Bost urteko etenaren ostean, kirola herrira zabaldu dute berriro

Gontzal Belategi Zubia 2024ko ira. 16a, 15:38

Bost urteren ostean, Kirola Kalera ekimena itzuli da, baina izen berriarekin: Kirola Herrira. Asteburuan zehar herrian egiten diren kirol ezberdinak ikusi eta praktikatzeko aukera izan dute arrasatearrek.

Bost urteko etenaldia izan duen arren, aurrez Kirola Kalera bezala ezagutzen zen ekimena berreskuratu dute, baina oraingoan izen berriarekin: Kirola Herrira. Izena aldatu arren, lehengo asmo berdinarekin itzuli da ekimena, kirol elkarteek egiten duten lana herriaren aurrean erakustea, ohiko dituzten kantxa, zelai edo bestelako esparruetatik aterata. Lau helbururekin antolatu dute eguna Arrasateko Udalak eta kirol elkarteek: Arrasaten egiten diren kirol guztiak herritarrei erakustea; kirol taldeen dinamika eta egiten duten lana plazaratzea; arrasatearrei kirol desberdinak probatzeko aukera ematea eta kirola kiroldegietatik atera eta herriratzea.

Kirol elkarteetako kideek pozik hartu dute Kirola Herrira ekimena, eta beraien lana erdigunean jartzeko erakusleiho gisara hartu dute. Hala ere, bada funtzio hau betetzeko bestelako ekimen garrantzitsuagoak dituztela aitortu duenik ere, nahiz eta kirola eta honen atzetik dagoen lan guztia herriari gerturatzea positiboki baloratu.

18 kirol ezberdin probatu edo ikusteko aukera izan dute arrasatearrek: Errugbia, saskibaloia, xakea, aikidoa, judoa, zunba, kenpoa, atletismoa, futbola, boleibola, areto futbola, tenisa, pilota, motorra, erremontea, txirrindularitza, hockeya eta eskubaloia. Hauek kalera irten ahal izateko, Udalak zortzi eremu ezarri ditu: Herriko Plaza, Sebero Altube Plaza, Arano eta Garcia Maisu-Maistrak kalea, Biteri Plaza, Garibai Kalea, Jose Mari Arizmendiarreta Plaza, Zaldibarko Frontoia eta San Franzisko errotonda ondoko aparkalekua.

Ixotu Irristaketa taldea

Ekimena berezia izan da Ixotu Irristaketa taldeko kideentzat. Duela gutxi jarri zuten martxan elkartea, eta ez zuten bizi izan Kirola Kalera ekimena. Pozez hartu dute honen itzulera, horrelako ekimenek jende berria batzeko balio dezaketelako. "Ikusiko dugu gaurko erakustaldiarekin jendea animatzen den eta sartzen zaizkigun zerrendetan neska-mutikoak", dio Zorione Pildainek, Ixotu Irristaketa Taldeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak