Egunotan egiten ari diren mobilizazioen barruan, Arrasateko Musakola auzoan Avanzak duen kotxe-tokitik abiatu eta herria gurutzatu ostean Zalduspeko geltokian amaitu den manifestazioa egin dute gaur eguerdi aldera Avanza Gipuzkoako langileek. Mobilizazioak auto-pilaketak ere eragin ditu Kataideko industrialde ondoko errepidean. Behin manifestazioa bukatu denean Enpresa Batzordeko kideetako batek mobilizazioen eta egiten dituzten aldarrikapenen inguruko testu bat irakurri du.
Avanza Gipuzkoako Enpresa Batzordea osatzen duten lau sindikatuek –ELA, UGT, LAB eta Aurrera– bat eginda deitutako mobilizazioak izan dira gaurkoak; baita urriaren 31an, atzo eta gaur, astelehena, egin dituzten grebak ere. Guztira, Donostia-Bilbo-Gasteiz, Debagoiena eta Debabarreneko lineetako 300 langile egon dira grebara deituta. "Pozik gaude, ia %100eko jarraipena izan dutelako greba deialdiek", azaldu du Enpresa Batzordeko kide den Fermin Iregik, eta gaineratu gaurko mobilizazioetan ere Bilbotik, Donostiatik, Gasteiztik eta Arrasate inguruko langileek hartu dutela parte. Greba egunetan, %30eko gutxieneko zerbitzuak izan dituzte ezarrita.
Lan hitzarmena eta autobusen egoera
Mobilizazioekin, lan hitzarmena eguneratzea eskatzen dutela azaldu dute Enpresa Batzordetik: "2019an amaitu zen aurreko hitzarmena, eta 2022an soldaten eguneratze bat egin zen arren, beste puntu guztiak ez ziren ukitu". Hala, diote 2022tik hamabost bilera egin dituztela, baina ez direla emankorrak izan: "Hasiera batean 31 puntuko eskari bat egin genuen, baina enpresak eskatuta, zazpira murriztu genituen. Eta horietatik bakarra onartu zuen enpresak". Adierazi dute, era berean, enpresak egunean ordu gehiago egiteko eskatu diela langileei, lan poltsa bat arautzeari uko egin diola eta txanda kontratuei heltzeko aukera ukatu duela.
Gaurko mobilizazioetan, gainera, autobusen egoera ere salatu dute langileek: "Flota nahiko berriztuta dago, baina Avanza Movilidad Gipuzkoa SA enpresak horien ardura hartu zuenetik, utzita daude: gutxieneko konponketak egiten dituzte, ez dute behar den moduko mantentze-lanik".
Enpresa Batzordeko kideek azaldu dute oraingoz ez dutela beste bilerarik aurreikusita enpresaren arduradunekin eta oraindik zehaztuta ez dauden arren, ez dutela baztertzen mobilizazio gehiago egiterik, ezta greba mugagabera jotzerik ere. Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzeko ere eskatu diote: "Enpresa da gurekin negoziatzen duena, baina azken finean garraio publikoaren zerbitzua Aldundiak eskaintzen du".