Euskaraldiaren laugarren edizioa gero eta gertuago dago, eta herrietan giroa berotzen hasia da. Ekimen horrek hizkuntza-ohituren aldaketa eta euskararen erabilera sustatzea du helburu, baina arrakasta lortzeko ezinbestekoa da aurretik herritarrak motibatzea eta euskararen aldeko mugimendua indartzea. Horretarako sortu da Gozaldia, Euskaraldiari begira antolatutako kultur ekimena, eta parte-hartzea bultzatzeko egitasmo berezia. Arrasatek, beste hainbat herriren moduan, ostiral honetan ospatuko du Gozaldia, euskararen aldeko jai gozo eta hunkigarria bilakatuta.
Euskaraldia euskararen erabilera sustatzeko ekimen kolektiboa da, jada hainbat edizio arrakastatsu izan dituena. Ikerketek diote parte-hartzaileen bi herenek hizkuntza-ohiturak aldatzen dituztela Euskaraldiari esker. Urtez urte, ekimenak euskara gehiago erabiltzeko eta hizkuntza-ohiturak kontzienteki aldatzeko espazio bat sortu du. Dena den, euskara gehiago eta hobeto erabiltzeko erronka horrek jarraipena behar du, eta laugarren edizioa, 2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo dena, indarberrituta dator. Garazi Azkuek, Euskaraldiko komunikazio arduradunak, nabarmendu du "aurretik egiten den mugimendu guztia Euskaraldia bera bezain garrantzitsua" dela.
"AURRETIK EGITEN DEN MUGIMENDU GUZTIA EUSKARALDIA BERA BEZAIN GARRANTZITSUA DA"
Euskaraldiaren aurretik giroa berotzeko sortutako ekimen berezia da Gozaldia. Ez da festa arrunt bat, baizik eta herrietan giro alaia eta motibazioa pizteko aukera. Azkuek azaldu duenez, "Euskaraldia badatorrela adierazteko modu bat da, eta maiatzaren 15etik 25era egingo dela gogorarazteko aukera". Herri batzordeak indartu, herritarrak aktibatu eta euskararen erabilera sustatzeko helburua du.
Herri bakoitzak bere ekitaldiak antolatzen ditu, haren behar eta egoerei egokituz. Aurten, hamabost herri inguruk egingo dute Gozaldia; gehienek, zapatuan. Euskararen Eguna abenduaren 3an izanik, bada hurrengo bi asteak ere baliatuko dituztenak. "Arrasatek erabaki du Gozaldia egubakoitzera aurreratzea, zapatuan ekintza ugari baitira herrian", azaldu du Arrasateko Euskaraldiko dinamizatzaile Uxue Sampedrok.
Gozotasunekin, konpromisora
Arrasaten, Seber Altuben ospatuko da Gozaldia, gaur. Hain zuzen ere, 17:00etan hasiko dira ekitaldiak, herriko hainbat gozogileren parte-hartzearekin: Goxo Goxua, Errastiko gozogileak eta Saharako pastak salgai egongo dira. Sampedrok adierazi duenez, "prezio sinboliko batean, bi euroren truke, herritarrek produktu goxoak eta sagar-zukua dastatzeko aukera izango dute".
Haurrak eta gurasoak ere protagonista izango dira. Txatxilipurdi elkarteko lagunek jolasak eta askotariko dinamikak antolatzen arituko dira, giroa alaitzeko. Ekitaldi nagusia 18:00etan izango da, eta Arrasateko Euskaraldiko hamaikakoaren aurkezpena egingo dute. Izenak ondo dioen moduan eta hasierako Euskaraldian egin moduan, hamaika laguneko enbaxadore taldeak osatzen du hamaikakoa. "Adin eta euskararekiko harreman desberdinak dituzten pertsonak dira; tartean, euskaldun berriak ere badaude. Guztiek euskararekiko jarrera positiboa dute", azaldu du Sampedrok".
Honako hauek osatzen dute Arrasateko hamaikakoa: Brian Mena Echeverria, Anixe Uribarren Bengoa, Luka Bergaretxe Otadui, Maitane Tricio Duque, Aitor Etxezarreta Learreta, Gloria Nieves del Olmo, Arkaitz Agirrezabal Mateo, Emma Cairns, Fernando San Miguel Zubieta, Lucy Cebrino Lozano eta Belen Kortabarria Atxa. Sampedrok nabarmendu du guztiek ezaugarri bat dutela amankomunean: "Ariketa egiteko prest dauden pertsonak dira guztiak, bai ahobizi zein belarriprest" .
Motorrak berotu ostean
Euskaraldiaren arrakasta ez da hamaika egunetan egiten den hizkuntza-ariketan bakarrik oinarritzen; atzean prestaketa-lan handia dago. Ekimenak benetako eragina izan dezan, ezinbestekoa da herrietan mugimendu aktiboa sortzea eta parte-hartzaileak konprometiturik egotea. Sampedrok gogorarazi duenez, "ez da soilik hamaika egunetan ariketa bat egitea, baizik eta aurretik prestakuntza eta ostean jarraipena izatean oinarritzen da". Horretarako, Arrasateko talde motorra lanean ari da, herritarrak eta eragileak mobilizatzeko.
GOZALDIA DA EUSKARAREN ALDEKO ELKARGUNE ETA EUSKARALDIA HASTEKO PIZGARRI
Motorrak berotzen hasteko, herrietan batzordeak eratu eta antolakuntza sendotzen da, lehenik. Horri esker, talde motorrek Euskaraldia prestatzen duten bitartean, herritarrak ere parte hartzera bultzatzen dituzte. Era berean, ekimen horren garrantziaz jabetzeko, hausnarketa sustatzen da: zein rol hartuko duen parte-hartzaile bakoitzak, hizkuntza-ohiturak nola aldatu ditzakeen eta zer erronkari eusteko prest dagoen. Ahobizi edo belarriprest rolen artean aukeratzeko, hausnarketa horiek beharrezkoak dira. Ilusioz ekingo diote lan horri.
Batzordeek, gainera, giroa pizteko ekimenak antolatzen dituzte. Gozaldia eta halako egitasmoak aukera bikaina dira, Euskaraldiaren berri emateaz gain, herritarrak ilusioz betetzeko eta euren eginkizuna aktiboki hartzera animatzeko. "Ez da bakarrik Euskaraldia gerturatzen ari dela esatea, baizik eta euskararen aldeko ekintza kolektibo baten parte izatea eragiten du", azaldu du Arrasateko Euskaraldiko dinamizatzaileak.
Aurtengo helburua argia da: "Ilusioa berpiztea eta euskararen erabilera eguneroko ohitura bihurtzeko ahalegina egitea". Eta ezinbestekoa izango da herritarren, entitateen eta eragileen arteko elkarlana indartzea. Gozaldia eta gisa horretako ekimenak dira, hain zuzen ere, prozesu horren lehen urrats garrantzitsuak.