Mojategi berritua erabilgarri dago

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko aza. 13a, 17:51

Prentsa agerraldia egin dute Mikel San Miguel Kirol zinegotziak eta Kepa Urteaga Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. Azaldu dutenez, obra ofizialki bukatzeko xehetasun batzuk falta diren arren, azpiegitura guztiak erabilgarri daude dagoeneko. Udalak 1,1 milioi euroko inbertsioa egin du.

Uztailean hasi zituzten Mojategiko argiteria eta atletismo pista eraberritzeko lanak eta dagoeneko amaitutzat eman dituzte, azken ukituen faltan. Urteaga zein San Miguel "pozik" agertu dira emaitzarekin.

Berrikuntza nabarmenena atletismo pistaren kolorea izan da, morea. "Proiektua definitzeari ekin genionean, Arrasateko bereizgarri den more kolorea atletismo pistari egokitzea pentsatu genuen, eta kirol elkarte zein teknikariekin kontrastatuta, bideragarri ikusi genuen. Emaitzarekin oso pozik agertu gara guztiok", adierazi du Urteagak. Modu horretan, pista bera berritzeaz gain, ekipamendu guztia ere berritu dute: koltxonetak, hesiak, pertikak, salto egiteko area eta abar.

San Miguelek zera nabarmendu du: "Kirol elkarteak dagoeneko han entrenatzen ari dira. Atletismo taldea asteburuan sartu zen pista erabiltzera, eta jaso ditugun mezuengatik, oso pozik daude berrikuntzekin. Ikasturte hasiera honetan, herriko beste instalazio batzuetan aritu dira entrenatzen".

LED argiteria jarri dute

Mojategin dauden zortzi argi-dorreak ere berritu dituzte, "guztietan LED sistema jasangarria" jarrita. Honek kontsumo energetiko txikiagoa ekarriko du, eta, aldi berean, argindarraren faktura nabarmen gutxituko da, Urteagaren esanetan. "Efizientzia energetiko eta ekonomikoa lortuko dugu eta uste dugu kontsumoa %50 jaisteko moduan egongo garela. Era berean, sistema berriak aukera emango du bi zelaietan argia erregulatzeko eta, erabileraren arabera egokitzeko. Horrekin batera, mantentze lanak egiteko baliabideak gehitu ditugu argi-dorretan, langileak dorreetara ahalik eta gutxien igo daitezen".

Apustua kirol azpiegituretan

San Miguelek azaldu du kirol instalazioak berritu edota mantentzeko diru partida "garrantzitsuak" bideratzen ari direla, etorkizunerako inbertsio gisa ulertuta. "Hasieratik, garbi ikusi genuen kirol azpiegituretan inbertsioak egin behar genituela, horretarako beharra zegoela, eta horretan ari gara. Musakolan, esaterako, Antoñako frontoia konpontzeko lanak abiaraziko dituzte urte amaierarako. Hala ere, jakitun gara oraindik lan handia dagoela kirol instalazio duinak izateko, baina lan horretan ari gara, eta epe ertainean hobekuntzak ikusten joango gara", bukatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak