Azaroaren 5ean izan ziren hauteskundeak Amerikar Estatu Batuetan, eta Kamala Harris demokrataren eta Donald Trump errepublikanoaren arteko lehia, inkesten arabera estua izatekoa bazen ere, lehen ordutik emaitzek argi erakutsi zuten nor izan zen garaile.
Donald Trump garaile
240 milioi lagun baino gehiago zeuden deituta botoa ematera, eta horietako bat Mikel Zubillaga arrasatearra izan da; Filadelfian bizi da, New Yorketik 145 kilometrotara, eta bere inguruan ezustean harrapatu ditu hauteskundeen emaitzak, eta albiste txarra dela dio: "Kamala Harris aurretik joan arren, 2016an gertatu zen berdina gertatu da, okerrago. Izan ere, Trump-ek estatu gehiagotan irabazi du, eta askogatik gainera; 4,5 milioi boto gehiago inguru…".
New Yorken giro gutxi
Hauteskunde-egunean, New Yorken izan zen Zubillaga, eta, bertan zegoen hauteskunde-giroarengandik galdetuta, ez zela girorik azaldu du. "Ikusten zen autoren bat pankartekin, baina, giro handirik ez. New Yorken turista asko daude, eta, ez zen igartzen giro ezohikorik", azaldu du Mikel Zubillagak, AEBetan bizi den arrasatearrak. Bere bizitokian, Filadelfian, berriz, alde bietako jarraitzaileak daudela dio Zubillagak, nahiz-eta bere ingurukoak Harris-en aldekoak izan.
Etorkizuna ezjakina
Dena den, 2017tik 2021era presidente izandakoak irabazi ditu berriz ere hauteskundeak, eta Senatuan gehiengoa ere berreskuratu du. Trumpek zein Harrisek nork bere diskurtsoa izan arren, gauza ulertezinak gertatzen direla bertan azaldu du Zubillagak. "Gizarte hau ez dago prest emakumezko presidente bat izateko, edo ez dute onartzea nahi. Ez dakit zer gertatzen den. Ez dudana ulertzen da nola den posible eta nola iritsi daitekeen halako pertsona bat AEBetako presidente izatera…", dio Zubillagak.
Ospakizun ekitaldian, aldaketak etorriko direla iragarri du Trumpek, nahiz-eta xehetasunik azaldu ez. Zin egindako neurri horietako zenbaitek migrazio politikekin izango dute zerikusia. Trumpek kanpainan behin baino gehiagotan ohartarazi duen moduan. "Bere mitin-tara komikoak eraman izan ditu eta diskurtso arrazistak ere egin ditu. Ez dakit nolakoak izango diren datozen lau urteak…".
Aurreikuspenen arabera, 2025eko urtarrilaren 20an zin egingo du Donald Trumpek Estatu Batuetako 47. presidente gisa.