Lehendakariak Ikerlan zoriondu du, bere 50 urteko historia biltzen duen erakusketaren inaugurazioan

Goiatz Arana Begiristain 2024ko urr. 24a, 19:37

Bizitek da Ikerlanen historia eta lorpenak balioan jartzen dituen eta bisitaria teknologia bizitzera gonbidatzen duen erakusketaren izena eta azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai, Arrasateko Kulturaten. Inaugurazio ekitaldian Gipuzkoako Foru Aldundiko, Arrasateko Udaleko eta Mondragon Korporazioko ordezkariek ere parte hartu dute.

Lehendakariak Ikerlan zoriondu du bere ibilbide luze eta emankorragatik, eta euskal industriaren lehiakortasuna hobetzeko duen zeregin garrantzitsua eskertu du: "Aitzindariak izan zineten eta, gaur, etorkizunera begira jarraitzen duzuela egiaztatu ahal izan dugu. Ez da batere erraza 50 urtez lehiakorrak izaten eta industriari irtenbideak etengabe eskaintzen jarraitzea". Era berean, euskal industrian duen eragina nabarmendu du: "Zuen lanak zuzeneko translazioa du gure enpresa- eta industria-ehunean. Eragin horrek lehiakorragoak, hobeak, izatera garamatza".
 
Jon Etxeberriak, Ikerlaneko zuzendari nagusiak, eskerrak eman dizkie erakundeei, "beste zentro teknologiko askorentzat eredu izan den proiektu sozio-enpresarial bakar hau sortzeko etengabeko laguntza emateagatik". Bere esanetan, "mundua eraldatzeko" sortu ziren Mondragoneko kooperatibak, "mundua hobetzen saiatzeko eta pixka bat justuago bihurtzeko", baita Ikerlan bera ere: "Duela 50 urte Ikerlan sortu zuten pertsonek eta erakundeek helburu hori bera bilatzen zuten teknologiaren transferentziaren bidez, eta gai izan ziren indarrak batzeko eta proiektu sozio-enpresarial bakarra sortzeko. Gaur, inoiz baino harroago gaude pertsonak erdigunean jartzen dituen, bezeroei konpromisoa eta zorroztasuna eskaintzen dien eta hurrengo belaunaldiei ahalik eta etorkizun onena utzi nahi dien proiektu kolektibo baten parte izateaz”.
 
Esker hitzak izan ditu Arrasateko alkate Maider Morrasek ere: "Badakigu oso erakargarriak diren ideia eta proiektuak egon daitezkeela, baina zuen apustua izan da bertan geratzea eta hori arrasatearrontzat oso garrantzitsua eta hunkigarria da". Horrekin batera, balioan jarri du 50. urteurrena ospatzeko modua ere, "herrira etorrita, herrian jaia sortuz eta herriari Ikerlan zer den erakutsiz". "Enpresa herriarekin egiteagatik" eskerrak emanez bukatu du bere hitzartzea.
 

Bost arlo

Inaugurazio-ekitaldira batutakoek bisita egin dute erakusketa osatzen duten bost arloetan barrena: Historia, Pertsonak, Inpaktua, Garapen Teknologikoa eta Etorkizuna; hori guztia, informazio-panelen, argazkien, audioen, bideoen eta garapen teknologiko esanguratsuenetako batzuen bidez.
 
 
Erakusketak espazio berezi bat gordetzen die "proiektuaren benetako protagonistei, pertsonei", hamarkadetan zehar Ikerlanen parte izan diren hainbat pertsonaren testigantzarekin. Gainera, bisitariari proposatzen dio historia mugarri esanguratsuenen bidez zeharkatzea, hala nola, Espainiar Estatuko lehen robot industrialaren sorrera, NASArekin espaziora egindako bidaia, Orona Ideon egindako ikerketa energetikoaren aldeko apustua edo zibersegurtasun laborategiak berriki lortutako ENAC akreditazioa, nazioartean aitzindaria.
 
Erakusketa 17:30etik 20:30era egongo da irekita, astelehenetik larunbatera, azaroaren 13ra arte, Arrasateko Kulturaten.
 

Erreferentziazko zentro teknologikoa

1974an inguruko kooperatiben beharrei zerbitzua emateko jarri zen martxan Ikerlan eta herrialdeko enpresa guztien zerbitzura erreferentziazko zentro teknologiko gisa finkatu da, zibersegurtasuna, adimen artifiziala, energia edo mekatronika bezalako abangoardiako teknologietan.
 
50 urteotako ibilbidea zentro teknologikoa osatzen duten eta osatu duten pertsonekin, bezeroekin, erakunde laguntzaileekin, agintariekin eta, oro har, gizartearekin partekatu du Ikerlanek. Gaur inauguratutako erakusketarekin itxiko du 50. urteurrenaren ospakizunen programa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak