Bi hamarkada eta gero, bueltan da 'El huesped del sevillano' zarzuela

Julen Murua Mesonero 2024ko aza. 21a, 15:29

Asteburuan antzeztuko dute Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko kideek Jacinto Guerreroren El huésped del sevillano zarzuela; egubakoitzean 20:00etan, eta zapatuan eta domekan 19:30ean.

Apirilean hasi ziren lana prestatzen, eta hilabete luzez lanean ibili ostean, argia ikusiko du antzezlanak. Maria Izaga da bakarlari gisa ibiliko denetako bat, eta obra inoiz ikusi ez dutenei azaldu die, labur-labur, zertan datzan antzezlana "Toledon gertatzen den obra bat da, non ostatu bateko langile bat den protagonista; pertsona famatu bat da, eta hark kontatzen du Toledo inguruan gertatzen zen guztia".

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoarendako, 20 urtez lozorroan egon den antzezlan bat da; izan ere, 2004an antzeztu zuten azkenekoz obra hau, eta bakarlariei edo pertsonaia nagusiei dagokienez, Mikel Izurrategi izango da, bi hamarkada geroago, errepikatuko duen bakarra. Izurrategik dio urteak aurrera egin arren, "ilusioak eta gogoak" ukigabe jarraitzen dutela; musikari dagokionez, berriz, Izurrategik dio "ahotsetan" nabaritzen dela adinaren kontua.

Orain arteko entseguak “oso ondo” joan direla dio Cristina Cubillo musika-zuzendariak, eta musikalki, zailtasun handiagoko zarzuelak badaude ere, Cubillok dio koruak eta bakarlariek lan izugarria egin dutela: "Koruak duen papera asko landu dugu, eta uste dut emaitza positiboa izango dela. Bakarlariei dagokienez, sekulako lana egin dute. Oso obra exijentea da, batez ere, sopranoentzat eta tenoreentzat, baina asko landu dugu, eta oso ondo egingo dute".

Esker hitzak

Antzezlanak egin aurretik, "eskerrak" eman gura izan dizkiete "Amaia antzokira hurbilduko diren herritar guztiei". Egubakoitzeko sarrera guztiak agortuta daude, baina oraindik zapatuko eta domekako emanaldietarako sarrera gutxi batzuk geratzen dira Arrasateko Udalaren webgunean (www.arrasate.eus). 

Harremanek hiru saski zozketatuko ditu

Izaskun Murgia Elkarte Lirikoa Harreman elkartearekin elkarlanean ari da aurten ere, herri pobretuek bizitza duina lortzeko aukerak sortzea helburu duen zozketa solidarioan. Hala, hiru saski zozketatuko ditu asteburuan, antzezlan bakoitzean bat. EreinDaJanek bertako produktu ekologikoekin egokitutako saski bat, eta beste bi Harreman-dendako Bidezko Merkataritzako produktuekin. Zozketa bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da. Bildutako dirua Mumbaiko (India) ANKUR umeentzako harrera-zentroaren proiektura eta Mundukide Mozambiken egiten ari den programara bideratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak