2024-2025 ikasturteari hasiera eman dio Mondragon Unibertsitateak, irekiera ekitaldia egin baitu gaur goizean orain dela bi hilabete inauguratu zuten berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarrirako Arrasateko Hirekin zentroan. Hain justu, zortzi gradu gehiagorekin hasiko du ikasturtea, eta 7.000 ikasle baino gehiago matrikulatu dira ikasketa ofizialetan. Horietatik 2.400 ikasle berriak dira, duela lau urte baino %18 gehiago.
Hezkuntzako ordezkariak ez ezik, enpresetakoak eta erakundeetakoak ere batu dira ekitaldian, eta tartean izan dira, besteak beste, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Juan Ignazio Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta Anparo Merino Gizarte ekonomiarako idazkaria. Horrez gain, han izan dira Xabier Egibar Mondragon Unibertsitateko presidentea, dekano eta errektore ohiak, eta Arrasateko alkate Maider Morras era bai. Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateak ere izan dira.
Idoia Peñacobak, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak, hasi du ekitaldia joan den ikasturteko txosten akademikoa aurkeztuz, eta Pedro Arrazola Goi Eskola Politeknikoko doktore eta ikertzaileak egin du aurtengo hitzaldia, mekanizazioaren etorkizuneko joerak abiapuntutzat hartuta.
Lau erronka estrategiko
Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, bestalde, 2025-2028 epealdi estrategikoari buruzko xehetasunak izan ditu hizpide bere hitzartzean. Azpimarratu duenez, "oparoa" izan da aurreko epealdia, Europako Batzordeak "Europako lehen unibertsitate dualaren aliantzaren lidergo bereizgarria onartu izana" nabarmenduz. Are gehiago, datozen urteetara begira, erantsi du 2030erako "nazioarteko erreferentziazko unibertsitatea" izan nahi duela, eta horretarako lau erronka estrategiko identifikatu dituztela: "Ikasleen irakaskuntza-esperientziaren bikaintasuna handitzea; etengabeko prestakuntzaren eskaintza birtual eta hibridoa sendotzea profesionalentzako; ikerketa eta transferentzia bultzatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko; eta tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea".
Imanol Pradalesek, berriz, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, "euskal unibertsitate sistemaz" jardun du, "Europaren abangoardian" jartzeaz: "Europan eta munduan bizi dugun trantsizio uneari modu egoki, itxaropentsu eta bidezkoan aurre egitea posible egingo duen sistema bat". Aldi berean, Mondragon Unibertsitateak "enpresek eskatzen dituzten profil profesionalak identifikatzeko eta prestatzeko duen gaitasunaz" hitz egin du, eta baita elkarlanaz ere: "Unibertsitatearen, enpresen eta gizarteko beste erakundeen arteko kooperazioa ezinbesteko faktorea da ikerketa, transferentzia eta aholkularitzaren erako arloetan; lankidetzaren kultura landu, zabaldu eta hedatu behar dugu".