Mondragon City Challenge lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 27a, 18:00

Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehiaketaren aurkezpena egin dute, Arrasateko Kulturaten. Lehiaketaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa.

Mondragon City Challenge Ekintzailetza Kooperatiboko Nazioarteko Lehiaketaren hirugarren edizioa aurkeztu dute, Kulturateko areto nagusian, Arrasaten. Aurkezpen ekitaldian, lehiaketaren oinarriak azaltzeaz gain, Jaime Bengoak, Arrasateko Udaleko Ekonomia eta Enplegu zinegotziak, eta Jokin Diazek, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako Zuzendariak, hartu zuten hitza.

Ekimena mundu osoko batxilergoko, heziketa-zikloetako eta unibertsitateko ikasleei bideratuta dago. Hauek, proiektu kooperatibo bat garatu beharko dute 2 eta 4 pertsona arteko talde bat osatuz, 7 hilabeteko epean. Izena ematea irekita dago, eta epea 2024eko urriaren 25ean amaituko da. Mondragon City Challengeren atarian eman daiteke izena. Bertan, beren ideiaren deskribapen laburra aurkeztu ahal izango dute, gehienez 20 lerrotan.

Lehiaketa bi kategoria ezberdinetan bananduta egongo da. Lehena 16-18 urte bitartekoena izango da, eta bigarrena 19-24 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzak bere saria izango du: Gazteenek Periserako bidaia bat irabaziko dute eta nagusiek berriz Kanadarako bidaia. Finalistak ez diren taldeen artean proiekturik berritzaileena aurkezten duen taldeari originaltasunaren saria emango diote, eta 800 euro jasoko ditu.

6 fasez osatutako lehiaketa

Izen ematearen ostean, lehen fasea hasiko da. Urriaren 29tik azaroaren 15era arte, Azaro Fundazioak eta Saiolanek osatutako epaimahai teknikoak apuntatu diren proiektu guztien artean, ahalmen handiena duten 20 proiektuak aukeratuko ditu. 2024ko azaroaren 18an emango da aukeratutako talde hauen berri, lehiaketaren webgunean. Bigarren fasea azaroaren 18tik otsailaren 17ra bitarte luzatuko da, eta bertan, taldeek proiektua garatzeko denbora izango dute. Horretarako webgunean dagoen enpresa proiektu kooperatiboaren gidan oinarrituko dira. Bide batez, taldeek ASEKOOP eta Arizmendiarrieta Lagunak Elkarteko tutoreak izango dituzte laguntzeko.

Hirugarren fasean sei finalista hautatuko ditu martxoaren 4an elkartuko den epaimahai profesionalaren bilerak. Proiektuaren kalitatea, aukeratutako kudeaketa kooperatiboaren ereduarekiko koherentzia, ideia gauzatzeko aukera eta originaltasuna bezalako alderdiak kalifikatu dira. Hurrengo fasean, laugarrenean, finalistek proiektuaren defentsa eta epaimahai profesionalak azken ekitaldian egingo dizkioten galderak prestatzeko denbora izango dute, martxoaren 6an hasi eta apirilaren 6ra arte. Defentsak 8 minutukoak izango dira.

Bosgarren fasearen barruan, apirilaren 8an, Arrasatek lehen fasean sailkatutako 20 taldeak jasoko ditu. Parte-hartzaileek jarduera ezberdinak izango dituzte, elkarrekin biziz esperientzia aberasteko. Gainera, Ibilbide Kooperatiboen bidez, parte-hartzaileek aukera izango dute enpresa kooperatibo baten jarduera bertatik bertara ezagutzeko eta beren proiektuari buruzko profesionalen aholkuak jasotzeko. Azken fasea, seigarrena, lehiaketaren finala izango da. Beste urte batez Arrasateko Amaia antzokian izango da azken ekitaldia. Bertan, sei talde finalistek beraien proiektuen defentsa egingo dute eta epaimahai profesionalak izendatuko ditu hirugarren Mondragon City Challenge-eko irabazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak