Berezia izan da hilabeteko hirugarren zapatuko azoka

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 22a, 16:49

Betiko gisara, hirugarren zapatuko azoka ospatu zuten hilaren 20an. Hala ere, berezia izan zen azoka hau, bertako janari eta produktuen ohiko eskaintzaz gain, emakume artisauen azoka ere egin zutelako. Emakume Txokoak martxoan antolatu zuen ekimena, baina eguraldi txarragatik bertan behera utzi behar izan zuten.

Hilabeteko hirugarren zapatuko azoka egin zuten hilaren 20an, baina azoka hau ezberdina izan zen gainerako hilabetekoekin alderatuta. Bertako janari eta produktuen azoka ez zen izan Seber Altuben egin zen bakarra, emakume artisauen azoka batu bai zitzaion, azoka osatuago bat eskainiz. Emakume Txokoa izan zen egitasmo honen antolatzailea. Martxoan ziren egitekoak, martxoak 8ko egitarauaren barruan, baina eguraldiak hala behartuta bertan behera utzi behar izan zuten. "Penagarria izan zen baina bertan behera utzi behar izan genuen urtero antolatzen dugun ekimen hau. Hilabetez hilabete egin ahal izateko tarte baten bila ibili gara", dio Esther Lizarraldek, Emakume Txokoko dinamizatzaileak.

Azoka aurrera ateratzeko gina eguraldi txarra baino indartsuagoa zenez, data berri baten bila hasi ziren Emakume Txokoko kideak. Azkenean, hilabete honetan egitekoak ziren bertako janari eta produktuen azokarekin egitea erabaki zuten. Eskuzabalik hartu zituzten azken azoka honen antolatzaileek. "Emakume Txokotik, martxokoa bertan behera utzi behar izan zutenez, gurera etorri dira. Gogo handiz hartu ditugu, bata bestearekin sinergiak sortzen direlako. Oraingoa azoka osatu bat izan da", adierazi du Nerea Lazpiurrek, Arrasateko Udaleko Toki Garapeneko teknikariak.

Hamabi artisau bertaratu ziren azokara, horietako zortzi arrasatearrak. Askotariko produktuak jarri zituzten salgai: kosmetika naturala, telaz egindako produktu ezberdinak eta bereziki bitxiak.

Bi azoka hauez gain, Ekoudalatxen eskutik, eguzkitako krema egiteko tailerra ere izan zen. Arrakasta handia izan zuen, plaza guztiak bete ziren. Gainera, tailerra bat zetorren emakume artisauen azokaren proposamenarekin: "Tailerra ematen dutenak, Ekoudalatxeko Nerea eta Idurre, bertakoak dira, tokiko produktua dute eta azokara ondo egokitutako emakumeak dira".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak