Gaur, egubakoitza, abiatuko dute Pertsona Nagusien Astea eta bihar kolorez jantziko dute Herriko Plaza, kapelen desfilearekin. Hala, alfonbra gorri bat jarriko dute, photocall batekin, "argazkiak atera eta barre egiteko", Arrasateko Nagusien Kontseiluko presidente Pili Iriarteren esanetan. Alde horretatik, "nahiko informala" izango dela dio eta ez dela derrigorrez dotore jantzita joan beharko. "Baldintza bakarra kapela bat janztea izango da", azaldu du.
Herriko hainbat eragilek egingo dute bat desfilearekin eta Arrasateko Nagusien Kontseiluarekin: Ibai-arte, Maritxu Kajoi Komisiñua eta Arrasateko Udala. Era berean, Juanito Lizarralde arrasatearra urdaiazpikoa mozten ariko da, herritarrek dastatu ahal izateko, eta, horrekin batera, Epsilon talde nafarrak musikaz girotuko du desfilea. "Arrasatera etortzeko irrikaz daudela esan digute, sekula ez direlako hemen egon eta oso erreferentzia onak dituztelako", adierazi du Iriartek.
Desfilearen helburu nagusia da kaleak bizirik mantentzea eta herritarrak kalean ikustea. "Herritarrak dantzan ikusi gura ditugu, gozatzen, eta ez adineko pertsonak bakarrik, herritar guztiak. Belaunaldiartekotasuna ardatz duen jai bat izatea gura dugu, inklusiboa, eta herriko bi ikastetxeei ere deialdia egin diegu, ikasleak etor daitezen desfileaz gozatzera".
Maritxu Kajoirekin bat
Kontseiluko presidenteak azaldu du Donostiatik hartu dutela desfilea egiteko ideia. "Ikusi genuen kapelen jaialdi bat egiten hasi zirela han, eta, hasieran 40 bat pertsona bakarrik baziren ere, gaur egun milaka pertsona dira parte hartzen dutenak. Kontua da oso ideia originala eta dibertigarria iruditu zitzaigula, eta, era berean, Maritxu Kajoirekin ondo uztartzeko modukoa izan zitekeela pentsatu genuen. Izan ere, urriaren 1a da Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta, beraz, gertu dago urriko lehen egubakoitza". Testuinguru horretan sortu dute, hain zuzen, kapelen desfilea. "Astebete lehenagotik jendea jai giroan murgiltzea gura dugu".
Aurtengoa lehen aldia izango da, baina nabarmendu dute polita izango litzatekeela urtez urte jarraipena izatea eta geroz eta jende gehiago batzen joatea. "Edozelan ere, goazen pausoz pauso eta ikus dezagun biharko egunak zer dakarren".
Ikastaroak egin dituzte
Hitzordu nagusia desfilea izan arren, horra iristeko bidean eta prozesuan ere jarri nahi izan du arreta kontseiluak, eta, uztailean hasita, kapelak egiteko ikastaroak egin dituzte, Nati Hernandez arrasatearraren eskutik. "Desfilea orain izan arren, aurrez tailerrak egitea erabaki genuen, harreman berriak egiteaz gain, kapelak nola egiten diren ikasteko", dio Iriartek.
Hasieratik ezarritako helburua bete dute tailerrekin, adin guztietako herritarrek hartu baitute parte eta saio dinamikoak izan baitira. Horrekin batera, taldekide kopurua ere egokia izan dutela diote. "Hamar edo hamabi bat pertsona elkartu gara saioetan, eta, egia esan, gehiago egotea ere ez litzateke komenigarria izango, irakasleak guztioi gertuko tratua eskaintzea izan baita lehentasuna. Gainera, Natik sekulako lana hartu du kapela bakoitza ezberdina izan dadin". Hala, parte-hartzaile bakoitzak bere gustura egin ahal izan du kapela, eta askotariko kapelak plazaratuko dituzte bihar.
Oro har, beraz, ontzat eman dituzte ikastaroak. "Harrituta geratu gara ikastaroek izan duten erantzunarekin, eta Natirekin oso pozik gaude, egia esan. Deskubrimendu ederra izan da guretzako; oso adeitsua da, pazientzia handikoa eta artetsua".
Zer iruditzen zaizu desfilea egiteko ideia?
Mertxe Parra: "Asko gustatzen zait, kalera atera eta herritarrek ikus gaitzaten, guk ere egin baititzakegu halako gauzak. Orain arte, ez dut sekula kapela bat egin, baina tailerrei esker asko ikasi dut eta nire kapela propioa daukat orain".
Manoli Garcia: "Oso interesgarria iruditzen zait eta halako ekintza gehiago egin beharko lirateke herrian. Hau da, ikastaroetan egindakoa kalera atera beharko litzateke, herritarrek ikus dezaten eraginkorrak direla".
Angelines Ruiz: "Benetan ederra da ideia. Ikastaroetan oso giro onean aritu gara, eta ezinbestekoak dira halako ekintzak, entretenituta egoteko eta zerbait desberdina egiten ikasteko. Kapelak jantzi eta kalera aterako gara bihar".
Gaur, Kike Biguriren saioa
Esan bezala, gaur abiatuko dute egitaraua, eta, Kaitin Allende bakarrizketa egitekoa bazen ere, azkenean ezin izango du, "arrazoi pertsonalengatik", eta Kike Bigurik ordezkatuko du. 17:30ean Kulturateko areto nagusian egingo dute aurkezpena eta bakarrizketa saioa.
Gero, urriaren 1era arte egongo da zertaz gozatu Pertsona Nagusien Astearen baitan.