Arrasate Zientzia Elkarteak XII. Iragana Astintzen hitzaldi zikloa aurkeztu du asteon. Urtero moduan, helburua Arrasateko iraganaren berri ematea dela azaldu du elkarteko kide Jabier Bengoak, "ahalik eta hitzaldi ezberdinenekin". Aurten hamabigarren zikloa da eta lau hitzaldi izango dira. Horietatik hiru hizlari emakumezkoak dira eta horri balioa eman dio Bengoak. "Emakumezko hiru hizlari izateaz gain, emakumeen esperientzietan oinarritutako kontakizunak egingo dituzte eta hori ere nabarmenduko nuke".
Lehen hitzaldia Maria Rosa Aierbek egingo du, emakumeak eta baserriak ardatz hartuta. "Oso pozik gaude Rosa ekarri dugulako, azken urteetan haren atzetik ibili gara eta ez dugu lortu. Prestigio handiko historialaria da eta Gipuzkoako eta Arrasateko historiaz inork badaki, Rosak daki", dio Bengoak.
Bigarren hitzaldiari erreparatuta, zera dio elkarteko kideak: "Janire Castrillok emakumeei buruz lan asko jorratu izan ditu eta Erdi Aroko kontuak ekarriko dizkigu gurera".
Azaroaren 19an egingo dute hirugarren hitzaldia, gainontzekoak ez bezala, martitzen baten, eta Nere Jone Intxaustegiren hitzaldiaren gaiak ere interesa piztuko duela dio Bengoak, XVII. eta XIX. mendeetako bikote harremanak oinarri hartuta. Laugarren eta azken hitzaldian, Imanol Vitoresek kontatuko du olagizonak, merkatariak eta gobernariak nola ibiltzen ziren Erdi Aroan siderurgia-sektorearen antolaketan, Arrasateko esperientzian oinarrituta.
Lau hitzaldiak, "erakargarriak"
Bengoak azpimarratu du, pandemia iritsi zenera arte, "sekulako arrakasta" izan ohi zuela Iragana Astintzen zikloak. "Pandemiaren ostean, ohiturak aldatu egin dira. Hala ere, jendea etortzen da gure saioetara eta pozik gaude izaten duten erantzunarekin". Aurtengo hitzaldiak ere "erakargarriak" direla gaineratu du. "Uste dugu herritarrak animatuko direla Arrasateko iragana ezagutzera, gure amonen eta birramomen iragana ezagutzera, hain zuzen. Beraz, herritarrei dei egiten diegu etortzeko". Saio guztiak Kulturateko areto nagusian egingo dituzte.