Egia, justizia, erreparazioa eta gertatutakoa berriz ere ez errepikatzeko bermea. Horiek aldarrikatu dituzte gaur arratsaldean Intxorta 1937 Kultur Elkarteak antolatuta Arrasateko Kulturaten egin duten memoria ekitaldian. Espainiako gerran hildako eta desagertutako debagoiendarren senide ugari batu dira bertan, baita Arrasateko udalbatzan ordezkaritza duten alderdi guztietako kideak ere.
Areto nagusian hasi den ekitaldian Intxortako kide Juan Ramon Garaik eta Nati Roak hartu dute hitza. Salatu dute, besteak beste, Txile bezalako herrialdeetan diktadura garaian hiltzaileak izan zirenak atxilotuak, prozesatuak eta espetxeratuak izan zirela eta hemen ez dela horrelakorik egin: "Hemen hori behin ere ez da egin. Eta Espainiako estatuak ikerketarik ere ez du abiarazi gure senideekin zer gertatu zen jakiteko. Badakigu gure aiton-amonen hiltzaileak ere hilda daudela, baina jakin nahi duguna da gure senitartekoekin zer gertatu zen eta non dauden".
Oiartzungo gorpuzkiak
Era berean, duela hiru urte Oiartzungo hilerritik ateratako 28 gorpuzkiak, horietatik ustez 20 debagoiendarrak, identifikatzeke daudela ere azpimarratu dute: "Oraindik ere ez diete DNA probarik egin, eta ordua dela diogu, haien seme-alabak pertsona oso nagusiak direlako eta hezur horien artean euren senideenak dauden jakin nahi dutelako. Hori egiten ez bada, ez dago erreparaziorik". Gaineratu dute ez dakitela zergatik ez dituzten oraindik ere identifikatu, beste hilerri eta hobi batzuetan aurkitutakoekin egin den bezala.
Lore eskaintza
Ekitaldiak Kulturateko klaustroan jarraitu du eta han Arrasateko dantzariek, abeslariek eta txistulariek hartu dute parte, besteak beste Xalbadorren heriotzean eta Txoriak txori abestuz. Urteroko ohiturari jarraituz, hildako eta desagertutako senideen lore-eskaintzarekin amaitu da memoria ekitaldia.