Hizkuntza gutxituen inguruan gertatutako generizazio prozesuak aztertu dituzte EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasle Jone Miren Hernandez Garciak eta Marta Luxan Serranok, euskararen erabileran antzemandako feminizazioa adibidetzat harturik. AED elkarteak eta Ekin Emakumeek gonbidatuta eman zituzten azalpenak asteartean Kulturateko Jokin Zaitegi aretoan.
Zer hartu duzue oinarri ikerketa egiteko orduan?
Emakumezkoek euskaraz gizonezkoek baino gehiago hitz egiten duten baieztapena, 1990etik datorrena. 2022an Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako ikerketa hori berretsi zuen, azken bost urteetako datuak hartuta. Hortik ondorioztatzen da euskararen erabilera feminizatzen ari dela, eta are gehiago feminizatu daitekeela. Estatistika horiek halako gauzak azaltzeko balio dezakete, baina ulertu behar dugu nola eraikitzen diren eta eraikitze prozesu horien atzean zer dagoen. Gainera, estatistikek zati bat bakarrik jasotzen dute, eta kanpoan gauza piloa geratzen dira.
Emakume/gizon dikotomiatik harago joan nahi izan duzue?
Guk plazaratu nahi dugu estatistika eta diskurtso horien bitartez hiztun bitarra berreraikitzen ari garela. Eta interesgarria litzateke pentsamendua irekitzea, beste modu batean planteatzea. Hiztuna anitzagoa izan daiteke, euskaldun hiztun queerra badago, begira Zarauzko igandeko bertso saioa, Altxa Lili kabareta… Gauza asko egiten dabiltza eta une honetan horri begiratzea da garrantzitsua. Hiztun horiei ere arreta jarri behar diegu, euren inguruan ere hitz egin behar dugu, gauza emergenteak gertatzen ari dira. Bestela, erdigunean hiztun-profil bakarra jarriko da, sozialki eraikia. Baina hiztunak, izatez, anitzak dira eta anitzak izan dira iraganean ere.
Aipatzen duzue iraganeko momentu batzuetan emakumeak euskararen erdigunean agertzen direla, eta beste batzuetan periferian; adibideren bat jartzerik?
Adibidez, frankismo garaian, lehen ikastola erdi-klandestinoak emakume sare bat zegoelako sortu ziren. Mende hasieratik zetozen hainbat emakumek hartu zuten rol hura, Emakume Abertzale Batzaren mugimendutik zetozenek, Elvira Zipitriak eta hainbatek. Idoia Fernandezek ikerketa zoragarri batean azaltzen du hori. 70eko hamarkadan hasten dira Ikastolak "ofizializatzen edo instituzionalizatzen", eta orduan hasten dira gizonezkoak agertzen. Hortik aurrera, emakumez osatutako sarea desegiten da eta emakume haiek ikusezin geratzen dira. Dimentsio publikoa hartzen dute ikastolek eta jada ez dira militantziarekin hainbeste lortzen. Noski bazeudela emakumeak han, baina ordura arte euskal hezkuntza erabat zegoen emakumeen eskuetan. Eta gizonezkoak bultzatzen, bai. Baina zergatik desagertzen dira emakume horiek? Gizartean beste mugimendu batzuk gertatzen ari direlako. Tresna bat daukagu, nahiko konplikatua, genero sistema edo patriarkatua deitzen dioguna. Ez da elementu bat modu independentean mugitzen dena. Ziur aski, halako mugimendu bat gertatzeko bestelako mugimenduak gertatu dira inguruan.
Ze beste ondorio atera duzue?
XX. mende hasieran bazeuden autore batzuk emakumeen hizkuntza praktikak epaitzen zituztenak. Batzuek esaten zuten emakumeak salbatzaileak direla eta haien eskuetan utzi behar dela euskara; eta beste batzuek, kontrakoa, emakumeak erdarara jotzen dabiltzala etengabe. Aldiz, gizonezkoen joera ez da epaitua izan, halako testurik ez dugu aurkitu, ez dago bi generoen arteko konparaketarik. Hori bada ondorioetako bat: emakumeen jokabidea beti egon da erdigunean.
Hori euskararekin gertatu da soilik?
Azterketa bibliografikoa egin dugu, beste hizkuntza gutxitu batzuetako komunitateetan zer gertatu den aztertzeko, eta gauza bera gertatu da; emakumeen inguruan eraikitako diskurtso eta ikuskera batzuk errepikatu egin dira beste komunitate askotan: Galesen, Irlandan, Latinoamerikan... Emakumeen figura oso lotuta egon izan da transmisioarekin, hezkuntzarekin; hor dugu ama-hizkuntzaren kontzeptua bera. Horrek baditu arrisku batzuk. Egiten diren interpretazioak dira, neurri batean, hizkuntza gutxituen biziraupena emakumeen esku uzten dela. Ikusi dugu beste komunitate batzuetan ere.
Gizonek, aldiz, ze rol hartzen dute?
Hizkuntza gutxituetan aritzeak izan ditzakeen ondorio positiboak gizonezkoek hartzen dituzte, baina horren inguruan ez da horrenbeste eztabaidatzen. Hau da, zalantzan jartzen den guztia emakumeen esku uzten da, eta, are gehiago, emakume euskalduna izatea zer den ere horren gainean eraikitzen da. Beraz, ari gara emakume euskaldun batzuei buruz hitz egiten. Baina aldarrikatu nahi duguna da badaudela emakume euskaldun izateko beste modu batzuk.
Genero perspektibatik ikertzen jarraitzeko beharra ikusten duzue?
Bai; begirada konplexu bat, beste toki bat behar dugu gauzei begiratzeko. Rol banaketa gertatu da hizkuntzarekin. Eta zer gertatzen da apurtzen badugu dinamika horrekin? Interesgarria da, abanikoa irekitzen da. Dagoeneko ez litzateke izango: edo zuk edo nik.