Hirekin zentroa inauguratu dute, "berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarria" helburu

Txomin Madina Milikua 2024ko uzt. 15a, 15:17

Hiru enpresa proiektu daude aurreikusita 2024-2025 ikasturterako Arrasateko zentro berrian, eta, besteak beste, horren berri eman dute gaur eginiko inaugurazioan. Tartean izan da Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.

Enpresaren eta ekonomiaren arloko zein erakundeetako ordezkaritza zabala batu da gaur goizean Arrasaten, berrikuntza eta ekintzailetza industrial jasangarriko Hirekin zentroaren inaugurazioa egin baitute. Horien artean, Debagoienean lehen agerraldi ofiziala egin duen Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Juan Ignacio Perez, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburua.

Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoa du buru Hirekin-ek, eta bertako koordinatzaile nagusi Carlos Garciak azaldu duenez, "erreferentziazko zentro bihurtu nahi du enpresa industria eta teknologia arloko berrikuntza eta ekintzailetza proiektu jasangarriak asmatzen eta garatzen laguntzeko". Gaineratu du "askotariko eragileen bultzada" jaso dutela, eta bertan hiru proiektu mota kokatzea espero dutela: "Nagusiki enpresen dibertsifikazioko proiektuak, barne ekintzailetzako proiektuak, prozesu berritzaileak, prototipoak, preindustrializazioko baliozkotzeak...; bestetik, gure ikerketako emaitzen balioztapenetatik, enpresa berriak; eta bukatzeko, gure ikasle eta ikasle ohien artean kultura ekintzailea sustatzeko ekimenetatik ateratako proiektuak".

Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxak, bestalde, eskerrak eman dizkie Hirekin proiektua errealitate bihurtzeko laguntza eskaini duten enpresei eta erakunde publikoei, eta zentroak aurrera begira egingo duen ekarpena nabarmendu du: "Lantegi pabiloi huts batetik jaio bazen Mondragon Unibertsitatearen zati handi bat, ziur nago Hirekin-etik makina bat enpresa garatuko ditugula balio erantsi handiko enplegua eta industria iraunkorrak sortzeko, are gehiago inguratzen gaituen ekosistema kontuan hartzen badugu: unibertsitateko ikasle gazteak, zentro teknologikoa, ikerketa eta garapeneko enpresa unitateak eta promozio zentroak".

Pradalesen hitza

Pradalesek, bere aldetik, nabarmendu du "hoberena izateak etengabeko berrikuntzaren aldeko apustua egitea" eskatzen duela, eta Hirekin-ek hori guztia "ezin hobeto" ordezkatzen duela, azpimarra bertan garatutako ekintzailetza industrialean jarriz. "MUk ekintzailetza industriala, eta hemen dago gakoa: industriala eta teknologikoa indartzeko egindako apustuaren aparteko emaitza da. Ekintzailetza industriala ez da bide erraza izango, baina guztiz beharrezkoa izango da. Aberastasuna sortu behar dugu gizarte kohesioan aurrera egiteko; horregatik, ekintzailetzarako eta inbertsiorako baldintza egokiak sortzen asmatu beharko dugu. Hirekin ekimenari esker hori egiten gaudela argi dago".

Bederatzi milioiko inbertsioa izan duen Hirekin zentroak 6.000 metro koadro ditu, eta hasiera batean 25 eta 40 pertsona artean arituko dira bertan. Hiru enpresa proiektu daude aurreikusita 2024-2025 ikasturterako, eta aurreikuspena da hemendik lau urtera 36 proiektu, 54 ekintzaile eta 67 ikasle igarotzea bertatik.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak