Arrasateko Udalak 1924ko ekainaren 2an eman zion Union Cerrajerari Etxe Txikiak eraikitzeko baimena eta handik gutxira, ekainaren 16an, Etxe Merkeen Batzarra eratu zuten Arrasaten. Hain zuzen ere, plaka oroigarrian Etxe Merkeei, Maala kaleari, Arantzazuko Amari, Etxe Txikinei eta UCEM etxe eraikitzaileari egiten zaie aipamena, auzoko lehengo eta oraingo bizilagunekin batera. "Bertan bizi izan diren familiak omendu nahi izan ditugu nolabait. Familia horietako asko bizirik daude eta oso polita iruditu zitzaigun Arrasateko Zientzia Elkartearekin batera omenaldi txiki hori egitea plaka jarrita. Arrasatearrondako oso etxe emblematikoak izan dira, oso etxe dibertigarriak ezberdinak zirelako; kale honetan abentura asko bizi izan dira eta horregatik uste dugu hunkigarria ere badela omenaldi txiki hau egitea", adierazi zuen Arrasateko alkate Maider Morrasek.
Mendeurreneko ekitaldiek ekainean bizi izan zuen une gorena, Arrasate Zientzia Elkartekoek egindako liburua aurkeztu zutenean. Orain, euskaraz, gazteleraz eta braille hizkuntzan dagoen plaka oroigarri hori jartzearekin batera, zirkulua itxi egingo dela dio AZEko kide Xabier Bengoak. "Proiektu honetan bizilagunak izan dira oinarria. Prozesua oso gustagarria izan da".
Etxe Txikietako protagonistak, baina, bertan bizi izan diren eta bizi diren bizilagunak dira. Hamaika bizipen eta anekdota; horien artean, Etxe Txikietan 67 urtez bizi izan den Belen Bolinagak ondoan hiltegia zegoenean behiekin bizi izan zituenak. "Astearteetan eta ostegunetan hiltzen zituzten behiak hemen ondoko hiltegian. Behi batek baino gehiagok ihes egiten zuen gauez eta gure ortura sartzen ziren; gogoan daukat eskolara joateko beldurra sentitzen nuela etxetik irteteko behia gure etxeko orduan ikusten nuelako".
Bide batez, ekainean aurkeztu zen liburuak harrera ona izan badu ere, Xabier Bengoak gogora ekarri du oraindik ere liburua erosi nahi duenarentzat aukera onena dela Arrasate Zientzia Elkarteak Ferrerias kaleko 28. zenbakian duen lokalera hurbiltzea astelehenetik egubakoitzera, goizez.