xeke dirudunen batek begia botatzen didan eta babesleren bat aurkitzen dudan", dio, barrez, arrasatearrak. Brometan esan badu ere, borrokalari profesional izatea beste maila batera eraman nahi du 2025ean.
Elkarrizketara gimnasioko motxilarekin etorri da; izan ere, amaitutakoan, Kanpanzarrerako bidea hartuko du zuzen, Durango Fight Factoryko lagunekin entrenatzera joateko. Eta barkamena eskatu du hasi aurretik, telefono dei garrantzitsu baten zain dagoelako, kirolari profesional moduan aurrerapausoa ematen lagunduko diona. "Kirolari profesional ezagunak ordezkatzen dituen agentzia batekin gaude harremanetan, elkarlanean hasteko. Izan ere, nahiz eta maiatzean borrokalari profesional bilakatu nintzen, nire egunerokoa ez da aldatu. Beti esan ohi dut egiten duzuna eginez honaino iritsi bazara, lanean jarraituz gero nahi duzun lekura irits zaitezkeela. Horregatik, nire betiko taldearekin jarraitzen dut, ez ditut errutinak aldatu… Akaso, kanpotik ezberdin ikusiko naute, baina ez dut ezer aldatu, betikoa naiz. Zergatik? Hau guztia gaztetatik irudikatu dudalako, honekin amestu dut, eta honek guztiak ez nau ezustean harrapatu. Baina konturatu naiz profesional bilakatzeko prozesu honetan talde osoak eman behar duela pausoa, ez bakarrik borrokalari moduan egiten dugun lanak. Ukabilkadak ematearekin jada ez da nahikoa. Babesleak erakarri behar dira, marka ezberdinekin berba egin, negoziatu, borrokaldiak lotu, komunikabideekin hartu-emana izan… Horregatik erabaki dugu taldea handitzea, nik ezin dut-eta gauza horien guztien ardura izan. Nik arduratu behar dut ondo elikatzeaz, atseden ondo hartzeaz, gogor entrenatzeaz eta borrokak irabazteaz. Hortik aurrerako kontuek fokutik urruntzen zaituzte, kontzentrazioa galtzera eramaten zaituzte eta".
Esaterako, Mjahedek berak gestionatzen ditu bere sare sozialak, telefonoari pega-pega eginda dago, eta badaki bere burua saltzen: borrokaldien bideoak grabatzen dizkio taldeak, argazkilari profesionalak ditu inguruan, mundu mailan ezagun egin den Ilia Topuriak egin duen moduan bere ibilbidearen gaineko dokumental bat grabatzen ere badabil… "Hau deabrua da", dio, barrez, esku artean darabilen telefonoari begira. "Ordu mordoa eskaintzen dizkiot honi; gauza onerako, larregi…". Baina lan-tresna oso garrantzitsua da gaur egun. "Azken borrokaldiaren ostean, telefonoa sutan neukan, marka askotako mezuak handik eta hemendik… Zoramena izan zen. Horiek guztiak modu profesionalean kudeatzen hasteko ordua iritsi da, eta babesleekin beste hartu-eman bat izateko momentua iritsi da". Beste modu batean esanda, zentzu guztietan bilakatu nahi du profesional, baita arlo ekonomikoan ere.
WOWko borrokaldi guztiak irabazi ditu
Profesionaletan bi borrokaldi egin baditu ere, Yaman Mjahedek 2022an egin zuen debuta WOW konpainian, amateur. Eta bi urte hauetan txanponaren bi aurpegiak bizi izan ditu: konpainia horretako borrokaldi guztiak – zortzi– irabazi izanak ematen duen poza sentitu du, baina lesio larri batek ekartzen dituen mamuen kontra ere borrokatu behar izan du: 2023an, IMMAF Munduko Txapelketan, belauneko lotailu gurutzatua apurtu eta ebakuntza-gelarako bidea hartu behar izan zuen. "Hasieran, sinetsi ezinik egon nintzen. Nire ibilbideko momenturik onenean nengoen, eta, bat-batean, hormigoizko horma bat jarri zitzaidan aurrean: belauneko lesioa. Bi aste burumakur egin ostean, buruari buelta bat eman, eta une hartan nengoen egoeratik eraikitzen hasi nintzen. Eta orduan hasi zen ia urtebeteko prozesu luze bat".
Arrasatekoa, baina, inoiz baino indartsuago bueltatu zen martxoan, konpainian utzitako lehenengo postua errekuperatzeko gosez. Berehala egin zuen hori, Madrilgo Vistalegre palazioan, 6.000 ikusleren aurrean. Orduan, Espainian inoizko jendetza handiena batu duen MMA ikuskizuna izan zen hura –azkeneko WOWk 8.000 lagun batu ditu–, eta Jose Gilarte borrokalaria KO teknikoz menderatu zuen. "Poztasun galanta hartu nuen txapeldunaren tronua errekuperatuta, eta garbi nuen ez nuela geldirik egon gura; urtebete egon nintzen halabeharrez geldi, eta borroka gosez nintzen. Kontua da, baina, nire kategorian inork ez zuela nire kontra borrokatu nahi, eta profesionaletara salto egitea erabaki genuen. Eta, konturatu orduko, konpainiako borrokalari erreferente bilakatu naiz, elkarrekin ari gara hazten".
Debuta, ez sinistekoa
Maiatzaren 25eko WOW14 jaialdiak aurreko errekorra hautsi zuen: 7.500 lagun batu zituen Vistalegren. Arrasatekoaren debuta zen profesionaletan, Brasildik etorritako Warlen Mare Lopesen kontra. Eta debutak gauza harrigarri asko izan zituen, baina momentuan lagun gutxi batzuk bakarrik jabetu ziren horietaz. "Pisaketa 59 kilotan adostu genuen eta kontrarioa 14 kilo gehiagorekin aurkeztu zen. 14 kilo! Ni deshidratatze prozesuan nengoen buru-belarri sartuta, eta konpainiako nagusiak esan zigun borrokaldia bertan behera geratuko zela. Ezin nuen sinistu. Eta proposamen bat egitea erabaki genuen: Warlen Lopes 67 kilora jaisteko kapaz bazen, ni gertu nengoen haren kontra borrokatzeko; pisu diferentzia handia zegoen bion artean, baina garbi neukan irabazi egin behar niola. Hala, Warleni esan genion gure hotelera etortzeko, laguntzeko gertu geundela, 24 ordu genituelako pisu horretara irits zedin, eta nire lantaldearen laguntzarekin lortu zuen helburua. Gure baliabide guztiak utzi genizkion; kontrarioa baino gehiago, taldekidea zela zirudien. Nik 24 ordu haietan ahal nuen pisu gehiena errekuperatu nuen, baina oktogonora salto egin genuenean 7 kilo inguru gehiago izango zituen". Ez zuen askorik ardura: lehenengo roundean menderatu zuen arrasatearrak.
Profesionaletako bigarren borrokaldiak, baina, estutasunetan jarri zuen arrasatearra: "Ikasgai ederra izan zen, porrot moduko bat izan zen niretako, nahiz eta borrokaldia ondo amaitu nuen. Kontua da kontrarioa lehenbailehen menderatzen saiatu nintzela, eta itsutu egin nintzen horrekin". Eta harmailetan batu ziren 8.000 lagunen aurrean –beste errekor bat–, Perutik etorritako Diego El tiburón Larreak erakutsi zuen tipo gogorra dela. "Lurrean itotzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu, eta saiakera hartan indar handia xahutu nuen. Gero, borrokaldia muturrera eraman genuen, eta ezin dut halakorik onartu, arnasa eman niolako; barkatu egin nion, eta hori gure kontran etor daiteke. Lehenago amaitu behar nuen borroka hura".
Hala, abenduan Bahrainen izango duen hitzorduarekin lotuta askorik aurreratu ezin badezake ere, konfirmatuta dago otsailean Bilbon lehiatuko dela. "Miribilla kiroldegian izango da hitzordua, eta jaialdi horretako kartel-burua izango naiz, gaueko azken borrokaldia. Orain arteko jaialdiak Madrilen egin ditugu, eta etxean lehiatzeko gogoz nago; izan ere, hemen zaletasun handia dago, eta maila oso handiko borrokalariak. Ni Euskal Herriko borrokalarien artean izebergaren punta naiz, baina inguruan oso borrokalari onak daude, eta hau etengabe hazten dabilen kirol jarduera da. Ea Bilbon jendetza batzen dugun harmailetan; niretako garrantzitsua da, konpainiak nigatik ekarriko duelako jaialdia Euskal Herrira, eta etxe ondoan borrokatzea berezia izango da".
Gertukoen begietatik
Mjahedekin berriketaldi bat izatea nahikoa da borrokalari berezia dela jabetzeko. "Lehen esan dut erdi arabiarra naizela, aita marokoarra da eta. Hala, ama kristaua da eta aita musulmana, baina nik ez dut halako sinesmenik, ez dut manamendurik jarraitzen. Hala ere, bai sinisten dut Jainko batean, nire fede propioa daukat; izan daiteke ama natura, energia, norberarengan sinistea… Gauzak ondo eta zuzen egitean sinisten dut, eta horrek asko laguntzen nau. Neure buruarekin konektatuta egoten saiatzen naiz, orduan zarelako gauza gehiago egiteko kapaz. Saiatzen naiz neure buruarekin fidela izaten, horrek bake galanta ematen didalako. Gatazka emozionalak dituzun momentuan gauzak ondo egiten ez zabiltzalako da, eta hori saihesten saiatzen naiz: gogor entrenatzen ari zarela jakin, egiten duzun horretan dena eman… Horrek eramaten zaitu helburuak lortzera".
Jarraitu nahi dituen pausoak oso garbi ditu Mjahedek, haren entrenatzaile Javi Diezek nabarmendu duenez: "Gaur egun, oso erraza da Yamanekin lan egitea; lanerako daukan gaitasuna neurrigabekoa da. Entrenatzaile moduan egiten dizkiodan proposamen guztiak ondo hartzen ditu, ondo aztertzen ditu eta barneratzen saiatzen da. Baina, normala den moduan, beti ez da hala izan", dio, barrez. "Duela zazpi urte inguru hasi nintzen Yamanekin lanean, eta 14 urterekin beste gauza asko zituen buruan: entrenamenduetara kale egiten zuen, patinetean ere ibiltzen zen asko... Baina gero bai, gero ehuneko ehunean jarri zuen arreta borroka arteetan, eta apustu sendoa egin du. Hala ere, profesionaletara salto egin arren, oso-oso zaila da hemendik bizi ahal izatea. Oinarri ona jartzen dabil, eta bide horretan pausoak ematen dabil".
Boxeo irakasle Ixa Rodriguezen esanetara ere egin izan du lan Mjahedek: "Belaunetik errekuperatzen zebilela egin zuen Yamanek gurekin lan, eta Uarkapeko boxeo jaialdian esku hartzen lagundu genion. Oso kirolari gutxi ezagutu ditut lortu nahi duten hori horren argi daukatenak; argi propioa daukan pertsona da, eta garbi daukat zarata ateratzera etorri dela, zeresana emango duela". Hala, Rodriguezen eskutik boxeoa gehiago lantzen saiatu zen arrasatearra: "Gimnasio batetik bestera ibiltzea atsegin du Yamanek, handik eta hemendik hartzen du eta etengabe dabil ikasten. Egia esan, ohiko boxeoak ez du antzekotasunik MMAn egiten dutenarekin, ezberdinak dira. Eta, hala ere, Yamanen boxeoa oso ona da".
Borroka librea, baina, kirol arriskutsua izan daiteke. Ez horrenbeste borrokaldi batean gerta daitekeenagatik, epaileek lan zorrotza egiten dute-eta, baina bai urteetan zehar borrokatzen ibiltzeak kalteak eragin ditzakeelako; bereziki, buruan. "Ama moduan Yamanendako onena nahi dut, eta badakit borroka librearekin obsesionatuta dagoela, ez dauka besterik buruan. Gogoan dut umetan ez nizkiola kamioiak oparitzen, segituan aspertzen zelako. Baina ezpata bat emanez gero, zoriontsua zen, orduak ematen zituen ezpatekin jolasten. Ume- umetatik izan du halako jolasetarako joera, eta aspaldi konturatu nintzen haren ametsak nondik nora doazen, borroka egitea maite du. Baina bai, aitortuko dizut ama bezala borroka libreak ez didala batere graziarik egiten. Belauna hautsi zuenean ondo gogoan daukat zelan sufritu zuen, ondorengo errekuperazio fasea... Gaur egun, ez naiz borrokak ikustera ikusten, ez naiz kapaz. Gasteizera joaten naiz eta borroka amaitu dela eta semea ondo dagoela esango didan deiaren zain egoten naiz. Baina oso harreman estua daukat Yamanekin, badakit zenbat lan egiten dabilen bere helburua lortzeko, eta nire babesa dauka. Egia esan, ez daukat beste erremediorik", dio Patricia Nogalesek, amak, barrez.