Andaluziarren topaleku izan da Arruena parkea

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 15a, 16:35

Normalean baino aste bat beranduago izan arren, hogeita hamabigarrenez Errozio eguna ospatu zuten zapatuan, Arrasaten. Euskal Autonomia Erkidegoko andaluziarren topaleku izan zen Arruena parkea eta osotara zortzi Andaluziako kultur elkarte bildu ziren bertan.

Al-Andalus elkarteak antolatuta, Errozio eguna ospatu zuten 32.enez Arrasaten. Salvador Delgadok, Al-Andalus elkarteko presidenteak adierazitakoaren arabera, 8 Andaluziako kultur elkarte bildu ziren Arrasaten, guztira 350 pertsona inguru. Mondra&Roll jaialdiaren eraginez egitaraua astebete atzeratu beharra izan zuten, eta honek zenbait zailtasun eragin zizkiela adierazi zuen Delgadok: "Oso zaila egin zaigu mezan kantatuko duen rociero abesbatza bat aurkitzea eta etortzekoak ziren kultur elkarte asko, uztailaren 14a izanda oporretan joanak direnez, ez dira etorri". Hala ere, zailtasunak zailtasun, egitaraua aurrera ateratzea lortu zuten eta eguna espero zutena baino "askoz hobeto" irten zen.

Eguna hasteko harrera-ekitaldi bat eta gosaria egin zuten, 10:00etan hasita. 11:00etan salbe errozieroa kantatu zuen Errenteriako Concha Rociera abesbatzak, Al-Andalusen egoitzan. Honen ostean Errozioko ama birjina Santa Teresa elizara eraman zuten, eta bertan, meza egitearekin batera hainbat eskaintza egin zizkioten. Bazkaltzeko, Arruena parkera joan ziren, erromeria giroan. Amaitzeko, 19:00etan, Blanca Paloma agurtu zuten eta erromeria bukatu.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren andaluziarrentzat garrantzitsua izaten da Errozio egunaren ospakizun hau, beraien sustraiekin konektatzeko balio dielako, eta bertako kultura euskal herritarrekin partekatzeko balio. Egunean zehar, ohikoak izan ziren andaluziar kultura osatzen duten elementu ezberdinak: janaria, arropak, musika, dantzak etab. Parte hartzailetako asko urtero joaten direnetakoak dira, eta eguna familia eta lagunekin egoteko baliatzen dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak