Bertso-pilota izango da estreinakoz Arrasaten, urriaren 26an

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urr. 16a, 17:51

Uarkape frontoiaren 25. urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan dator bertsoa eta pilota uztartzen dituen ekimena. Hori aurkezteko, Ane Zuazubiskar bertsolaria, Manex Balerdi pilotaria eta Mikel San Miguel Kirol zinegotzia izan dira gaurko prentsa agerraldian.

Euskal kulturaren ondare diren pilota eta bertsoa uztartzen dituen ekimena lehen aldiz egingo dute Arrasaten, urriaren 26an. 18:00etan hasiko dute eta sarrera doakoa izango da. Mikel San Miguel Kirol zinegotziak eman ditu ekimenaren inguruko xehetasunak. "Bi bertsolarik, bikote bakoitzaren botilero lanak egingo dituzte. Partidan zehar hainbat atsedenaldi egingo dituzte pilotariek, eta, botileroek, bertsoz aholkuak emango dizkiete. Askotan, umoretik izaten dira eta ikusleak asko gozatzen du. Bertsolariek, saioaren hasieran eta amaieran agur bana botako dute".

Ane Zuazubiskar bertsolari arrasatearra arituko da bertsotan, Amets Arzallusekin batera. Zuazubiskarren arabera, "polita" izango da entzule zein ikusle moduan egondako frontoian kantatzea. "Pilota partidak ikustera etorri naizenean edo txapelketako saioetan beti pentsatu izan dut plaza ona izan behar dela Uarkape. Bertso-pilota saioetan lehen aldia da niretzat eta, egia esan, Uarkapen izateak ilusioa sortzen dit. Ea asmatzen dudan egunean bertan, ze pilotazalea banaiz, baina hori bertsotan esatea ez dakit erraz-erraza izango den".

Lau pilotari ariko dira lehian

Pilota partiduari dagokionez, bikoteka arituko dira. Alde batetik, Ander Etxaniz (Bergara, 2001) eta Jon Erasun (Zizurkil, 1996) ariko dira. Beste bikotea, berriz, Mikel Goñik (Oronoz-Mugairi, 1977) eta Manex Balerdik (Antzuola, 1999) osatuko dute.

Balerdik hala definitu ditu pilotariak: "Mikel eta Jon hainbat urtez aritu izan dira profesionaletan eta aurkezpen handiegirik ere ez dute behar. Anderren eta nire kasuan, bailarako bi pilotari gara, eta gaur egun Soraluzeko klubean dihardugu biok. Normalean, bikotea osatu ohi dugu eta, kasu honetan, aurkari izango gara". Inoiz bizi izan gabeko esperientzia dela eta, "gogotsu" dagoela ere aitortu du antzuolarrak. "Ekimen polita da, bai pilota eta bai bertsoa euskal kulturaren parte garrantzitsua baitira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak