Kulturaten egin duten prentsa agerraldiaren bidez eman dute Gabonetako kanpainaren berri. Lehenik, Gabonetarako prestatu duten iragarkia aurkeztu dute, eta, ondoren, Maider Morras alkateak hartu du berba. "Herria piztu gura dugu, bizia eman gura diogu. Edozelan ere, herria argiz bete genezake, baina kaleak pizten dituztenak herritarrak dira. Iragarkian adierazi gura izan dugun moduan, Gabonetan herria pizten duten eragile asko daude, eta guztien arteko elkarlanari esker lortzen dugu Arrasate piztea. Horregatik, elkarlanaren balioa ekarri nahi izan dugu", azpimarratu du.
Helburua, funtsean, Gabonak herrian igarotzea da. "Eragile guztiek egiten duten ekarpenaren energia batu nahi izan du kanpaina honek; herria pizteko; herriko komertzio txikia pizteko; herrigintza pizteko; euskara pizteko; harreman berriak pizteko; eta komunitate bat pizteko. Azken finean, egun hauek Arrasaten bertan gozatzeko, gure herrian, eta gertukoekin une politak bizitzeko".
50 ekintza baino gehiago
Azaldu dutenez, gaur argiak piztuta abiatuko duten egitarauak 50 ekintza baino gehiago jasotzen ditu –iaz 30 inguru izan ziren–. Hori dela eta, egitarau fisikoa baino gehiago, egitarau digitalaren aldeko apustua egin du Udalak. "Horrek bi irizpide nagusiren araberako filtroa egiteko aukera ematen du: ekitaldi mota eta nori zuzendua dagoen".
Haurrendako boloa bihar
Haurrei dagokienez, San Nikolas boloa izango dute bihar, egubakoitza, auzoetan zein Herriko Plazan. Horrekin batera, pizgarriak ere izango dituzte Biterin, Ibai-arteren eskutik, honako egun hauetan: abenduaren 6an, 7an, 8an, 14an eta 28an. Halaber, Yougurinha Borovaren haur ikuskizuna izango da hilaren 30ean, baita Txikilandia ere, urtarrilaren 2tik 4ra.
Olatz Salvador hilaren 23an
Musika ere ez da faltako; izan ere, herriko taldeen emanaldiak izango dira –trikiti taldea, Goikobalu, Arrasate Musikal edota Txorbela Otxotea–. Era berean, Akordeoi Lehiaketa izango da asteburuan, Euskadi Brass taldea Juan Arzamendi Musika Etxean ariko da hilaren 14an eta Olatz Salvadorrek kontzertua egingo du Amaia antzokian abenduaren 23an.
Horrez gain, Erraldoi eta Kilikien Konpartsak kalejira egingo du abenduaren 21ean eta Wonderland kale ikuskizuna egingo dute abenduaren 20an, Ibai-artek antolatuta.
Askotariko azokak
Santamasetako azokaz gain, Arrasateko artisauen azoka izango da Seber Altubeko karpan, abenduaren 14an, 15ean, 21ean eta 23an. Bestalde, Jostailu Truke Merkatua egingo dute abenduaren 14an, Biterin, eta IMME elkarteak jostailuak banatuko ditu abenduaren 20an. Berrikuntza gisa, azkenik, bigarren eskuko liburu azoka egingo dute hilaren 14an, Loralde elkarteak antolatuta, Josle denda parean.
Erakusleiho Lehiaketa martxan
Establezimenduek abenduaren 9ra arte edukiko dute Erakusleiho Lehiaketan izena emateko aukera, BAZen zein Arrasate.eus-en, eta aurten sari berriak egongo direla aurreratu dute. Lehen saria 1.000 euro izango dira; bigarrena, 700 euro; hirugarrena, 600 euro; laugarrena, 500 euro; aipamen berezia, 200 euroko lau sari; Herritarren Saria, 500 euro; eta Haur eta Gazteen Saria, 500 euro. Halaber, Herritarren Saria bozkatzen dutenen artean 120 euroko hamar bonu zozkatuko dituzte herriko dendetan gastatzeko eta Haur eta Gazteen Saria bozkatzen dutenen artean, aldiz, 50 euroko bost bonu.
Karpa Seber Altube plazan
Gabonetako karpa berezia jarriko dute Seber Altube plazan, eta han gauzatuko dituzte hainbat ekintza: azokak, tailerrak eta bi drag ikuskizun, esaterako. Edozelan ere, ekintzarik ez dagoenean ere herritarrentzat aterpe funtzioa izan dezan gura du Udalak.