Doinu akustikoen plaza izango da Juan Arzamendi Musika Etxea irailean

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko ira. 3a, 14:54

Lehengo Kulturate Akustikoak zikloa Oreixe Akustikoa izatera pasa zen iaz, eta aurten bigarren edizioa egingo dute izen horrekin, Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan. Hala, sei kontzertu izango dira datozen bi asteburuetan eta sarrerak salgai daude Arrasate.eus webgunean, bost eurotan. 

Irailaren 6tik 15era egingo dute Oreixe Akustikoa zikloaren XVI. edizioa –izena eta lekua aldatu zutenetik, bigarrena–. Gaur, martitzena, egin dute aurkezpena eta han izan dira Andoni Arratibel Kultura zinegotzia, Karmelo Alberdi Kultura teknikaria, eta Erromintxelak taldeko kide Jon Garcia eta Aitor Moreno.

Ohi moduan, iraileko lehen bi asteburuetan sei emanaldi egingo dituzte eta Arratibelek azaldu du taldeen aniztasuna izan dela helburuetako bat. "Beti ahalegintzen gara aniztasunaren alde egiten eta egitarau honetan ere islatzen da hori, erdiak emakumezkoak direlako eta beste erdiak gizonezkoak". 

Alberdik gaineratu du "orain arteko ildotik" jarraituko duela aurtengo proposamenak ere. "Hau da, talde akustikoak dira, nahiz eta batzuk ez diren guztiz akustikoak". Era berean, bigarren urtez egingo dute zikloa Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan eta lekuarekin oso gustura daudela onartu du teknikariak. "Iazko emaitzarekin oso pozik geratu ginen, soinuari eta publikoaren goxotasunari dagokionez. Berogailuarekin arazo batzuk izan genituen, hasiberriak ginelako han, baina espero dugu aurten guztia ondo joatea eta herritarrak gustura egotea".

Denetariko doinuak

Egitarauaren baitan denetariko eskaintza egongo dela nabarmendu du Alberdik. "Iparraldetik bi proposamen etorriko zaizkigu, Ekhi Lambertena eta Habiarena, bereziak eta ezberdinak. Estatu mailatik ere potentzia handiko taldeak datoz. Karmento izan daiteke ezagunena, folkaren aro berrian murgilduta diharduena. Las Nietas de Charli ezezagunenak izan arren, izena hartzen ari dira eta oso proiektu polita da haiena. Yo Diablo, halaber, oso talde indartsua da, indar handiko musika egiten dute. Azkenik, Erromintxelak herriko taldea, aurkezpenik behar ez duena. Beraz, programa borobila osatu dugula esango nuke".

Hain zuzen, Erromintxelak taldeko bi kide ere izan dira aurkezpenean eta balioa eman diote Oreixe Akustikoa zikloari. "Asko gustatzen zait ziklo hau eta urtero etortzeko ohitura dut. Oso komertzialak ez diren taldeak etorri ohi dira eta lekua ere ederra da; giro polita sortzen da emanaldietan. Beraz, gogoz gaude gu ere horren parte izateko", azaldu du Garciak.

Erromintxelak, kantu berriekin

Kantu berriekin dator etxeko taldea, neguan grabatzeko asmoa daukaten diskoko kantuekin, hain zuzen. "Azken urtean konposatzen egon gara gehienbat. Iaz kontzertu asko jo genituen eta ez genuen konposatzeko tarterik hartu. Beraz, aurten lokalean egon gara gehiago, sortzen, eta pare bat kontzertu egin ditugu errepertorio berriarekin. Abesti guztiak berriak dira eta horiek entzuteko aukera izango dute herritarrek. Animatu daitezela", gehitu du abeslariak.

Egitaraua

  • Irailak 6. Yo Diablo bikote valentziarra. Hauen musika bluegrass, surf rock, deep blues eta rockabilly psikodelikoaren arteko nahasketa da bat da.
  • Irailak 7. Ekhi Lambert Irulegiko konpositore eta kantautorea da. Influentzia desberdinak elkartuz, besteak beste, herrikoia; pop-a; musika inpresionista eta filmetako musika, interpretazio eta idazkera musikalaren norberaren ikusmoldea aldarrikatzen du Lambertek.
  • Irailak 8. Habia hirukotea. Ipar Euskal Herriko taldeak hiru ahots eta hiru hari elkartzen ditu, tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzeko.
  • Irailak 13. Maria eta Micu ahizpek osatutako Las Nietas del Charli taldea. Ahotsek eta gitarrak osatzen dute hauen musika.
  • Irailak 14. Erromintxelak taldea. 2021ean Arrasaten sortutako taldea. Euskaraz sortutako abestiak eta instrumentu akustikoak uztartuz, swing eta gipsy musika egiten dute.
  • Irailak 15. Karmento. Mantxako artista folklorikoa. Neofolklore espainiarraren izen garrantzitsuenetako bat da Karmento.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak