Oihu bat Arrasatetik Palestinara izenpean, kontzertu solidarioa egingo dute zapatuan Monterron parkean, 17:00etan hasita. Sanitarioak Palestinarekin taldeak antolatu du, Arrasateko Udalarekin elkarlanean. "Palestinaren aldeko oihu ozen bat izateko helburuarekin prestatu dugu kontzertua, Udalarekin, herriko musika taldeekin eta herritarrekin bat", dio Plazak.
Orain arte, ekitaldi bakarra egin du taldeak, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Zapatukoa, beraz, bigarren kontzertu solidarioa izango da. Gainera, merchandisinga salgai edukiko dute: kamisetak, txapak, poltsak eta pegatinak.
Debagoieneko hainbat talde ariko dira oholtzan: El Volquete, The Clayton, Trumans, Etxepe eta DMT (Denso, Mutiko eta Tatta). Horrekin batera, Andere Arriolabengoa bertsolari aramaioarra ere ariko da, irrintzilarien laguntzarekin. Sarrerak hamar euroko prezioa izango du, momentuan bertan. "Edozelan ere, kontzertura joan ezin denak baina ekarpena egin nahi duenak, Maitia dendan eta Irati tabernan dauka horretarako aukera", dio Cristian Coellok, Trumans taldeko abeslari eta antolakuntza taldeko kideak.
Palestinari elkartasuna adierazteaz gain, Israel egiten ari dena salatzea da kontzertuaren helburu nagusia: "Etorkizunean inork ezingo du esan egoera honen berri ez genuenik eta salatu ez genuenik. Zuzenean ikusten dugu telebistan eta, hala ere, Israelek baimena du herri palestinarra guztiz ezabatu arte jarraitzeko. Datuak beldurgarriak dira. 44.000 mila hildakotik gora, 200.000 baino gehiago izan daitezkeenak. Horien erdiak, gainera, haurrak dira. Gazan gosez hiltzen ari dira eta jadanik milaka dira modu horretan hildakoak. Gosea ari dira erabiltzen arma bezala. Han harrapatutako gazteak galdu dute etorkizunaren esperantza eta ez gara horren aurrean isilik egongo. Alderantziz, garrasi egingo dugu. Ezin dugu beste alde batera begiratu Israelgo estatua Gazan genozidio bat burutzen ari den bitartean", nabarmendu du Plazak.
Laguntza, UNRWA agentziaren bitartez
Palestinari laguntzeko sortutako talde bat da Sanitarioak Palestinarekin, Euskal Herri mailakoa, eta UNRWA erakundearen bitartez ematen dute laguntza hori –Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentzia–. "Errefuxiatuei laguntza ematen die UNRWAk, Palestinan bertan daudenei zein kanpoan daudenei, Libanon, esaterako. Hezkuntza eta laguntza sanitarioa ematen diete eta, bera berean, datu bilketa bat egiten dute, errefuxiatuak Palestinara itzul daitezen Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak betetzen direnean", adierazi du Alberto Villarrealek, Sanitarioak Palestinarekin taldeko kideak.
Gaineratu duenez, Palestinan presentzia gehien daukan agentzia da UNRWA, eta kanpotik emandako laguntza ondoen banatu dezakeena. "Gainera, Israelek UNRWAren aurka egin du azkenaldian eta hori argudiatzeko hainbat delitu leporatu dizkio agentziari; esaterako, urriaren 7ko atentatuetan parte hartu izana. Hori dela eta, inoiz baino laguntza gehiago behar dute. Finean, Israelek eten egin nahi ditu Palestinari laguntzeko bide guztiak, palestinarrek etxera itzultzeko aukerarik izan ez dezaten. Apartheid bat ikusten ari gara".
Urtebeteko ibilbidea du taldeak
2023ko urriaren 7an Hamasek egindako atentatuen eta Israelen ondorengo erantzunaren harira sortu zuten Sanitarioak Palestinarekin taldea, Telegram sare sozialaren bitartez. "Israel sanitarioak erasotzen ari zen eta hori nazioarteko legedia guztien aurkako zerbait da, Genevako akordioetan oinarrituta. Gerra batean ezin zaie sekula eraso egin herritarrei, sanitarioei eta kazetariei. Beraz, ikusi genuen zerbait egin beharra genuela eta gertatzen ari dena salatu egin behar genuela", nabarmendu du Villarrealek.