Zientzia eta Teknologia Astea dela eta hainbat ekitaldi antolatu ditu MUk

Imanol Beloki Unamuno 2024ko aza. 12a, 12:03

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat ekitaldi antolatu ditu aste honetarako Zientzia eta Teknologia Astea dela-eta.  Hitzaldiak, bisitak, lantegiak eta mahai-inguruak antolatu dituzte DBHko eta Batxilergoko ikasleentzat, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko helburuarekin.

Astelehenean hasi zituzten ekintzak, eta Arrasate Institutuko DBH3ko ikasleentzat zuzendutako jarduerak izan ziren Garaia Parke Teknologikoan eta baita Iturripeko campusean ere.

Laborategietan bisitak

Maite Anaya Rodriguezek, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Orientazioko Koordinatzaileak azaldu du zer egin zuten atzoko egunean: "Gaurkoan scape room bat egin dugu, eta, gero, bisita gidatua egin dute ingeniaritzako laborategi ezberdinak ikusteko. Gero, astean zehar tailerrak egongo dira, mahai inguruak… ZTIM arloak eta bokazioak pizteko ekintza ezberdinak".

Scape Room egiten ari zirenekoa. Argazkia: Unai Cantabrana

Hiru laborategi ikusi dituzte: Prototipatzeko irudi laborategia, biomaterialak eta konpositeena. Gustura izan ziren ikasleak bertan ikusitakoen gainean galdetzen.

Egitarau betea

Zientzia eta Teknologia Asteari hasiera emanda, azaroaren 13an, asteazkena, Danobatgroup talde kooperatibo eta industrialeko ordezkariek hitzaldia eskainiko dute Garaian; Euskal Herriko parke naturalen appa lantegia egingo da, ikasleek parke naturalen inguruko aplikazioa diseinatzen ikas dezaten.

Azaroaren 14an, eguenean, programazio-lantegia egingo da Garaian, eta ikasleek familiekin batera bertaratzeko aukera izango dute. Adimen artifizialaren etorkizuneko erronkak ulertuko dituzte, pentsamendu kritikoa garatu eta arazoak konponduko dituzte. Programazioaren funtsen berri ere jasoz.

Zientziaren eta Teknologiaren Nazioarteko Asteko jarduerekin bukatzeko, azaroaren 15ean, ostiralean, Zientzia eta Teknologia arloan erreferente diren zenbait lagunen parte-hartzearekin. Gazteek gai zientifiko-teknologikoen inguruan dituzten zalantzak argituko dituzte bertan. Era berean, bisita gidatua egingo da, Garaia parke teknologikoa osatzen duten enpresak ezagutzeko.

Arrautza jaurtiketa

Aurtengoan ere ez da faltako arrautza-jaurtiketako txapelketa. Orain dela 25 urte hasi zen Mondragon Unibertsitatea ekitaldia antolatzen, ikasleei gelan ikasitako gaitasun zientifiko-teknologikoak praktikan jartzen laguntzeko. Oraingoan ikasleak izango dira protagonista, eta, parte hartu ahal izateko, gehienez ere 60 segundoko bideoa bidali beharko diete antolatzaileei (ptgaraia@ptgaraia.eus) helbidera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak