Ez da giro Udala auzoan

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko uzt. 22a, 16:02

Autoak bide bazterrean aparkatuta, Udala auzoan.

Bizilagunek gaur arratsaldean bozkatuko dute auzo-alkatea eta hiru batzarkideak hautatzeko sistema zein izango den aurrerantzean. Izan ere, hautatze sistemaren inguruan desadostasunak agertu ziren auzotarren artean eta, horregatik, bitartekaritza lanak egiteko ardura hartu zuen Arrasateko Udalak.

Joan den agintaldiaz geroztik, hainbat arazo sortu ditu auzo-alkatea eta hiru batzarkideak aukeratzeko sistemak, eta Udala bitartekaritza lanak egiten ari da.

Gaur 17:00etatik 19:00etara egingo duten bozketan aukeratuko dute, hain zuzen, hautatze sistema zein izango den eta, horren harira, bizilagun talde batek idatzi bat kaleratu du. "Botoa pertsonala eta besterenezina izango da. Nola bozkatuko dute arratsaldez lan egiten dutenek? Presentzialki joan ezin direnak zer? Helbururen bat izango duen zentzugabekeria bat azken finean".

Bizilagunek salatu dute azken agintalditik, hamahiru hilabete pasata, Udala auzoak gestio batzorderik gabe jarraitzen duela. "Hauteskunde prozesua 2023ko abenduan jarri zen martxan, gestio batzordea berritzeko asmoz. Herriko alkatetzak ordea, bere agintea ezarriz, hauteskunde prozesua bertan behera uztea erabaki zuen, martxan zegoen prozesuaren inguruan kexatzen zen salaketa bat jaso zutela argudiatuz", nabarmendu dute. "Aurreko legealdian ere salaketa beraren prozesua gertatu zen eta udaletxeko idazkaritzatik, hauteskunde prozesua egokia zela argudiatuz, itxi zuten kasua".

Hain zuzen, diote, azken dokumentu horretan oinarrituz hasi zutela hauteskunde prozesu berria, "gerora geldiarazi egin zutena", eta egoerari irtenbiderik eman ez izana leporatu diote Udal Gobernuari. "Udaleko idazkaritzak egokia zela esan zuena, badirudi orain ez dela horrela, egokia zer den ere ez dute esaten. Auzoari kontsentsua eskatzen zaio, baina gure proposamenak manipulatu egiten dira. Azkenean, hauteskunde prozesua, auzoarena ez den proposamen batekin jarri delako martxan".

Idatziari erantzunez, Udal Gobernuak dio bitartekaritza lanak egin behar izan dituela auzotarren artean, haien arteko desadostasunak direla eta. "Bitartekaritza horren emaitza da gaur aukeratuko duten bozketa sistema, auzoan erroldatuta dagoen bizilagun bakoitzak boto bat emateko aukera izango duelarik. Bozkatuko den proposamena auzoan adostutakoa izan da, udaletxeko idazkaritzaren oniritzi juridikoari egokituta, legeak hala behartuta. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek bat egin dute emandako urratsekin".

Auto-masifikazioa, arazo iturri

Era berean, "auzoko data kritikoenak" iritsi direla ere salatu dute bizilagunek. "Denok ezagutzen dugu Udala auzoa, baita ere, udan baserrietako sarrerak eta bertako ohiko lanak egitea oztopatzen dituzten hainbeste autorekin eta gertatzen dena; larrialdi egoera bat gertatzen bada, gertatu litekeena ere ahaztu gabe".

Egoera "krispazio handia" eragiten ari dela gehitu dute, auzotarren eta bisitarien artean, bereziki. "Udaletxearen partetik, berriz, pasibotasun harrigarria, ez dituelako bermatzen arauak betetzea eta auzotarren eskubideak. Udal honen jarreraren eta interes ezkutuen inguruko duda asko ditugu, gure pazientzia eta krispazioa mugara eramaten ari dira. Horregatik, premiaz eskatzen diogu Arrasateko Udalari, gatazka hau konpontzeko neurriak hartzea".

Gobernuak dio konprometituta dagoela auzoekin

Udal Gobernuak erantzun du hainbat bilera egin dituztela bizilagunekin, landa-eremuko erronkak, arazoak eta hobetu beharrekoak zeintzuk diren jakiteko eta "urte luzez egin ez diren politikak egiteko asmoa eta borondate osoa" agertu du horretarako.

Auto-masifikazioaren "arazo larriari" aurre egiteko, autobus zerbitzua martxan jarri duela azaldu du Gobernuak: "Aurten, uda garaiko autobus zerbitzua proiektu pilotu bezala jarri da. Erantzun positiboa izaten badu, datozen urteetan uda osora zabaltzeko asmoa agertu du Arrasateko Udalak". Horren harira,  herritarrei gogorarazi die autobus zerbitzua ostiraletik igandera martxan dagoela abuztuaren 4ra arte. "Auzoan izaten diren auto pilaketak ekiditeko, autoa herrian utzi eta autobusez igotzera animatu gura ditugu herritarrak".

Amaitzeko, Arrasateko Udalaren izenean lanean aritu diren teknikari, udal langile eta politikarien "asmo ona eta gardentasun osoa" goraipatu ditu Gobernuak. "Gure helburua uneoro Udala auzoaren hobe beharrez aritzea izaten ari da, eskaerak entzunez eta hauei konponbideak bilatuz. Arazo batzuk urte luzez erantzun gabe egon dira, eta gu konponbideak aztertu eta eskaintzen ari gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak