Zutunik. Utopian gara aske hitzaldia eman du Arnaldo Otegik gaur, Arrasateko Kulturaten, Arrasateko EH Bilduk antolatuta. Gaur egungo Euskal Herriari begiratu dio hitzaldian, Otegik, eta EH Bildu buru-belarri lanean ari den III. Kongresuaz ere hitz egin du: "Ohiko kongresu bat egingo dugu, baina ezohiko anbizioarekin". Burujabetza "gradualki" lortu behar dela dio.
Egungo egoeraren analisia egin du Otegik, eta bide horretatik, adierazi du politika neoliberalistek "porrot" egin dutela, eta gaur egun estatuarekiko harreman ereduak ez duela "irismen estrategikorik". Horren aurrean, EH Bilduren alternatiba ekarri du mahai gainera: "Proposatzen dugu Euskal Herrian hirugarren eraldaketa nazional eta herritar bat egitea, eta horren eskema oso sinplea da: burujabetza gehiago, eta politika antineoliberal gehiago".
Arlo ekonomikoari dagokionez, adierazi du neoliberalismoak ez duela "inongo arazorik" konpondu: "Mundua askoz ere desegonkorragoa sortu du, gerraz beterik dago, pobrezia geroz eta handiagoa da, etxebizitza arazoa hor dago, zaintzaren arazoa ere hor dago... Ez du inongo konponbiderik ematen". Politika antineoliberalak proposatu ditu; eta, besteak beste, administrazio publikoak "bere ardurak" hartu behar dituela defendatu du: "Sektore publikoaren ardurapean egin behar dira politika publiko guztiak. Horrek ez du esan nahi berak bakarrik egin behar dituela, baina bai zeregin bat duela horretan, eta jendearen eskubideak bermatu behar dituela.
Burujabetza helburu
Burujabetzarako bidea izan da Otegiren hitzaldiaren beste ardatzetako bat. Hori da, hain zuzen, otsailean egingo den EH Bilduren III. Kongresuan landuko den gai nabarmen bat. "Herri hau ez da errespetatua, ez da bere naziotasuna errespetatzen, eta beste eredu bat behar du", adierazi du. "Bidea guretzat independentzian bukatzen da, euskal errepublika konfederalean. Baina bide horretan zati ezberdinak egin behar ditugu gailurrera heltzeko. Eta momentu historiko honetan, uste dugu zati bat egin behar dela, gailurretik ahalik eta gertuen jarri behar da beste kanpamentu bat, eta horretan bada oinarri bat: nazio bezala onartuak eta errespetatuak izan behar gara, burujabetza gehiago behar dugu, erabakitze eskubidea onartu behar zaigu, eta euskal lurraldeen arteko harremanak ere indartu egin behar dira".
Hala ere, nabarmendu du burujabetzarako bidea ez duela EH Bilduk alderdi bezala soilik eman behar, baizik eta "herriak", bere osotasunean egin behar duela bide hori. "Alderdi batek ezin du herri bezala negoziatu estatus politiko bat, hori herriak egin behar du. Nola lortu hori? Akordio ahalik eta zabalena bultzatuz, ez bakarrik alderdi politikoen artean, baizik eta sindikatuen artean, langileen artean, herri mugimenduaren artean...eta Madrilera joaten garenean negoziatzera, herri bezala joan behar gara, ez alderdi bezala. "
III. Kongresua
Otsailean egingo du EH Bilduk hirugarren kongresua, eta urrian aurkeztu zuen jada Otegik berak. Hain zuzen, hainbat herritan egingo dute, Arrasaten bezala, kongresuaren ideiak barnebilduko dituen hitzaldia. Aurkezpena, gainera, Debagoienean egin zuten: Bergarako Olaso Dorrean. Otegik berak azpimarratu du leku horrek daukan pisu sinbolikoa: "Abertzaletasunarentzat eta euskararentzat sinbolo oso inportante bat da. Gogoratu behar da han Jose Antonio Agirre eta Telesforo Monzon txikiak zirenean jolasten zirela. Oso argi geneukan sinbolismo handia zuela. Sinbolismoz beterik sartu gara kongresu honetan. Zutunik hitza erabili dugu, bere garaian Jose Antonio Agirrek erabili zuena bere kargua zin egiteko. Utopiari buruz ere hitz egin dugu, Telesforo Monzonek esan zuen esaldi bat erabilita. Uste dugu hori ere inportantea dela".