Nerabeen osasun mentala oinarri izango duten jardunaldiak hilaren 18an

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 10a, 12:46

Gaur, urriak 10, Osasun Mentalaren Nazioarteko Eguna da eta, hori baliatuz, Gazteen burua zaintzen: nerabeentzako osasun mentalaren estrategiak eta esku hartze prebentiboak izeneko jardunaldiak aurkeztu dituzte Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako San Juan de Dios Ospitaleak. Urriaren 18an egingo dituzte, Kulturaten.

Maider Morras Arrasateko alkatea eta Apolo Zepeda Gipuzkoako San Juan de Dios Ospitalearen mediku zuzendaria izan dira aurkezpen prentsaurrekoan. Alkateak hartu du berba lehenik, eta nabarmendu du osasun mentalari buruzko diagnosi bat egingo duela Udalak, gai garrantzitsua dela eta berebiziko politikak behar dituela iritzita. "Osasun ekosistema bat sortzen ari gara, prebentzioaren aldetik, eta askotariko barne bileren ostean, osasun mahai bat sortuko dugu. Horrez gain, diagnosi bat egingo dugu, aurten lizitatuko dena".

Bien bitartean, beste eragileekin eta instituzioekin elkarlanean ere ari da Udala eta horren harira datoz, hain zuzen, San Juan de Dios Ospitalearekin batera egingo dituzten jardunaldiak.

Zepedak, bestalde, "elkarlan integralaren" beharraz hitz egin du, erakundeen arteko elkarlanaren beharraz. "Ezinbestekoa dugu lankidetzan aritzea udalekin, familiekin, eskolekin, kirol-klubekin, aisialdi-taldeekin eta Eusko Jaurlaritzako arlo ezberdinekin. Gaur egungo gizartean, erronka handia da nerabeen artean buruko gaixotasunak areagotzea, hala nola, antsietatea, depresioa, elikadura-jokabidearen nahasmenduak eta autolesioak".

Jardunaldiak nerabeei laguntza ematearen markoan kokatzen dituztela ere azaldu du. "Gazteak babestu egin behar ditugu eta modu erresilienteak irakatsi behar dizkiegu estresa edota antsietatea askatzeko; finean, norbere buruarekiko erasotzat har daitekeen edozer gauzagatik askatzeko. Horretarako, erreminta psikologiko egokiak behar dituzte".

Lehena, prebentzioaz

Urriaren 18an, egubakoitza, egingo dituzte jardunaldiak. Ekitaldiari hasiera emateko, irekiera instituzionala egingo dute Maider Morras Arrasateko alkateak eta Elena Urdaneta San Juan de Dioseko III. Lurralde Unitateko zuzendari nagusiak.

Prebentzioari eskainitakoa izango da lehen mahai-ingurua, 09:30etik 11:30era egingo dutena, eta Carmen Maganto izango da hizlarietako bat, Psikologian doktore, ohorezko irakasle eta Psikologia Klinikoan espezialista. "Esku-hartzeei, sexismoari eta elikadura-nahasteei buruzko ikerkuntzan esperientzia handia du, eta nerabeek egungo gizarte likidoan dituzten erronkei buruz hitz egingo du, baita osasun mentalerako eta erresilientziarako erronkei buruz ere", dio Zepedak.

Bere ondoan Ariadna Galtes psikologoa egongo da, Henka taldeko prestakuntza-proiektuen koordinatzailea. Hark Henka proiektua aurkeztuko du eta erresilientziaren hiru dimentsioak azalduko ditu, ezbeharren aurrean gazteak nola indartu behar diren azaltzen duen ikuspuntu berritzaile bat eskainiz. Moderatzaile lanak Maite Aizpiri Arrasateko Udaleko prebentzio teknikariak egingo ditu.

Bigarrena, esku-hartzeaz

Etenaldi txiki baten ondoren, 12:00etatik 14:00etara egingo dute bigarren mahai-ingurua, esku-hartzea ardatz hartuta. Batetik, Monika Salgueiro psikologoa eta Neurozientzian doktorea ariko da, eta nerabeen artean ohikoenak diren buruko nahasmenduei buruz duen ezagutza partekatuko du. "UPV/EHUko irakasle gisa, Monikak jarrera suizidaren eta esku-hartzeko aukera posibleen inguruko ikuspegi akademiko eta praktikoa emango du".

Andres Suarez izango da beste hizlaria, Madrilgo Nuestra Señora de la Paz Klinikako psikiatra. "Haur eta gazteen osasun mentalaren arloan esperientzia handia du. Nahasmendu horiek tratatzeko gaur egun dauden esku-hartzeei buruz arituko da, eta arlo horretan duen esperientziaren adibideak partekatuko ditu". Zepedak berak moderatuko du bigarren mahai-inguru hori.

Sarrera doakoa izango da eta herritarrei parte hartzeko dei egin diete. "Oso entretenigarria eta polita izango da. Indar handia jarri dugu jardunaldien prestaketan, Udalarekin koordinatuta eta herritar guztiak daude gonbidatuta. Gainera, sarrera doakoa da, beraz, etor zaitezte", nabarmendu du Zepedak.

Egitarau osoa ikusgai, hemen.

Azoka Seber Altuben

Urtero moduan, San Juan de Dios Ospitaleko erabiltzaileek haiek egindako eskulanak jarri dituzte salgai Seber Altube plazan, urriaren 10arekin bat eginez. Gero, hortik ateratako dirua dohaintzan emango dute, ohi legez.

Kontzertu akustikoa urriaren 17an

Bestalde, San Juan de Dios Ospitaleak antolatuta, De Juan a Juan kontzertu akustikoa egingo dute urriaren 17an Kulturaten, 18:00etan hasita. Gero, Ricardo Rodriguezek idatzitako De Juan a Juan, el libreto y un relato liburua ere aurkeztuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak