Hamaika ikastaro, hiru tailer berezi eta askotariko hausnarketa eta topaguneek osatzen dute Emakume Txokoaren irailetik abendura arteko egitaraua, eta "botere harremanak identifikatu, aztertu eta horiei aurre egiteko tresnak garatzea" da helburuetako bat, Abuinen esanetan. Beraz, Arrasateko emakume guztiak animatu dituzte izena ematera.
Aipaturiko helburuak lortzeko, "ezinbestekoa" da "konfiantzazko klima bat sortzea eta emakumeen ahalduntzea eta ahizpatasuna sustatzea", Berdintasun teknikari Esther Lizarraldek azaldu duenez. "Eta hori lanketa kolektiboak ahalbidetzen du", gaineratu du. Hori dela eta, ikastaro guztietan eta tailerretan formatzaileak adituak izango dira, "generoan eta feminismoan trebatuta daudenak".
Askotariko gaiak eta lanketak egingo dituzte
Batetik, gorputzaren lanketa oinarri duten ikastaroak egongo dira, tartean, zoru pelbikoa indartzekoa. "Eskari handia duen ikastaroa da eta emakumeen osasunean eragin handia duena". Mugimendua eta dantza lantzekoa izango da beste saioetako bat eta diafreoa ere landuko dute.
Bestetik, emakumeen bizitzetan ematen diren aldaketa zikloak lantzen dituzten ikastaroak ere egingo dituzte, honako gai hauek ardatz hartuta: amatasuna, emakumeak eta adinkeria eta elikadura eta menopausia.
Horrez gain, autoezagutza eta aldaketa pertsonal zein kolektiboa lantzeko tresnak eskainiko dituzten ikastaroak egongo dira: Coaching feminista, harreman parekideak eta komunikazioa.
Halaber, egunerokotasunerako tresna praktikoak ere landuko dituzte. "Adibidez, elektrizitate arloko ikastaroa egongo da. Etxeko oinarrizko konponketak egiten ikasteko saioak izango dira, emakumeen ahalduntzea eta autonomia sustatzea helburu hartuta. Era berean, antzerki eta kantu ikastaroak ere egingo ditugu", dio Lizarraldek.
Bi gune iraunkor
Ikastaroez aparte, Jabetze Eskolak izango ditu gune iraunkorrak ere. "Irakurketa feministen txokoa mantenduko dugu eta proposamen berriekin dator, gainera. Bestalde, emakume migratuen gunea abiatuko dugu, Loratzen tailerrarekin. Emakume horiendako gune propio bat sortu gura dugu, haien lanketa propioak egin ditzaten".
Hiru tailer berri ere bai
Urrian eta azaroan, zapatu goizetan, hiru tailer berri egingo dituzte, doan. Batetik, Emakumeak, eromena eta isiltasunak, Itxaso Martinen eskutik. "Antropologoa da bera, eta gai honen inguruko liburu bat idatzi du, Ni, Vera izenekoa".
Bestalde, Atzerritarrei buruzko legearen inguruan izeneko tailerra izango da, Luciana Alfaroren eta Nora Ugartebururen eskutik. “Lehena, emakume migratu eta arrazializatuen mugimenduko kidea da eta feminismoa ikuspegi deskolonial batetik landuta dauka. Nora Ugarteburu, aldiz, Sos Arrazakeriako kidea eta abokatua da, legediari buruzko orientazioa eskaintzen duena".
Azkenik, Indarkeria matxistaren legediaren inguruan hausnartzekoa izeneko tailerra Irule elkarteko abokatuek dinamizatuko dute. "Harrabots asko sortu duen legea izan da, politikoki asko erabili izan dutena. Beraz, legea argitzen saiatuko gara abokatuen bitartez".
Izen-ematea, astelehenetik aurrera
Izen-ematea irailaren 16an abiatuko dute. Informazio gehiago, Emakume Txokoan bertan, astelehenetik eguenera 10:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara. Horrez gain, 943 79 41 39 eta 618 20 62 33 telefono zenbakietara deituta edo emakumetxokoa@arrasate.eus helbidera idatzita eskuratu ahal izango da informazioa.
Herritar guztiendako hainbat ekintza
Era berean, herritar guztiei zuzendutako hainbat ekintza ere egingo dituzte, hausnarketa feminista kolektiboak sustatzen jarraitzeko helburuarekin. Horietako lehena irailaren 20ko kontzertua izango da, eta beste hainbat etorriko dira, honako gai hauek landuko dituztenak: dolu perinatala, haurdunaldi subrogatuak, autodefentsa feminista, indarkeria matxista, borroka feministen moldeak edota emakume migratuen bizi-baldintzak. "Dagokion unean joango gara horien berri ematen", adierazi du Lizarraldek.