Kulturate bete egin dute osasun mentalari buruzko jardunaldiek

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 18a, 13:47

Kulturateko areto nagusia, jendez beteta, gaurko jardunaldietan. (Argazkiak: San Juan de Dios).

Gazteen burua zaintzen: nerabeentzako osasun mentalaren estrategiak eta esku hartze prebentiboak izeneko jardunaldiak egin dituzte gaur, egubakoitza, Kulturaten, eta erantzun ona izan dute, izan ere, Kulturateko areto nagusia lepo bete da.

Arrasateko alkate Maider Morrasek adierazi du "ezinbestekoa" dela osasun mentalaren zaintzan sakontzea prebentzioaren ikuspegitik eta lankidetzaren bitartez. "Izan ere, herriko bizi-kalitateaz hitz egiten dugunean, osasun mentalaren gaiak funtsezko rola betetzen du". Ildo horretan, alkateak nabarmendu du Udal Gobernua "benetako apustua" egiten ari dela "agintaldiaren hasieratik", eta lan hori arrasatearren bizi-kalitatea hobetzeko "osasun-ekosistema sendo" baten barruan kokatu du.

San Juan de Dioseko Espainiako lurralde-zuzendariak, Elena Urdanetak, ildo beretik hitz egin du, argi utziz beharrezkoa dela osasun mailan ez ezik, hezkuntza eta gizarte mailan ere jardungo duen "diziplina anitzeko lanketa integratzaile bat" osasun mentaleko arazoren bat duten paziente gazteen "beharrizan zehatzei" erantzuteko.

Apolo Zepeda, Maider Morras eta Elena Urdaneta, Kulturaten.

Nerabeentzako Eguneko Ospitalearen emaitza onak

Nerabeentzako Eguneko Ospitalea ere izan dute hizpide. "Zazpi hilabeteko jardunean, ospitalearen emaitzek erakusten dute haur eta gazteen osasun mentalean esku-hartze goiztiarra eraginkorra dela. Artatutako hamaika adingabeetatik, bost alta eman dira hobekuntzagatik; horrek esan nahi du %45,45eko eraginkortasuna dagoela sistema horren laguntza-orientazioan, nerabeei dagokienez".

Haur eta gazteen artean osasun mentaleko arazoekin lotutako kasuak ugaritu egin direla azaldu dute, eta horrek agerian utzi duela laguntza-sarea indartu beharra dagoela, bai familia mailan, bai eskola mailan. Izan ere, gaur egun, pazienteetako hiruk tarteko ospitaleratze-erregimena dute: astean bizpahiru egunetan joaten dira ikastetxera, eta gainerako egunetan NEOra. "Funtsezkoa da aita-amak, ikastetxeak eta espezialistak bat eginik joatea, nerabeari, buruko osasun-arazoak dituenari zein ez dituenari, helduarora igarotzen laguntzeko".

Artatutako hamaika nerabeen artean, diagnostiko nagusi ohikoenak depresioa (lau kasu) eta egokitze-nahasmendu mistoa (hiru kasu) dira, eta oso gertutik jarraitzen die emozioen ezegonkortasunaren nahasmenduak (bi kasu). "Diagnostiko nagusiaz ari gara; izan ere, kasu gehienetan, zenbait diagnostiko kliniko daude, pazienteetan aldi berean gertatzen direnak".

Ohiko bizimodua jarraitu ahal izatea

Ikuspegi horren helburua da nahasmendu psikopatologikoak eta jokabidekoak desagerraraztea edo gutxitzea, nerabea bere ohiko ingurunera "ahalik eta azkarren" itzul dadin. Izan ere, ospitaleko zuzendari medikuak, Apolo Zepedak, zehaztu du adingabeek haien ohiko bizimoduarekin jarraitu ahal izatea "helburu garrantzitsuenetako bat" dela. "Horregatik, lanean ari gara berriro eskolaratzeko programetan, edo dagokien eskola-etaparen araberako hezkuntza-programetan berriro sar daitezen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak