Osakidetzan baliabide gehiago jartzea eskatuko dio Arrasateko Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, udalbatzak hala onartuta. EH Bilduk aurkeztu du mozioa, Osakidetzaren egoera urtetik urtera larriagotzen doala adieraziz eta erakundeak pairatzen duen "profesional gabezia" salatuz. Mozioak hainbat eskaera jasotzen ditu, besteak beste, Osakidetzak "kalitatezko arreta" ziurtatzeko "beharrezkoak" diren espezialitate eta kategoria guztietako osasun profesionalak ezar ditzala eta Debagoieneko Osasun Mentaleko anbulatorioan bete ditzala premiaz hutsik dauden psikiatra eta psikologo lanpostuak.
Jeltzaleen bozeramaile Ander Garay izan da berba hartzen lehena, haien aurkako botoa argudiatzeko: "Ez gatoz bat, ez edukiarekin eta ezta lortu gura den helburuarekin ere. Osakidetzaren aurrekontuak hazkundea izan du eta lantaldea egonkortzeko lanean ari da, baina profesional gabezia dago, hori errealitate bat da. Kontziente gara Osakidetzak hobekuntzak behar dituela, etengabekoak, baina Jaurlaritza horretan lanean ari da. Gainera, eskumen guztiak ez ditu Jaurlaritzak, horietako batzuk Espainiarenak dira, eta mozioan bakarrik bide bat seinalatzen da".
Sozialistek ere ezezko botoa eman dute, eta Aritz Murua zinegotziak zera esan du: "Profesional gabezia Espainia osoan dagoen arazoa da, ez bakarrik Osakidetzan. Hori konpontzeko, ezinbestekoa da unibertsitateak, ospitaleak, sindikatuak eta instituzio publikoak elkarlanean aritzea, goi mailako koordinazio batean".
EH Bilduren bozeramaile Kepa Urteagak erantzun die esanez ardurak beste batzuen teilatuan jartzea ez dela bidea. "Osakidetzak bizi duen egoera larria da. Horregatik, eskaera hauek Rebeka Uberak EH Bilduren izenean sartu zuen Legebiltzarrean eta guk berretsi egiten ditugu. Arrasaten, esaterako, osasun mentaleko zentroan psikiatra lau orduz dago aste osoan. Debagoieneko Ospitaleak ez ditu bermatzen herritarren behar guztiak eta hori hobetzeko borrokatzen jarraituko dugu".
Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek, azkenik, eskerrak eman dizkio EH Bilduri, mozioa aurkeztu izanagatik. "Osakidetzaren gainbehera izugarria da eta nabaritu egiten da; ezin da beste aldera begiratu. Eraikin berrien lehen harria jartzeko denok gaude baina badirudi zerbitzuaren duintasuna defendatzeko ez gaudela denok".
Asier Murguzurren agurra
Bestalde, Asier Murguzurrek uko egin dio zinegotzi karguari. "Urte gogorra izan da eta erabakia ez da erraza izan. Lantalde osoari eskerrak eman gura dizkiot, laguntzarengatik eta erakutsitako eskuzabaltasunagatik. Babes handia jaso dut zuengatik. Esker bereziak Mikel San Miguelentzat, itzalean nire ordez lanean ibili baita", azaldu du.
Maider Morras alkateak ere eskerrak eman dizkio bueltan. "Badakigu herrigintzan jarraituko duzula lanean". Azkenik, Edurne Unamuno jeltzaleak hartu zuen berba: "Eskerrik asko zurekin egin dudan lanagatik. Plazer handia izan da zu ezagutzea".
Murgur ordezkatzeko, EH Bilduk Eñaut Arriaran proposatu du. Karmele Irazabal izan zen hautagaien zerrendan hurrengoa iazko hauteskundeetan, baina hark ere uko egin dio zinegotzi izateari eta, beraz, Arriaran proposatu dute. Hala, EH Bilduk irailean baieztatuko du eta, ondo bidean, urriaren 1eko osoko bilkuran hartuko du zinegotzi kargua.